TXISTORRA, TALOAK, GAZTAINAK, SAGARDOA, TRIKITIXA...
Arratsaldeko 17:00etan irekiko ditu Iñistorrak kontzejupean jarritako txistorra eta herriko baserrietako sagardoa dastatzeko postuak, era berean, taloak eta gaztain erreekin beste postu bana jarriko da. 20:30ak aldera bukatutzat emango da jaia Gabonetako saskiaren zozketarekin eta Sagardo Txapelketako irabazlearen botila baten enkantearekin. Bertan, izango dira jaia alaitzen, Lurdes Iriondo musika eskolako trikitilari gazteak. Aurten, berrikuntza izango da; saskiaren zozketarako zenbaki berdinarekin, arratsaldean zehar egingo diren beste hainbat zozketetan parte hartzeko aukera izango baitute bertaratzen direnek.
GAZTAREN KINIELA
Aurreko urteetako moduan, gaztaren kiniela egingo da azokan, euro baten truke, han jarriko diren bi gazten pisua asmatu beharko da. Pisua asmatu edo gertuena ibiltzen denak eramango ditu bi gaztak etxera. Jada, gazta horiek San Juan plazako Kantoi tabernan, eta Idiazabal kaleko Guria tabernan daude eta bertan izango dira Santomas egunera arte, aurrez kiniela bete nahi dutenentzat.
VII. SAGAR TARTA LEHIAKETA
Sagar tarta lehiaketa egingo da zazpigarren urtez. Bertara aurkezteko, aurrez etxean tarta egin eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bitartean udaletxeko arkupetara eramatea nahikoa izango da. Parte hartzea irekia da urnietarrentzat zein kanpotarrentzat.
Partaide bakoitzari txanpain botila bat emango zaio ordainetan, eta txapelketako irabazleak sari bikaina jasoko du. Bigarrenak ere saria jasoko du. Ondoren, aurkeztutako tartak dastatzeko aukera emango zaie bertaratzen direnei.
VIII. USADIOZKO
SAGARDOAREN TXAPELKETA
19:30etik aurrera burutuko da egun horretako ekitaldirik nagusiena, VIII. Urnietako Usadiozko Sagardo Txapelketa. Txapelketa hau, etxerako sagardoa egiten duten urnietarrei zuzendua da, eta bertan parte hartu nahi dutenek 12 botilez osatutako kaxa bat aurkeztu beharko dute. Izena emateko, 685 561 718 telefono zenbakira deitu behar da. Epaimahaia, urtero bezala, hiru gizonez eta hiru emakumez osatuko da. Lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute. Aurreko edizioetako txapeldunak baserri hauetakoak izan dira, Saurdei (birritan) Milluts, Antso, Errotaberri, Elutseta eta Errotaburu.
SASKIAREKIN BATERA
BESTE HIRU OPARI ZOZKETAN
Aurtengo Santomas eguneko txistor eta talo festan, urtero bezala saskiaren zozketa egitearekin batera, hiru opari berezi zozketatuko ditu Iñistorra Biltzarrak arratsaldean zehar, eta hiru opari horien zozketan saskirako erositako zenbaki berberak balioko du. Horrela, bada, 20:15ak inguruan zozketatuko den saskirako zenbaki horrek aurretik egingo diren hiru oparien zozketetarako balioko du. Opariak, 25 euro eta 45 euro bitartekoak izango dira, produktuez eta jakiez osaturikoak.
Lehenengo oparia arratsaldeko 19:00etan zozketatuko da; bigarrena, 19:30ean eta hirugarrena 20:00etan. Azkenerako geldituko da saskia, lehiaketa guztiak amaitu ondoren zozketatuko dena, aurten 700 euroko balioa izango duena. Ospakizuna borobiltzeko zozketa izango da.
Jaiari, izan ere, arratsaldeko 17:30ean emango zaio hasiera, Lourdes Iriondo musika eskolako trikitilarien soinuekin.