Lasterka egiten den mozorro festa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 26a, 01:00

San Silbestreren atarian Xuban Ezeiza lasterketaren antolatzaileetakoari elkarrizketa. Ikusmina badagoela eta, pozarren dago: "Herrikideak ilusioz ikusteak asko pozten gaitu. Lana egin beharko dugu dena txukun ateratzeko, baina ikusmin hori motibagarria da guretzat".

Elkarrizketa:

Urnietar askorengan gogoa nabarituko zenuten honezkero, herritarrak galdezka zebiltzalako: Aurten nondik nora egingo dute Urtezaharreko lasterketa?
Xuban Ezeiza.
Halaxe da, urteen poderioz ohitura sortu dugu herrian eta dagoeneko urnietar batzuk urduritzen hasita zeuden. Gure herrian hutsune hori bazegoen eta horregatik lasterketa martxan jartzea erabaki genuen. Jasotako erantzuna harrigarria izan zen, parte hartze handiarekin burutu baitira edizio guztiak. Herrian geroz eta korrikalari gehiago ikusten dugu etalasterketaren atarian ilusio handia nabaritzen dugu.

Ikusmin hori egotea seinale ona da, bestalde…
XE.
Oso ona da, eta guretzat pozgarria. Gauzak ondo egin diren ondorio da. Herrikideak ilusioz ikusteak asko pozten gaitu. Lana egin beharko dugu dena txukun ateratzeko, baina ikusmin hori motibagarria da guretzat.

Izaera solidarioa izaten jarraituko du, gainera, aurtengo lasterketak…
XE.
Iaz Super H taldearen alde aritu ginen lanean, eta aurten Pausokaren alde izango da. Dortsaletan Pausokaren logoa aterako da, eta eurekin bat egiteko modu aproposena iruditu zaigu. Pausokaren egitasmoa txalogarria da, eta jaietan haien aldetik laguntza jaso izan dugu. Bidezkoa iruditu zaigu Urnietan egoitza zabaldu duten honetan haien aldeko keinua izatea.

Nolakoa izango da lasterketa?
XE.
Ez dugu aldaketarik egiteko asmorik eta lehenik haurrei lasterka aritzeko aukera emango diogu. Eta ondoren iritsiko da helduen mailako lasterketa. Ibilbidea iazko berdina izango da, eta urnietarrek parte hartzea nahiko genuke.

Parte hartze handia espero al duzue?
XE.
Aurreko urteen ildotik joango dela uste dugu. Lasterketa parte hartzailea izango da, beste herrietan bezala Urnietan ere korrikalarien igoera nabarmena izan baita azken urteetan. Motibazio handia ikusten ari gara, kalean egun hauetan dagoeneko nabaritzen da lasterkari kopuru handiagoa. Izan ere, batzuk lasterka hasteko horrelako probak baliatzen baitituzte.

Mozorrotuta imaginatzen zaitugu, ezin beste modu batera!
XE.
Kar, kar. Ateratzen banaiz ia ziurra da mozorrotuta aterako naizela. Ospakizun modukoa da abenduaren 31koa, eta mozorrotuta ateratzeak beste xarma bat ematen dio lasterketari. Partaide guztiak mozorrotuta ateratzera gonbidatuko nituzke. Ea denon artean lasterketa alaia antolatzea lortzen dugun!
Lasterketa doakoa da, gainera. Parte hartzaileek ez dute ordaindu behar izango.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!