Gabonetako oparien errituala belaunaldiz belaunaldi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 19a, 01:00

Luisa, Pilar, Iyuya eta Manex, familia bereko lau belaunaldi dira. Modu ezberdinean bizi dituzte Gabonak, baina guztiek itxaroten dute opariren bat. San Esteban etxeko Lopez de Munain Txapartegi familian ere antzematen da Gabonetako oparien errituala aldatuz joan dela belaunaldiz belaunaldi.

Luisa Ezenarrok, besterik ez zegoela eta, janaria utz ziezaioten eskatzen zien Errege Magoei ume zenean. Zapatak ondo garbituta oheratzen zen eta beti iristen zitzaien zer edo zer, “laranjak eta polboroiak eskatzen genituen anai-arrebok eta ekarri ere egiten zizkiguten. Jostailurik ez, mutilak bezala jolasten ginen gu: korrika edo pilotan”, adierazi du. Haurtzaroko Gabonak Ibarrako jaiotetxean, familiartean gogoratzen ditu. “Gramofono bat genuen etxean eta musika jartzen genuen. Hara biltzen ziren bizilagunak ere. Aitak sagardoa egiten zuen eta barrika bat gordetzen zuen Gabonetarako. Txanpaina balitz bezala edaten genuen”. Biharamunean mezetara joaten ziren goizeko 06:30etarako eta itzuleran txokolate beroa prestatzen zien amak.
Villabonara ezkondu zenean, senarrak Erregetarako egin zion oparia aipatu du, “inork ikusi gabeko oparia egingo zidala eta ohe gainean aurkitu nuen paperean bilduta: txindatak jotzen zituen tximinoa”.

Herriko jostailuak
Pilar Goya Ezenarro alabak, umetan diaboloa edota patinak jaso izan zituen urtarrilaren 6an. Gogoko jostailuez gain, urtero uzten zien eskolan edota etxean erabiltzeko opariren bat ere. “Villabonako Galerias Maria Jesus denda zaharreko eskaparatetik aukeratzen genuen jostailua. Eskatutakoa ekarri egiten ziguten normalean. Kanguro izeneko oparia ekarri zidaten behin, gainean jarri eta saltoka ibiltzeko”, azaldu du. Eskolan idazten zuten gutuna eta Galerias Maria Jesus dendaren kanpoan jarri ohi zuten erregearen irudian sartzen zuten. “Galeriasen ez ezik, Gurrutxagarenean ere jartzen zituzten jostailuak eta bi denden artean konpontzen ginen. Ez ginen Donostiara joaten”, jakinarazi du.Ondo oroitzen du 16 urte zituela idazteko makina ekarri ziotela, mekanografia ikasteko. Bere amaren garaian bezala, etxean bakarrik ekartzen zizkioten opariak eta Erregetan beti. “Aita oso umoretsua genuen eta urtero eskatzen zuen espero gabeko detaile bereziren bat: ikatza, kafea, gatza, ontziak garbitzeko xaboia…, bromaren bat egiteko”. Erregetarako ilusio handia izan dute etxean beti eta, euren mahaian, ez da sekula Errege opilik falta izan urtarrilaren 6an gosaltzeko.

Erregetatik Olentzerogana
Erregeak beharrean Olentzero iritsi izan da Iyuya Urrutia Goyaren etxera. Frankismoaren ondoren zabaldu zen egun errotuta dagoen ohitura eta aldaketa gai tentso moduan oroitzen du Iyuyak.Gutuna idatzi ohi zion Olentzerori eta urduritasunez, oparien zain egoten zen ume guztiak bezala. Urte batean, Olentzero etorri aurretik etxeko kristal guztiak garbitu zituela gogoan du. “Kale Berriko parke zaharrean ontzi txikiekin jolastea gustatzen zitzaidan, belar puskak eta harriak sartuz. Gure jokorik gogokoena zen. Egun ez dut halakorik ikusten”, dio penaz. Patinetea, puzzleak, ajedreza edota bizikleta ekarri zizkion Olentzerok, baina ez zitzaion sekula gutunean eskatzen zion Barbie panpina iritsi. “Amonaren edota izebaren etxean Erregeek jarraitu zuten etortzen eta gogoan dut izebaren etxean panpina ilegorria ekarri zidatela behin, baina Barbierik sekula ez”.

