Mimoz eginiko euskal jaiotza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 15a, 01:00

Hamabost metro karratuko jaiotza ikusgarria dagoeneko jarrita dago Zizurkilgo Arantzazuko Amaren elizan. Luis Ugarte zizurkildarrak egina da eta mugimendua duten pertsonaiak ageri dira bertan.

Disko-jogailu edo tokadisko zahar baten motorra erabili zuen Luis Ugartek bere lehendabiziko jaiotzari mugimendua emateko. Egilearen hitzetan, ez zuen indar handirik, baina San Joseren besoari mugimendua eman eta mailuarekin lanean ari zenaren itxura emateko, nahikoa. Villabonan jarri zuten ikusgai lehen jaiotza hura, Kutxaren erakusleihoan. “Jendearen gustukoa izan zen eta zaletasun hartan aurrera egin nuen”, azaldu du Luisek. 15 metro karratuko azalera duen jaiotza jarri berri du Zizurkilgo Arantzazuko Amaren elizan. 

Jaiotza biziduna da Luisek egindakoa, baina lehen urteetan, ez zitzaion erraza egin horretarako behar zituen tresnak bilatzea. “Jaiotzako pertsonaiei mugimendua ematen jarraitu nahi nuen eta horretarako, motor bereziak behar nituen. Ez nekien motor haien bila nondik nora hasi behar nuen ere. Norbaitek esan zidan Elgoibarren bazegoela jaiotza mugimenduduna egiten zuen talde bat, eta haiengana joan nintzen aholku eske”, gaineratu du Luis Ugartek. 

 

Motor bereziak

Bilbon aurkitu zituen Luisek behar zituen motorrak, “motor alemaniarrak dira, erreboluzio txikietan ibiltzen direnak. Garesti xamarrak ateratzen dira, baina horixe da nire zaletasuna, eta horretantxe gastatzen ditut sos batzuk. Azpimarratu nahi dut, hala ere, Gipuzkoako belenisten elkarteak ere lagundu izan didala motorrak erosteko dirutxoa emanez”. Jaiotza txikia izan zen lehendabizikoa, baina urtero-urtero gauzak gehitzen, aldatzen eta hobetzen joan da Luis eta jaiotza ikusgarria osatu du dagoeneko. 

 

Ohituren islada

Euskal Herriarekin zerikusia duten gaiak jasotzen ditu Luisek bere jaiotzan: “Gure ohiturak, galdutako lanbideak…, jaiotza soilik islatzea baino egokiagoa iruditzen zait horiek guztiak jasotzea. Belar-metak, sestoa buru gainean daramaten emakumeak…, egun ikusten ez diren irudiak erakutsi nahi izaten ditut”. Jaiotzan irudi horiek jasotzea xelebrea dela esaten dio zenbaitek, baina Luisek argi du. “Jesus Belenen jaio zen, baina mundu osorako, baita gure baserri girorako ere. Belengo ohiturak islatzea baino egokiagoa iruditzen zait gureak zaintzea”. 

Donostian ere jarri izan du jaiotza Luisek. Jaiotzarekin batera, Joakin Zuriarrain herritarrak egindako eskulanak ere eraman zituzten orduko hartan. “Baserriko tresnen miniaturak egiten ditu Joakinek, oso ondo egin ere, eta Donostiara eraman genituen. Gurdiak, lerak…, denetarik egiten du, xehetasun osoz eta benetakoen ezaugarriak ondo gordeaz. Oso harrera ona izan zuen gure lanak”.

 

Pertsonaia berriak

Urtero-urtero aldaketaren bat egiten dio jaiotzari Luisek. “Ideia berriak sortzen zaizkit, eta haiek gauzatzen saiatzen naiz. Martxoan hasten naiz berrikuntza horietan lanean, eta maiatza inguruan amaituta izaten ditut. Pertsonaia berriak egiten ari naizen heinean aldaketak eta moldaketak egiten joaten naiz, nik nahi dudan emaitza lortzen dudan arte. Egitura osatzen dudanean, emazteak egiten dizkit haientzako jantziak. Bere laguntzarik gabe ezingo nuke jaiotza osatu, izan ere, jantziek ematen baitiete grazia guztia pertsonaiei”, azaldu du Luisek. 

