Abiatzear da Villabonako Oria merkatal elkartearen Gabonetako kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 16a, 01:00

Villabonako Oria merkatal elkarteak Gabonei begira hainbat ekintza antolatu du herrian. Berrikuntza gisa, erosketa karroak jarriko dituzte herritarren eskura. Haurrentzako tailerrak antolatzeaz gain, atrakzioak ere izango dira haur eta gaztetxoei zuzenduta:

Argazkiak

Zazpi eskaintza ezberdin egingo dizkio Oria merkatal elkarteak herriari, Gabonetako kanpainaren baitan:

1.- Erosketa karroa: Lau erosketa karro eskainiko dituzte bezeroek elkarteko dendetan erosketak egin ahal izateko. Elkarteko lehendakari Aitziber Cenzanok azaldu du ideiaren abiapuntua, “herria merkatalgune handi bilakatu eta bezeroei denda batetik bestera erosketak egiteko aukera eskaini ahal izatea da”. Aipatu karroak elkarteko lau dendatan egongo dira eta bezeroek etxera eramateko beharra azaltzen dutenean utzi egingo dizkiete. Ondoren, noski, bezeroak karroa itzuli egin beharko du, baina ez du zertan hartu duen dendara eraman beharrik; Oria elkarteko bazkide den edozein dendatara baizik. Modu horretan mugimendua sortu eta establezimenduen kolaborazioa bultzatu nahi dute. Bezeroak karroak erabiltzera animatu nahi dituzte elkarteko kideek. Aurten lau izango badira ere, urtez urte karroen kopuruak gora egitea lortu nahiko lukete.

2.- Kontsumo txekeen zozketa: Abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra, bezeroen artean  txekeak banatuko dira Oria merkatal elkarteko dendetan. Haietan bezeroaren izen-abizen eta telefono zenbakia idatzita, erosketa egindako dendako kutxan utzi eta urtarrilaren 10ean, 360€ko hiru sari zozketatuko dira, elkarteko dendetan erosketak egiteko hiru txeke.

3.- Atrakzioak: Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra, karrusela, ohe elastikoak eta olla txiki bat egongo dira Errebote eta Txistulari plazan. Buelta bakoitza euro bat kostako da eta elkarteko establezimenduek hainbat txartel izango dituzte bezeroei oparitzeko.

4.- Tailerrak: Aurreko urteetan herriko bi ikastetxeekin elkarlanean, Bearzana pilotalekuan jolas parkea antolatzen bazen, aurten bi tailer eskainiko dituzte gazteek. “Ikas bidaiarako laguntza gisa diru kopuru bat ematen diegu elkarteko kideek ikastetxeetako gazteei. Haiek trukean, haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte aurten”, azaldu du Aitziber Cenzanok

-Abenduak 23, ostirala, 16:30ean plazatik hasita, mozorro tailerra eta ondoren desfilea herrian zehar.

-Urtarrilak 5, osteguna, goizeko 11:00tan plazan: Gabonetako apaingarrien tailerra.

5.- Erakusleiho lehiaketa: Elkarteko kideek erakusleiho ikastaroa egin dute aurten eta han ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz antolatu dute erakusleiho lehiaketa. Lehiaketa abenduaren 21etik urtarrilaren 5era artean izango da eta hiru sari banatuko dira. Irabazleen berri urtarrilaren 10ean jakingo da.

1. Facebooken bozka ematen dutenen artean, zozketa egingo da, 40€ko erosketa balea.

2. Epaimahaiak erabakitako saria, Erakusleiho onenarentzat. Bi pertsonentzako afaria.

3. Facebookez bozka gehien jaso dituena. Bi pertsonentzako afaria.

6.- Behar Zana elkarteko kideekin elkarlana: Urtero moduan, Behar Zana  elkarteko saskien zozketan hiru sari emango dituzte Oria elkarteko kideek: 200€ko hiru erosketa txeke eta 1000€ko bat.

7.- Gabonetako argiak. Abenduaren 21ean Gabonetako argiak piztuko dira herrian Oria merkatal elkarteak eta Villabonako Udalak bideratuta. “Orain artean Kale Nagusia eta Berria apaindu dira bereziki, baina aurten herriko gainerako auzoetan ere jarriko dira argiak. Urtero bezala, Udalarekin elkarlanean jarriko dira argiak”, jakinarazi du elkarteko lehendakariak. Argien ekimenarekin bat egiten duen saltoki bakoitzak lorea izango du atarian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!