Emakumeak eta kartzela gaia abiapuntu hartuta, Nekane Txapartegiren egoera azalduz, hitzaldia eskaini zuten Joseba Txapartegik eta Mikel Egibarren larunbat eguerdian. Zurichko kartzelan aurkitzen da asteasuarra uneotan, bere herritik milaka kilometrora, estradizioaren erantzunaren zain. Arratsaldean, 'Emakumea, migrantea eta presoa' hitzaldia izan zen, Katia Reimbergen eskutik eta Oihana Etxebarrieta eta Elena Beloki Resak gidatutako 'Emakumeak eta kartzela: kartzela eredu patriarkala aztergai' mahai-inguruarekin amaitu ziren egun osoko saioak. Iluntzean Nekane Txapartegi askatzeko eskatuz, manifestazioa egin zuten Asteasuko kaleetan barrena.