Mazapanetatik mugikorretara
{{IMG-36744}}
Lopez de Munain Txapartegi familiako zenbait kide, atzoko eta gaurko jostailuak eskuetan dituztela.

Mazapanak eta antzeko litxarreriak festaren erdigunean egotetik, tokia utzi die jostailuei eta goi teknologiako gailuei. Aiton-amonak izan dira lehenbizikoak oroitzapenetan murgiltzen. Juanek dionez, “gure garaian Errege Magoak ziren zerbait ekartzeko enkargatuak; geroko kontuak dira gutunak idaztea eta horrelakoak. Baina haiek plastikoaren eta kontsumismoaren kultura usaindu ere egiten ez zen sasoia bizi izan zuten, eta ez zuten edukiko aukera handirik! Nik jostailurik apenas daukadan gogoan, ez bada ahoko soinuren bat-edo. Normalean premiazko prendak edukitzen genituen oparitzat, oinetakoak, alkandoraren bat… Horien ondoan sugeen formako mazapanak, goxokiak eta txokolateak etortzen zitzaizkigun. Jakien kultura hori goseagatik baino, aspaldiko ohituragatik zen”.
Aizarnan jaio eta bertan hamaika senideren ondoan hezi zen Karmen Txapartegik ez zuen jostailurik ezagutu etxean. “Ni, aldameneko etxeko neskak edukitzen zuen panpinarekin gogoratzen naiz. Senarraren moduan, guretzat ere zilarrezko paperean bildutako txokolatinak eta antzekoak besterik ez zen izaten”. Erregeek zer ekarriko zer ez, ezjakintasun hori baino, sortzen zen ilusioa azpimarratu nahi izan du Karmenek: “Gure etxetik zaldia eramaten zuten erregetza egiteko Zestoara, eta hurrengo egunean, ahizpa zaharragoek esaten zidaten: ‘egon hadi zaldiaren zain, ekarriko din-eta erregalua’. Zaldia ailegatu arte, etxean egoten nintzen leihorik ireki gabe. Halako batean ahizpek leihoaren kanpoaldetik goxoki edo txokolatinaren bat zintzilika jartzen zuten, eta nik tranpa hura dena sinetsi!”.

Bigarren belaunaldiarekin, aldaketak
Aiton-amona horien ustez, beren ondorengo belaunaldiarekin hasi ziren aldatzen errotik Gabon ohiturak. Olentzeroren figurarekin hasita, Karmenen iritziz: “Ikazkin mozkortia zen Olentzero guretzat, eta opari-emaile gisa onartzea kosta egin zitzaigun arren, azkenean amore eman genuen gure seme-alabak koskortu ahala”. Mazapanen eta txokolatinen gutiziak baztertu, eta opariak nagusiki objektu fisikoak, jostailuak izatea, horixe izan zen bigarren aldaketa.
Jon eta Estebe hasi dira izendatzen jostailu horietako zenbait: “Guk batere eskatzen ez genituen arropen ondoan, modu askotako jostailuak topatzen genituen, ilusio piztaileak: margotzeko liburuak, puzzleak, monopoliaren antzeko jokoak, Tentea…”. Nolanahi ere, Jonek urte bat dauka gordea bereziki oroitzapenean: “Estebek eta biok bizikleta bana jaso genuen oparitzat”. Esteberi, berriz, auto tele-gidatu batek eragin izan zion munduko umerik zoriontsuena sentitzea.
Familian hirugarren belaunaldikoak diren Maialen (12 urte), Iñaki (10) eta Aimar (2) lehengusuen opariak zeintzuk diren ikusita, gauzak ez dira hainbeste aldatu umeen lehenbiziko urteetan. Iñakik eskabadorak eta esku pilotak eskatzen zituen txikitan; Aimar ere ez dabil oso urrun jostailu horietatik, nahiz eta oraintxe begiz jota eduki Patrulla canina marrazki bizidunetako panpintxoak. Maialenek eta Iñakik atzean utzi dute jostailu tradizional horiek edukitzeko adina, eta punta-puntako teknologiekin (Wii-a, nintendoak, mugikorrak…) dabiltza zoratuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!