Eguberrietako hitzorduak Andoainen eta Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 16a, 01:00

Eguberrien atarikoa, asteburu honetan hasita:

Andoaingo Udalak “Andoain Bizi!” egitasmoa aurkeztu berri du, zeinean hamaika hitzordu iragarri dituen. Eguberriei loturiko ekitaldiak, nagusiki, baina baita Eguberrien bueltan arrakasta handirarekin antolatzen diren IkusZirkus zirko zikloa edota Gazte Astea ere. Egun hauetan, gainera, “Pixi post” euskarazko filmaren estreinaldia Andoainen bertan egingo dela jakin da. Eguberrietarako haur filmaren aurkezpena izango da. Ekoizpena, gainera, Andoainen bertan egin da Somuga enpresaren eskutik.

Urnietako Eguberrietako egitaraua ere ekitaldiz beterik dator. Igande honetan “Albert” filma eskainiko dute Saroben, eta datorren astean zehar Lourdes Iriondo musika eskolako ikasleek kontzertu bereziak eskainiko dituzte.
Datorren asteazkenean, San Juan plazan Santomas eguna ospatuko du Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak. Jaia geroz eta urnietar gehiagoren bilgune bilakatzen ari da.
Abenduaren 24an kantuan atera nahi duenak, aldez aurretik egingo dituzten entseguetan parte hartzeko aukera izango du. Zehazki, datorren abenduaren 20an eta 22an Lekaion iluntzeko 20:00etan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!