Eskualdeko egoera aztergai “Ekonomia Gurean” solasaldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 22a, 01:00

Astearte goizean Basteron ekonomiari buruzko mahai-ingurua izan zen, eskualdeko egoera ardatz hartuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, Tokikomek, Beterri-Buruntzako hedabideek eta Aiurrik elkarlanean “Ekonomia Gurean” saioa antolatu zuten Andoaingo Basteron. 

[Argazkiak]

Kronika:

Berrogeita hamar lagunetik gora bildu zen ekitaldira, eta horien artean izan ziren Ana Carrere Andoaingo alkatea, Jon Zulueta Sustapen ekonomiko, Enplegu eta Gazteria lansaileko zinegotzia edota La Salle Berrozpe ikastetxeko Lanbide Heziketako Administrazioa eta Finantzak zikloko ikasle talde bat.

Bertaratu ez zirenek zuzenean internet bidez jarraitu ahal izan zuten saioa. Izan ere, solasaldiak telebista platoan egiten dira tokiko telebista eta internet plataforma ezberdinetan eskaintzeko. Aurtengoa solasaldiak martxan jartzen diren lehen urtea izan da, eta Andoaingoa hirugarren saioa izan da. Aurretik solasaldi bana egin dira, Bergaran eta Zarautzen hurrenez hurren.
Eskualdeko ekonomiaren sektore eta datuen adierazleak, eskualdeak dituen indarguneak eta ahulguneak, nazioartekotzea, sagardogileen industria, etorkizunerako erronkak, garapen agentziak ekonomia suspertzeko izan dezakeen garrantzia..., ordubeteko solasaldi atsegina eta arina izan zen.

Urko Aristi telebista aurkezle ezagunak bideratu zuen mahai-ingurua. Beterri-Buruntzako argazkia edo erradiografia egin nahian agertu zen Andoaingo Basterora: “Hitz potoloak alde batera utzi, eta era ulergarrian gure ekonomia zertan den islatzeko asmoz etorri gara. Eta horretarako hiru gonbidatu ditut alboan, eta hirurak emakumeak. Txalotzekoa dela iruditzen zait”.
Basteron ziren ikusleek txalo egin zuten, Aristirekin bat eginez. Hauexek izan ziren alboan izan zituen solaskideak: Miren Estensoro Orkestra lehiakortasun institutuko ikertzailea, Arantxa Eguzkitza Hernaniko Iparragirre sagardotegikoa, eta Nerea Yurrebaso Andoaingo Udal teknikaria, Beterri Buruntzako enpresa munduari lotuta lanean dabilena.

Lehiakortasuna
Miren Estensorok, lehiakortasunaren ikuspegitik, eskualdea erdibideko mailan ipini zuen. Eta horretarako hainbat datu erabili zituen. Besteak beste, barne produktu gordina edota langabezia tasa: “Eskualdea, 70.000 biztanlerekin, erdibideko lehiakortasun maila dago Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuta. Ezaugarri nagusia dibertsifikazioa da; ez dago sektore espezializazio bat. Historian zehar moldatzeko gaitasuna erakutsi duen eskualdea da. Industria eta zerbitzuak dira nagusi, baina lehen sektorean datu aipagarri batzuk badaude. Esaterako, sagardogintza.
Zerbitzuetan, teknologia maila ez da oso altua, teknologia aurreratuak Donostian kokatzen baitira gehiago. 
Eskualdean lanbide heziketa puntakoa da, eta horren balioa azpimarragarria da. Etorkizunean lanbide heziketako formakuntza duten langileak giltzarri izango dira”. Azken datu hori balioan jarri beharra azpimarratu zuen. 

Sagardogintza
Arantxa Eguzkitzak, ezer baino lehen, bere sektoreari buruzko datu potoloak aipatu zituen: “Euskal Herrian 70 sagardotegi egongo dira, horietatik bailaran 40 gara. Ez bakarrik kopuruan, ekoizpenean portzentaia handiagoa da. Txotxak 800.000 pertsona mugitzen ditu urteko”. Mugimendu handia dagoela esanez jarraitu zuen, sagarra eta sagardoaz gain: “Etxea igeltseroz, linterneroz beteta dugu. Sagardoan asko inbertitzen da, izakeragatik beti inbertitzen ari gara. Inbertsio handiak behar dira etengabe berritzeko. Sektore bizia gara, gehienok baserritarrak, eta gure baitan bi izakera uztartzen dira: Alde batetik oso tradizionalak gara, eta bestetik oso modernoak. Horregatik uste dut beti mugimenduan gaudela. Sagardoa gure herriari errotuta dago. Erromatarrek dagoeneko sagardoa aipatzen zuten. Historian zehar, belaunaldiz belaunaldi, egokitzen jakin dugu”. 
Ikerkuntzaren beharra azpimarratu zuen, aditu diren inguruko enpresa, ikastetxe eta erakundeekin elkarlan sendoan.

Enpresa mundua
Garapen agentziak bere izaera lortu bitartean, Nerea Yurrebaso Andoaingo Udal teknikaria langintza horretan dabil: Eskualdeko enpresen egoera aztertzen eta, ahal dela, irtenbideak eskaintzen. Honako erradiografia egin zuen: “Gure eskualdean espezializazioa ez dago oso sakonduta. Metala, energia, petrokimika edo plastikoa... denetik dugu. Ez da tamainan sektore handia, eta hori, adibidez, nazioartekotzera begira eragozpena da.
Gure enpresak aztertu eta etorkizunera begira jartzea da udal zerbitzutik egiten duguna. Digitalizazio prozesuan edota 4.0 teknologian gabeziak ditugu, etorkizuneko metalgintza eta manufaktura eredu berria garatzen hasteko. Ondarea, kultura, industria, turismoa..., eskualdean sektore horiek aurki daitezke eta, esaterako, kulturgintzan edota sagardogintzan indartsu gaude”.

ERRONKAK
Aristik eskualdeak dituen erronka nagusiez galdera egin zien solasaldiaren amaieran. Estensorok tokiko ekonomia politikak garatzea defendatu zuen, “besteek ez baitute guregatik egingo”. Eta garapen agentziaren beharra azpimarratu zuen. Eguzkitzak sagardoa kanpoan saltzea beharrezko dela aipatzearekin batera, jatorri izendapena lortzea garrantzitsutzat jo zuen. Yurrebasok biekin bat egin zuen, berrikuntza soziala eta teknologikoa azpimarratuz: “Zer egin bezain garrantzitsua da nola egin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!