Felicidad Diezen eskuzabaltasuna aitortu zen Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 15a, 01:00

Felicidad Diezek Jose Mari Olazabalen Bidea izeneko aitormena jaso zuen atzo Basteron. Andoaingo Zahar Egoitzako aitona eta amonekin eskuzabal eta alaitasunez jokatu izana azpimarratu zen, Andoaingo Caritasek antolatu zuen ekitaldian.

[Argazkiak]

Hunkituta eta esker oneko agertu zen Felicidad Diez, saria jasotzera igo zenean oholtzara. Hitza hartu aurretik, baina, bere bi bilobek (Gari eta Itziar) eta biloba batek (Naroa) aurreskua eskaini zioten. Ondoren, labur baina sentikor mintzatu zen Felicidad: “Ez nuen inondik ere espero izendapen hau. Omenaldi hau nik bezainbeste edo gehiago nire aitona-amonek merezi zuten, nire senarra hil ostean eskaini dizkidaten une atseginengatik. Ezin ditut ahaztu elkarrekin partekatu ditugun irteerak, sagardotegietako bazkariak eta beste hainbat ekitaldi. Aldi berean, gogoan eduki nahi nituzke zahar egoitzako langileak; oso ondo jokatu izan dute nirekin, beti. Osasunak laguntzen didan bitartean, beti bezala jarraituko dut egoitzara joaten, hantxe bainaiz zoriontsu. Ez daukat inoiz ahazteko gaur egin didazuen esker oneko aitormen hauxe. Mila esker!”.

 

Epaimahaiaren erabakia

Caritas elkarteko idazkaria den Gregorio Olazagastik izendapenerako arrazoiak agertu zituen, eta horretarako, epaimahaiak idatzitako akta irakurri zuen: “Epaimahaiak oso positibotzat baloratu du Felicidad Diez andereak Juan Bautista Bataiatzailearen egoitzan musutruk egiten duen lana. Astean bitan bertaratuz, bertako aitona eta amonei lagun egitera; 25 urtetik gora darama eginkizun horretan, etenik gabe. Egoitzako plantillako kide bat dela esan daiteke. Emakume bizia eta alaia da, maitatua eta oso ondo onetsia langile eta bertako zuzendaritzaren aldetik. Eta baita, Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik, eta, halako goxotasunez eta maitasunez hartzen dituen aitona-amonen eta beraien sendien aldetik ere. Ez daukagu zalantzarik bere eginkizunean musutruk jartzen duen ahalegina, gogoa, eskuzabaltasuna eta alaitasuna dela-eta, merezimendu osoz jasoko duela Jose Mari Olazabalen Bidea saria”.

Epaimahaia, honako pertsonak osatu dute: Caritas elkarteko Juanita Rodriguez, Angelines Lopez, Asun Diaz eta Jose Luis Rezolak, Ondarreta ikastetxeko Kontxi de la Fuentek eta Andoaingo Udaleko Ana Sanz langileak eta Ane Carrerek alkateak. Hamasei hautagai izan dituzte mahai gainean aurtengo ediziorako, Felicidad Diezenaz gain: Valentin Espejo, Inazio Aizpurua, Euskalduna Futbol Taldea, Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios, Izartxo aisaldi taldea, Zuena emakumeen elkartea, Hurria Sahara eta Joxe Mari Oiartzabal eta Osasunaren pastorala.

Zahar Egoitzako langileek ere ez zuten hutsik egin nahi izan, eta ikus entzunezko baten bidez, besarkadarik beroena luzatu zioten Felicidad Diezi.

 

Maria Pilar Amenabar gogoan

Felicidad Diez ez zen izan aipamen berezia jaso zuen pertsona bakarra, ekitaldian. Hitz gozoak entzun ahal izan ziren oraindik orain hil den Mari Pilar Amenabarrentzat. Andoaingo Caritas elkarteko kide den Virginia Hernandezek adierazi zuenez,  “izugarrizko emakumea zen, elkarteko kide nekaezina. Beti besteen onerako pentsatzen zuena, bere buruaren aurretik. Egunotan, ederki jabetu gara zenbateko maitasuna erakutsi ohi zion urkoari. Adibide gisa jarri dezaket Nigeriatik etorritako mutil batek izan zuen erreakzioa, bere “amama” hil zela jakinarazi genionean: negar batean lehertu zen. Maria Pilarrek barru-barruraino sartu zigun honako irakaspena: entzunez eta goxotasuna erakutsiz ere lagundu litekeela urkoa, arima ere elikatzen baita horrela. Inoiz ez zaitugu ahaztuko”.

Urtero legez, Andoaingo Caritasen historian bere kide boluntario izan diren batzuei elkartearen sortze aktako pergaminoa banatu zitzaien. Aurtengoan, Milagros Orbegozo, Modesta Aranburu, Juantxo Arregi, Ines Lekuona eta Adelaina Ruiz de Larrinaga izan dira horiek.

Ekitaldian zehar, aurten 50 urte betetzen dituen Gipuzkoako Caritas elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza, eta aldi berean, Alberto Agirre abesbatzaren, Andoaingo Olagain elkarteko txistularien eta Mikel Rodriguez eta Delia Belloso tangoko dantzarien emanaldiez gozatu ahal izan zuten Basterora bertaratu ziren herritarrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!