Ostiral eta larunbat iluntzean pilota izango da nagusi, V. Antton Pebet Oroimenezkoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 15a, 01:00

V. Antton Pebet Oroimenezkoan, bigarren final-laurdenetako jardunaldiak jokatuko dira asteburuan. Ostiralean eta larunbatean izango dira partidak Bearzana pilotalekuan, 19:00etan bi egunetan.

Aurreko asteburuan txapelketak eman zuenaren kronika idatzi du Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak:

Argazkiak (Egoitz Bengoetxea)

Lehen jardunaldiko partidak arrakastatsuak eta bikainak izan ziren.

Ostiralean, ia betetako pilotalekuan eta gazte mailan Riol portugaldarrak eta Aginakako Arangurenek 22-14 irabazi zieten Goizuetako Salaberria eta Ruiz errioxarrari. Arangurenek pilotakada biziagoak jo zituen eta gutxiago galdu zuen Ruizek baino.

Salaberriak berriz, gauza politak erakutsi zituen arren, Riol baino gutxiago izan zen aurrean.

Nagusien mailan, berriz, Ikaztegietako Urretabizkaiak eta Astigarragako Santxezek ezusteko eman zuten Espinal huartearrari eta Gorrotxategi hernaniarrari 22-15 irabazita. Urretak pilota astindu zuen eta Santxezek partida borobila egin zuen. Aurkariek ezin izan zuten askoz gehiagorik egin.

Larunbatean izugarrizko bi partida ikusi ahal izan ziren Villabonako Bearzana pilotalekuan.

11:00tan hasi zen lehen gazte mailako partidan, Anso nafarrak eta Asteasuko Aizpuruk 22-19 irabazi zuten Peio Etxeberria iruindarraren eta Apezetxea goizuetarraren aurka. Etxeberria izan zen lauetan onena nahiz eta galdu. Bere bizkar hartu zuen bikotearen zama eta partida handia egin zuen bai defentsan bai erasoan ere.

Irabazleek majo sufrituta irabazi zuten. Apezetxeak, –besteak baino hiru urte gazteagoa– maila ederra eman zuen, hala ere agian, handi geratu zitzaion larunbateko partida.

Nagusien mailan, berriz, Prado Najerako aurrelari ezkerrak eta Etchegoin lapurtarrak 22-19 irabazi zuten Elorrioko Azpiri eta Murgiondo azpeitiarraren aurka.

Izugarrizko partida izan zen. Batzuek jo besteak sufritu.

Etchegoinek izugarrizko pilotakadak jo zituen, abiada biziz ateratzen dira pilotak bere eskutik eta Pradok tantoa ederki bukatu eta pilota ongi mugitu zuen.

Galtzaileek, berriz, esperientzia handiagokoak biak, lan ederra egin zuten, sufrituz eta maila bikaina erakutsiz baina ezin izan zuten gehiagorik egin. Lauek partida ederra jokatu zuten.

Final-laurdenetako bigarren jardunaldia abenduaren 16an, 19:00etan

Gazteen mailan partida bikaina espero da. Batetik, Zubizarreta ataundarrak eta Mariezkurrena irruindarrak Astigarragako Exposito eta Zezeagaren aurka jokatuko dute. Zezeaga, profesional ohiaren semea da. Bi aurrelariak ikusteko gogoa dago. Bikainak biak. Atzean ere lehia polita espero da.

Nagusi mailan, Larrañaga gasteiztarrak eta Lizeaga (Kastilloren ordez dator, Bizkaiko finala du Kastillok) hernaniarrak lan handia egin beharko dute urte oso ona daraman Santxo usurbildarra eta egun gipuzkoar atzelaririk onenetakoa den Garmendiaren aurka irabazteko. Partida handia izango da berau ere.

Larunbatean, berriz, 19:00etan ere, Elola bidaniarrak eta Gaskue nafarrak Alberdi azpeitiarra eta Eskiroz nafarra izango dituzte aurkari. Partida handia espero da. Elolak izugarri hobetu du, Gaskuek lana ematen du joaten den toki orotan eta Alberdi pilotari oso konpletoa da eta Eskiroz maila bikainean dago. Diario Vasco torneo famatuan ere finalerako sailkatu berri da.​

Nagusi mailan, oraindik oso gazte baino klasikoak diren Hernaniko Arrieta eta Aizpitartek Albizturko Eneko Labaka eta Telletxea izango dituzte aurkari. Bete-beteko partida hau ere.

Asteburu bikaina dator aurretik Bearzana pilotalekuan.

Ohi bezala, saski baten zozketa egingo da eta sarrera doakoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!