FELICIA ETA DANNA PLESA
Jaioterria: Moldavia (Errumania)
Bizilekua: Amasa-Villabona
Errumanian Gabonak nola ospatzen diren galdetuta, “hemengo oso antzera” erantzun dute Felicia eta Danna Plesak boteprontoan. “Abenduaren 24an, haurrak gune bakoitzeko jantzi tradizionalekin jantzita, etxez etxe kantari ibiltzen dira. Helduak iluntzeetan, bihurriago”. Erlijioz ortodoxoak dira moldaviar gehienak eta antzekotasunak antzekotasun, badituzte euren ohiturak. Esaterako, Gabon gauean ez, Eguberri egunean biltzen dira familian. “Gabonetako zuhaitza abenduaren 24an jartzeko ohitura dugu han eta gau horretan banatzen ditu opariak Aita Noelek”. Abenduaren 25ean, nekazal giroko guneetan bereziki, mezetara joan ohi dira 40 egun lehenago hasitako Gabonetako baraualdiaren amaierako ospakizunera. “Hemen bezala, pertsona helduak joaten dira nagusiki elizara. Orain ez, baina han bizi ginela joaten ginen gu ere”, diote. Eguerdian, besteak beste, aza eta mahats hostoekin eginiko biribilkia edota txerri haragiarekin prestatutako entsaladilla jaten dute etxe gehienetan. “Moldaviako nekazal gunekoak gara gu eta abenduaren 21ean, txerria hiltzeko ohiturari eusten zaio oraindik ere hango baserrietan. Baraualdian zehar, barazkiekin soilik elikatzen gara; animaliengatik eratorritako jakirik ez dugu jaten tarte horretan: ez haragi, ez esne, ez arrautz… Abenduaren 25ean, txerriki nahiz bestelako, ez da jatekorik falta izaten Moldaviako mahaietan”, adierazi dute. Eguberri egunaz gain, abenduaren 26 eta 27a ere ospatzen dituzte bertan”.
Arroza jaurtiz, osasuna
Nekazal inguruetan badute urtez urte mantentzen duten ohitura bat, “abenduaren 24 gauean mutil gazteak neskak dauden etxeetara gerturatu eta leiho ondoan jarrita, abenduaren 31rako bikote izateko eskatzen diete kantu bidez. Nahikoa festa izaten da”, azaldu du Feliciak, irria ahoan. Festazaleak dira moldaviarrak eta 31 gauean, kantuan nahiz dantzan ibili ohi dira. Urtezaharretan, jatekoari begira, besteak beste, esnegain eta baratzuriekin prestatutako tripakien zopa jaten dute etxe gehienetan. Abenduaren 31ko kanpaikadetan zehar ez dute mahatsik jaten, baina batak besteari arroz aleak jaurtitzen dizkio osasuna opaz. “Urtarrilaren 1ean, oparotasuna eskatuz, arroza botaz eta kantuak eskainiz etxez etxe ibiltzen dira haurrak”. Urteberri egunean, haragia baino, arraina jateko ohitura dute, “arrainak uretan igerian bezala, gizakia lurrean ere ondo ibil dadin”, argitu du Feliciak. Urteberria egun handia izaten da Moldavian eta baita urtarrilaren 6a ere, “Jesusen bataioa ospatzen da orduan. 7an amaitzen dira han Gabonetako ospakizunak”.
Jaioterririk milaka kilometrora bizi arren euren ohiturak mantentzen dituzte. “Errumaniar asko bizi gara Villabonan eta gure tradizioei eusten saiatzen gara, ahal dugun heinean”.
{{IMG-36688}}
Xiaofei eta Amets ama-semeak euskal tradizioko jantziekin jantzita, iaz.
XIAOFEI LI
Jaioterria: Txina (Iparraldea)
Bizilekua: Zizurkil
Txinan ez dute Eguberririk ospatzen. Azken bost urteotan, Xiaofei Li data horietan jaioterrian izan ez bada ere, etorri aurreko azken urteetan ikusitakoagatik eta ingurukoek esan diotenagatik, badaki hango denda eta merkatalguneetan musika jartzen dutela eta kaleak argi koloretsuz betetzen dituztela, jendea erosketak egitera erakartzeko. “Gauez, bikoteka edo lagunartean kalera atera eta diskoteka nahiz tabernetan festa izaten da. Gainerakoan ezer handirik ez, orain bost urtera arte behintzat”, dio.
Zizurkilen bizi denetik, bertako ohiturak jarraitzen ditu Xiaofeik Eguberrietan, seme-alabak jaio ondoren batez ere.
Desioak, paper gorrian
Eguberririk ez, baina Urteberria indar eta tradizio handiz ospatzen dute Txinan. Baita bezpera ere. Lehenik eta behin, udaberriko paperekin apaintzen dituzte etxe eta denda atariak Urtezahar goizean. Paperezko poesia tirak dira; zortearen kolorea delako, paper gorrian urre kolorez idatzita jartzen dituzten desio eta nahiak. Urtezaharretan familian bildu ohi dira. “Egun horretarako etxera itzultzen dira kanpoan bizi edo lan egiten duten familiako kide guztiak”, dio. Gau horretan jaki aukera zabala izaten da, baina zonaldearen arabera, baita plater berezirik ere. “Ni iparraldekoa naiz eta han hotz egiten duenez, haragi eta barazkiz betetako rabioli modukoak jaten dira. Arraina ere bai, noski: urtean zehar ezer falta ez izateko”. Goiz afaltzen dute Urtezahar gauean, arratsaldeko 18:30ak aldera, ondoren lau ordu irauten duen telebistako ikuskizuna ikusteko. “Familiako kideak besaulkian eseri eta urte guztian zehar prestatzen duten saio hori ikusteko ohitura oso errotuta egon da Txinan. Gauerdian, saio bukatutakoan, patiora atera eta petardo nahiz su artifizialak botatzen dira”, jakinarazi du Xiaofei Lik. Ahal dela, lorik egin gabe igarotzen dute gaua eta argazkiekin ez ezik, petardo festarekin oroitzen dituzte falta diren senideak, “petardoen hotsekin, hildakoak ere festara gertura daitezen”.
Urteberri goizean badute beste ohitura berezi bat: “Haurrak familiako eta lagunen etxeetara joaten dira Urteberria zorionduz eta haurrei dirua ematen zaie opari modura”. Familiartean bazkaltzen dute ondoren. “Lehen etxeetan egiten ziren bazkariak beti, orain jatetxeetan egiten dira gehiago. Haientzat urteko egunik lanpetuena izaten da Urteberrikoa”.
Egutegi txinatarra
2016 urtea tximuaren urtea izan bada, oilarrarena izango da 2017a. Urtez urte txandakatzen diren hamabi animaliak osatzen dute Txinako egutegiko ikurra: arratoia, idia, tigrea, katua, dragoia, sugea, zaldia, ahuntza, tximua, oilarra, txakurra eta basurdeak. “Txinan, adina galdetzea baino ohikoagoa da zein animalia urtetan jaioa zaren galdetzea”. Ilargiaren araberakoa da txinatar egutegia eta ilargi berriarekin hasi ohi da hilabetea. Egutegi txinatarrak, ilargiaren faseak kontuan izanagatik, urtea hamabi hilabetetan banatzen du eta hilabeteek 28 eguneko iraupena izaten dute beti. Horrek eragiten du mendebaldeko egutegian ez bezala, Urteberri txinatarra beti data ezberdinetan izatea. “Aurten urtarrilaren 28an egokituko da Urteberri eguna. Hemengo urtarrilaren 1a baino hilabete geroago ospatu ohi da gehienetan”.