Haurrari opariak egin behar dizkionaren galderak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 18a, 01:00

Eguberrien atarian oparien erosketa neurrigabea izaten da etxe batean baino gehiagotan. Eroslearen jokabide aktiboa garrantzia handikoa da, balioetan hezi nahi bada.

Zein irizpideren arabera aukeratzen ditugu haurrei zuzenduriko opariak? Haurtxoak zer eskatu, hura eman jokabide klasikoa aldatzera datozen joera berriak badatoz: berdintasunezko eran jolasteko opariak, indarkeria eragin gabe taldean aritzeko jolas parte hartzaileak, sexuari dagokion urdin-arrosa etiketak gainditzen dituzten jostailuak... Geroz eta gehiago dira kontzientziazio kanpainak, eta erosle askoren baitan joera kontziente eta aktiboa nabaritzen da. Ez da erraza, baina merezi du saiatzeak.
Irizpidea balioetan hezitzea bada, helduon esku dago erosketa egin aurretik gure buruari hainbat galdera egitea: Opariak sustatzen al du trebetasun eta gaitasun pertsonalen garapena? Neskak eta mutilak elkarrekin jolasteko moduko oparia al da? Joera kontziente eta aktibo hori piztu behar izaten da haurraren eskaera aztertzen hasi eta erosketa burutzerainokoa. Hasteko eta behin, haurrak eskatzen duen opari kopurua eta haien egokitasuna da ezbaian jarri behar dena. Eta gero, ahal denean behintzat, haurraren heziketan eta aisialdian aberasgarrien izan daitekeena aukeratzen saiatu.
Opariak egiteko garaian inork ez zigun esan ama-aita, izeba-osaba, amona-aitona izatea zein nekeza den. Galderak egiten hasita, adituak erosleari galdera gehiago egitea behartzen diolako: Jostailuak kultur, sexu eta genero aldetik bazterketa sustatzen al du? Jolasak ingurumenarekiko edota animaliekiko errespetua sustatzen al du? Bada, azkenik, munduko txoko honetan bizi garenok buruan darabilkigun beste galdera: Euskararen erabilera sustatzen al du?
Esandakoa, ez da erraza. Merezi du, ordea, saiatzeak. Erosketa on.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!