Denboraren bankua, aurkezpena Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 15a, 01:00

Beste hainbat herritan bezala, Urnietan ere berehala martxan jartzekoa da Denbora Bankua. Horretarako hainbat herritarrek bilera batzuk egin ondoren, datorren ostegunerako deialdia luzatu diete urnietar guztiei, behar den informazioa eskaini eta bertan parte hartzeko gonbitea egiteko. Bilera, abenduaren 15ean izango da arratsaldeko 19:00etan, Lekaio Kultur Etxean. Amaia Lopez, egitasmoaren eragileak eman ditu argibideak.

Zer da Denbora Bankua?

Amaia Lopez: Denbora mugatu batean zerbitzuak elkarren artean trukatzeko sistema da: ekintzak, jakintza, eskarmentua…, beti orduko. Sistema honetan ez da dirurik erabiliko, denbora erabiliko da trukean. Zerbitzu bakoitzak eta parte hartzen duten pertsonen denborak balio bera izango dute, ez da bata bestea baino gehiago eskertuko. Zerbitzu bat behar denean, behar duzun zerbitzua eskaini dezakeen pertsonarekin harremanetan jarri, ondoren zerbitzua egin eta erabilitako denbora zure kontutik zerbitzua eskaini dizun pertsonaren kontura transferituko da.

Zein balore hartzen ditu kontuan ekimenak?
A. L.:
Berdintasuna, elkartasuna, konpromisoa, ardura, ekitatea eta gizarte kohesioa. Konfiantzan oinarritutako harremanetaz ari gara, pertsonetan eta ez diruan oinarritutako ekonomia bat sustatzea du helburu nagusietako bat. Bestetik, inor baztertzen ez duen proiektua da, ofizio guztien balorea berdinduz, eta hirugarren adinekoak ere aktibo mantenduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!