“Ekonomia gurean” solasaldia Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 19a, 01:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, Tokikomek eta Aiurrik elkarlanean Ekonomia Gurean saioaren hirugarren atala grabatuko dute Andoaingo Basteron, asteartean 10:30ean hasita. Urko Aristi kazetari ezagunak zuzenduta, gaur egungo egoera ekonomikoaz eta etorkizunaz jardungo dute. Ekitaldia irekia da.

Bertaratu ezin duenak internet bidez emisioa zuzenean jarraitu ahal izango du Aiurri.eus webgunean.

Urrian Ekonomia Gurean telebista saioaren lehen atala Bergaran grabatu zuten, eta bigarrena azaroan Zarautzen. Andoaingo saioan, Beterri-Buruntza ardatz hartuta, ekonomiaren gaur eguneko argazkia eta etorkizuneko erronkak izan dituzte aztergai. Bereziki hizpide izango dituzte honako kontzeptuak; berrikuntza, nazioartekotzea, lehiakortasuna, dibertsifikazioa, prestakuntza eta kualifikazioa, lankidetza edota politika publiko egokiak... 

Hirugarren saioa Andoainen
Larramendi Bazkunaren eta Andoaingo Udalaren lankidetzarekin, Aiurri astekariak hirugarren saioa antolatuko du. Astekariarekin batera elkarlanean aritu dira eskualdeko hedabideak, hots, Hernaniko Kronika, Usurbilgo Noaua! eta Lasarte-Oriako Txintxarri. Tokikom euskarazko hedabideen federazioaren aterkipean, ekonomia saioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egiten da.
Basterokoan Beterri-Buruntzako errealitatearen protagonista diren eragileek parte hartuko dute. Horretarako, hizketaldian hizlari izango dituzte tokiko garapena eta ekonomian aditua den Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ordezkari bat eta Beterri-Buruntzako ekonomia gertutik ezagutzen duten bi gonbidatu: Mendi Group enpresako Ibon Lete eta sagardo ekoizleen mundua gertutik ezagutzen duen ordezkari 
bat. 
Ekitaldia irekia da, goizeko 10:30ean hasi eta 11:30ean amaituko dena. Sarrera doakoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!