Erraustegiaren aurkako ekitaldia, abenduaren 27an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 16a, 01:00

Abenduaren 27an lizitatuko dira Donostiako erraustegia egiteko eta kudeatzeko lanak. Horren aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta bertako kide den Aiztondo plataformak, dei egiten die eskualdeko herritarrei abenduaren 27an Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egingo den protestan parte hartzeko. Gutuna bidali diete udaletxe guztietako alkate eta zinegotziei, eta Gipuzkoa osoan 50.000 orri informatibo buzoneatu dituzte. Jarraian, gutuna:

 

Udal ordezkari hori, agur:

Zugana eta Gipuzkoako gainerako alkate eta zinegotzi guztiengana jotzen dugu Errausketaren Aurkako Mugimenduaren izenean, eskaera zuzen hau egiteko: jakitun izanik Zubietako erraustegiak zure herriari eta herritarrei zorra eta osasun galera besterik ez diela ekarriko, arduraz joka dezazula eskatzen dizugu, eta zure esku dagoen guztia egin dezazula erraustegiaren proiektua geldiarazteko.

Udal ordezkariongana jotzen dugu, udalena delako bere hondakinak kudeatzeko eskumena, eta baita eskumen hori herritarren mesedetan erabiltzeko ardura ere.

Eskaera zuzen honekin batera, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gonbidapena luzatzen dizu abenduaren 27an, erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa lanen lizitazioa erabakitzekoa den egunean, Foru Aldundiaren aurrean, Donostian, eguerdiko 12:00etan, Gipuzkoako herriek, herritarrekin batera, egingo duten protesta-ekintzan parte hartu dezazun.

 

Erraustegia = Heriotza eta zorra

Ez gure izenean!

 

Errausketaren Aurkako Mugimendua

2016ko abendua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!