Aurtengo berrikuntzen artean baso mutila agertuko da, aizkora zorrozten; baita amona ere danbolinean gaztainak erretzen edota emakumea arropa garbitzen, ur iturri eta guzti. Talkan ari diren bi ahari edota behia jezten ari den emakumea ere osatu ditu Luisek. Horrez gain, aurreko urteetan osatzen joan den hainbat eta hainbat pertsonaia ere jarriko ditu ikusgai. “Urtearen amaiera gerturatzen denean, errepasotxoa ematen diet. Behar dituzten konponketak egin, eta abenduko bigarren astean jartzen dut jaiotza ikusgai”. 

 

Konponketak

Jaiotza martxan jartzen duenean, etengabeko jarraipena egiten dio Luisek, izan ere, konponketa txikiak behar izaten baititu aldian behin. “Egurra da material nagusia, eta polea bidez lortzen dut mugimendua. Oso ohikoa da piezaren bat etetea. Horrelakoetan, jaiotzaren azpian sartu, eta konpontzen aritzen naiz”. Motor txiki bakoitzaren indarra ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatzen da Luis, eta horrek ere baditu bere ondorioak: “Motor bakarrak bi edo hiru pertsonaiaren mugimendua sortzen du. Matxuraren bat dagoenean, beraz, pertsonaia bat baino gehiago geldirik geratzen da, eta ahalik eta azkarren konpondu nahi izaten dut. Pertsonaia bakoitzari bere motorra jarri beharko banio, ordea, oso garestia litzateke”, azaldu du. 

 

Saskiak

Saskigilea zen Luisen aita, eta etxean egiten zituen saskiak, otarrak, asto-sestoak, etab. Luisek ere ikasi zuen haiek egiten, eta jaiotzean bat baino gehiago jarri izan du, tamaina txikian noski. “Gure aita Beizamatik etorri zen Zizurkilera, eta berrogeita hamar urtean hementxe aritu zen saskigintzan. Huraxe zen bere lanbidea, baina ez zuen oso gustuko nonbait eta ez zuen nahi nik lanbide hura ikasterik. Aita beti horretan ikusita, ordea, ikasi egin nuen eta horrez gain, baserritarrekin harreman estua ere izan nuen aitaren ogibidea zela eta. Garai hartan ikasitakoa eta bizitutakoa islatu nahi izaten dut orain, belaunaldi berriek ere jaso dezaten”, azpimarratu du Luisek. 

 

Elizan ikusgai

Urte askotan, Villabonako Kutxako erakusleihoan jarri izan dute Luisen jaiotza. “Duela urte batzuk, ordea, egoitza berritu eta erakusleihoa zegoen tokian bulego berriak jarri zituzten. Ez zegoen jaiotza jartzeko tokirik, eta Zizurkilgo Arantzazuko Amaren elizan jartzen hasi nintzen”. Gustura dago bere zaletasunari eutsi eta jendearen aurrean jartzeko aukera duelako, “jendea gustura egoten da jaiotzari begira. Villabonan zegoenean, ordea, jende gehiagok ikusten zuen, pasaeran. Orain, jende gutxiago gerturatzen da. Horregatik luzatu nahi diot jendeari gerturatzeko gonbitea. Igande eguerditan, 12:30etako mezaren ondoren egoten da ikusgai. Norbaitek ordutegi horretatik kanpo ikusi nahiko balu, erakusteko prest nago”. Ikastetxetako ikasleak, Fraisoroko aiton-amonak…, zenbait talderekin dagoeneko jarria du jaiotza ikusteko hitzordua, eta talde gehiagori erakusteko prest ageri da Luis. Urtean zehar egindako lana herritarrei helaraztea da bere helburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!