Arte eta moda txoko berria Andoaingo Kaleberrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 23a, 01:00

Marmar pop-up bazar moduko merkatua ireki dute Olatz eta Aizpea Esnalek Kaleberrian, Gabonetarako. Urtarrilaren 7a arte egongo da zabalik eta bertan kulturarekin, artearekin eta modarekin loturako produktuak salgai ipiniko dituzte. Diseinatzaile eta ilustratzaile gazteen lanei toki bat egiteko sortu dute Marmar proiektu berritzailea.

Marmar proiektuaren atzean Esnal ahizpak eta Ricardo Félix Virto daude. Andoaingo eta Bartzelonako gazteen lanak jarri dituzte eskuragarri Kaleberriko 48. zenbakian: Letitare, Urtzi Alkain, Pau Esteve eta The Juno Design-en arropa, Enblanco studio eta Letitareren ilustrazioak, Ant kolektiboaren edizioak, Bidehuts-eko talde ezberdinen disko eta biniloak, kafea eta infusioak… 
Oro har, bertako produktuak eta gazteen eskutik eginikoak jarri dituzte herritarren eskura. “Andoaingo artistez gain kanpotarrak ere badaude tartean, baina guztiak dira gazteak”, diote. 40 urteko kafe makina zahar bat ere badaukate, izan ere, birziklapenaren bidea ere landu nahi dute. “Betidanik egon gara kulturarekin lotutako zerbait egin nahian”, azaldu du Olatzek. Hala, auzoa biziberritzea da beraien helburua; izan ere, Kale Nagusia, Kaleberria eta Zumea ingurua “hilda” sumatzen dituzte. 

Kulturgune bat auzoa biziberritzeko
Gabonetako denda honen atzean, ordea, beste egitasmo handiago bat dago. Izan ere, pop-up bazar honen aurretik, kulturgune-taberna bat irekitzeko asmotan egon dira Esnal ahizpak. Kooperatiba txiki bat sortzeko asmotan dabiltza, herriko kulturari eta arteari bide alternatiboa emateko.  Hori horrela, zerbait ezberdina eskaini nahian, agenda kultural bat duen taberna irekitzeko proiektua dute eskuartean: “Tailerrak, irakurketa klubak, kontzertu akustikoak…, eskaini nahi ditugu”. Ekitaldi ugari egiten da herrian, baina zerbait alternatiboagoa egin nahi dugu”.  
Horren alde lanean dabiltza aspaldidanik. 2016an zehar irekitzea espero zuten, baina asmo hori atzeratuta, denda berezi hau ireki dute Gabonetarako: “Proiektu handi hori atzeratzen joan da eta hori sortzeko bidean jaio da oraingo egitasmo txikia”, adierazi du Aizpeak. 

Marmarrean
Gabonetako egitasmo honek beraien izena zabaltzeko balioko duela uste dute. “Marmar” izen egokia iruditu zitzaien bi ahizpei proiektu honetarako: “Amonak beti esaten zigun marmarrean egoten ginela, eta hortik dator izena. Polita iruditu zitzaigun eta irudi bezala ere ondo funtzionatu du”, azpimarratu dute. 
Instagrama eta web orrialdea egin dituzte beraien proiektua ezagutzera emateko.  

Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera: 16:00-20:00.
Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:00-20:00.
Produktu sorta
•    Diseinatzaile gazteen arropa: Letitare, Urtzi Alkain, Pau Esteve eta The Juno Design.
Ilustrazioak: Enblanco studio eta Letitare.
•     Ant kolektiboaren edizio ezberdinak.
•     Haurrentzako tatuatzeko egurrezko pistolak (jostailuzkoak, eskuz eginak) eta kalkamoniak.
•     Marmar boltsoak.
•     Bidehuts zigiluaren CD eta biniloak.
•     Kokoshka taldearen biniloak.
•     Viña Zorzal ardoa.
•     Kafea eta infusioak (eramateko). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!