Euskal tradizioko arropak egoki janzteko argibideak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 15a, 01:00

Lurdes Esnaola lezotar dantzari eta jostuna, euskal jantzietan aditua da. Villabonako Oinkari dantza taldeko irakasle denak, Eguberrietan egoki janzteko hainbat gomendio luzatu du.

Lurdes Esnaolaren ustez, baserritar jantzia egiterakoan, jantzi dotorea edo arrunta egin nahi den erabaki behar da lehenik.
Emakumeen kasuan, dotore jantzi behar zutenerako, ia beti kolore beltza aukeratzen zutela nabarmendu du. Gona, alkandora eta txaketa. Oinetan, takoizko zapata lokarridun beltzak edota botak. Buruan zapia.
Gainerakoan, jantzi arruntak kolore ugaritakoak izaten ziren. Marroi, gorri, laranja, urdin edota berdeak nagusiki. “Orain goiko eta beheko zatia oihal ezberdinez egiteko ohitura zabaldu da, baina ez dago zertan. Antzina, kasu askotan, bi zatiak kolore berekoak izaten ziren. Are gehiago, oihal pieza beretik egiten zituzten maiz jantziak etxe bereko kideek eta denak antzeko jantziarekin ibiltzen ziren” azaldu du. Adabaki edo petatxoekin, oihal puska ezberdinekin ere osatzen zituzten gonak emakumeek, “bestelakorik egiteko sosik ez zutelako. Egun asko ikusten da adabakidun gona eta antzina lanerako erabiltzen zenez, larruzko abarkekin janztea izango litzateke egokiena”, proposatu du. Barruko arropa gisa, pololoak eta gonazpiko oso landuak erabiltzen zituzten emakumeek eta gainetik gona gorria, gona nagusiari lasaiera emateko. Bukatzeko, mantala luzeak, gonarik ez zikintzeko.
Alkandoraren gainean korpiñoa nahiz hotza egiten zuenean, tokilla, txaketa edota artillezko zapi handia janzten zituzten. Korpiñoa janztekotan, alkandora txuri lepo borobila, eskoterik gabea eta mauka luzea beti. Korpiñoak beltzak edo gorriak izaten ziren gehienetan.

Buruko zapiak
Emakumeen buruko zapiek bazuten esanahirik. Umeek eta ezkongabeek ez zuten zertan jantzi beharrik, baina janzten zutenetan, “mota, marra edo loredun zapiak erabiltzen zituzten. Zapi zuria ezkonduek bakarrik janzten zuten eta beltza alargunek. Ezkongaiek, lazo ederrekin apaintzen zituzten bi trentza luze egiten zituzten askotan”.

Gizonak
Galtza beltzak, grisak edo urdin ilunak; kolore bakarrekoak edo marra finekoak. Gerriari ondo lotzeko, gerrikoa; festa egunetarako txuria edo beltza eta lanerako beltza.
Igandetan, dotore janzteko alkandora txuria erabiltzen zuten gizonek, “lortza asko eta bahinika gutxirekin”. Txaleko koloreduna alkandoraren gainetik eta kolore apaleko blusoia txalekoaren gainetik. “Igandetan, noski, ez zuten laneko blusoirik janzten”, argitu du Lurdesek, “normalean txalekoa eta blusoia edo txaketa, txalekoa bakarrik ez”, zehaztuz. Buruan txapela beltza, noski. Txapela txikia.

Haurrak mantaltxoekin
Haurrak baserritarrez janzterakoan, egun, helduak bezala jantzi ohi direla uste du Lurdes Esnaolak, baina haurra haurra dela orain eta hala zela antzina ere, “orain ez hainbeste, baina garai batean haurrak asko janzten ziren beltzez, arropa nahiz zapi beltzekin. Baina argazkiak ikusita, antzinako haur baserritarrak mantaltxoak edota tirantedun gona edo galtzak janzten zituztela ikusiko dugu, eta botatxoak edo alpargak oinetan”. Koloreei erreparatuta, jantzietan denetariko koloreak erabiltzen zituztela zehaztu du, baina argiak bereziki: txuria, beixa, arrosa…; loredun, laukidun edota motazko oihalak neskek, marradun edo karratudunak mutilek… Hainbat dendatan haurren antzinako mantaltxo haiek berreskuratzen ari direla gaineratu du Lurdesek eta oso egokiak direla, “baina jendeak, oro har, ez ditu baserritar jantziekin lotzen, ezjakintasunagatik. Bestalde, neskatilek, oro har, ez zuten buruan zapirik eramaten. “Antzinako argazkietan buruan zapia duen haur bakarra ikusi dut. Zapiak lanerako janzten zituzten emakumeek, bururik ez zikintzeko”. Beraz, haurrak buruan zapirik jantzi gabe ere egoki leudekeela ondorioztatu du; ilea bilduta, txirikordatuta edota lazoak jarrita. Mutikoek ez zuten gerrikorik erabiltzen, buruan txapela”.

Abarkak edo alpargatak
‘Oinetan zer, abarkak edo alpargatak?’ ohiko galdera izan ohi da baserritarrez janzterakoan. Bada, “jantzi motaren arabera, bata edo bestea”, argitu du Lurdesek. “Abarkak lanerako erabiltzen ziren eta festara dotore joateko, alpargata zuri nahiz beltzak, zapatak edo botak. Hori bai: alpargata txuriekin media edo galtzerdi beltzak janzten zituzten eta beltzekin txuriak, emakumeek bezala gizonek”. Gomazko abarka geroagoko kontua dela dio eta berez, ez dela antzinako erara janzteko oinetakorik egokiena, “baina lehen ere izan balituzte, jantziko zituzketen haiek ere, giro txarrarekin bereziki”, azaldu du umoretsu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!