‘Bistare-Bistare’, estreinaldia Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 14a, 01:00

Ostiral honetan 19:00etan Zanpatuz elkarteak urteko batzarra egingo du Saroben, urte guztiko errepasoa egiteko eta datorrenari begiratzeko.  20:00ak aldera Bistare-Bistare dokumentalaren emanaldia eskainiko dute elkarteko kide diren Joseba Oiarzabalek eta Andoni Urbistondok. 

Elkarrizketa:

Gailurrera begira bakarrik dagoenak ingurua ahazten du. 'Bistare-Bistare' paisaiaz gozatu duenaren ibilbidea al da?
Andoni Urbistondo:
Joseba Oiarzabal eta biok azken urteetan trekking lasaiak egiten ibili gara, gailur errazak tartekatuta. Mendi altuak izanda ere, teknikoki errazak egin ditugu. Ekuadorren ibili ondoren, Nepalera joateko asmoa genuen, baina terremoto handi bat medio, bidaia atzeratu eta aurten joan gara. Himalayako bailaran trekking asko egiten dira; Everest eta Anapurna dira ohikoenak, baina asko daude horren ezagunak ez direnak. Dokumentalean Anapurnaz gain, 7000 metro inguruko beste hainbat mendi erakusten dira.  

Zer nolako irteerak egin zenituzten? 
A.U.
Garai batean bideak zirenak, egun pista bihurtu dira. Beraz, bakoitzaren esku dago bidaia nola antolatu. Guk 170 kilometroko bidaia egin genuen 15 egunetan. Martxa ez zen batere astuna izan; goizean hiruzpalau ordu eta arratsaldean beste pare bat egiten genituen; guztira, egunean 15-20 kilometro eginez.

Ikus-entzunezkoa egitea aldez aurretik pentsatuta zenuten, ala egin ahala animatu zineten? 
A.U.
Aurretik pentsatuta genuen. 2007an Pakistanen proba moduan egin genuen produktua saltzeko asmoz, garai hartan diapositiba emanaldiak bogan zeudelako eta pelikulak botatzeak bazuelako xarma berezia. Oraingoan, lagunei eta ingurukoei erakusteko eta, batez ere, bertako bizimodua erakusteko egin dugu.  

Zer ikusiko du ikusleak ostiral honetan?
A.U.
Eguneroko kontuak erakusten ditu. Nola iristen garen, zein traslado egin behar diren mendiraino iristeko, hango paisaiak nolakoak diren, zer jaten den, nola bizi diren… Gure sentsazioak eta bizipenak bildu ditugu. Esate baterako, 5000 metroko altueran ez atzera ez aurrera geratu ginen eguraldi txarragatik, eta dokumentalean, mendizale batek egoera hori nola bizitzen duen erakusten dugu. Subtitulu eta off ahotsaren bidez, bertakoei ere hitza eman diegu: zer ikasten duten, zer pentsatzen duten Nepali buruz… Horrez gain, turistekin duten tratua islatu nahi izan dugu, izan ere, izugarrizko errespetua diete turistei, batzuetan lotsa sentitzerainokoa. 

Aurretik jakin ez eta harritu zaituen zerbait aurkitu al zenuten han?
A.U.
Batez ere, hango jendearen patxada. Garia, garagarra eta esnea dute, 4000 metrotan bizi dira, baina oso aberats, zoriontsu eta lasai bizi dira. Hori toki askotan ikusi dut, baina Nepalen ez nuen espero eta beraien umiltasunak harritu egin nau. Denbora eta espazioaren aldetik beste mundu batean bizi dira. Egunean zehar lurra ereiten dute, animaliak jezten dituzte eta turistak etortzen badira bazkaltzen ematen diete, diru hori beraien erosketetako erabiliz. Himalayako zuloan sartuta bizi dira, kezkarik gabe.

Zuen garai bertsuan andoaindarrak zeuden espedizioak istripu larria izan zuen. Nola bizi zenuten hura? 
A.U.
Gure hirugarren eguna zen eta lubiziaren ondorioz istripua eduki zutela jakin genuen. Gidariak gertatutakoaren berri eman zigun eta, egia esan, arratsalde mugitua izan zen. Dei asko jaso nituen Aiurritik, Euskadi Irratitik, Eitb-tik, Cadena Ser-etik... Horiei guztiei esan nien gertu jazo zela baina gu ez ginela bertan. Botatako zaparradekin normala da lubiziak egotea eta, beraiei gertatu bezala, guri ere gerta lekiguke. Dena den, guk bi ordu lehenago etxera deitu genuen eta ondo geudela esan genien; beraz, alde horretatik lasai geunden. 

Kezkaz bizi behar al dute trekkinga egitera doazenen senideek?
A.U.
Normala da kezkatuta egotea, komunikatzea ez delako erraza. Agentziaren bidez kontaktatu beharra dago eta horrek orduak atzeratzen ditu. Ordu horiek familiarentzat izugarrizko sufrikarioa dira. Horrelako istripuak saihestea oso zaila da, zorte txarreko kontua gehiago delako, inprudentzia bat baino. 

Zergatik Himalaya? Zalantzan dagoena nola konbentzituko zenuke?
A.U.
Trekkingak egiten dituen batek Himalayara joan beharra dauka, mendikaterik garaiena izanik trekkingaren paradisua delako. Edozeinen kurrikulumean egon behar du, bestela ikusten ez diren gauzak topatzen direlako, merkea delako, erosoa delako, jendea ona delako, egunero dutxatzeko aukera dagoelako, ondo jaten delako, paisaiak izugarriak direlako, gidariekin harremana oso ona delako... Harro esan dezaket Nepalen egonda nagoela, eta ziurrenik itzultzen saiatuko naiz. 

Zuen bidaietatik hau izan al da zirraragarriena? 
A.U.
Orain arte egindakoen artean, gogoan ditut transiberiarrean egindako Mongoliako bidaia, Argentina eta Txileko sei hilabeteak eta, batez ere, Kanada eta Zelanda Berria. Hala ere, azken hau egin beharreko zerbait izan da.  

Etorkizunerako asmorik bai?
A.U.
Urteak daramatzat bizikletarekin zerbait egin nahian. Mendiko trekking bat bizikletaz egitea gustatuko litzaidake, uste dudalako jendea eta tokiak ezagutzeko modu hoberena bizikleta dela. Bizikletarekin hilabete batean ehunka kilometro egin ditzakezu. Gidaririk gabe egin nahiko nuke, nire kabuz eta nik nahi dudan moduan antolatuta. Ahal izanez gero bi hilabetetarako Zelanda Berrira joango nintzateke. 

Bukatzeko, Zanpatuz taldeak zer ekar diezaioke Urnietari?
A.U.
Bazegoen honen falta eta uste dut jendearen beharrak asetzea lortu dela. 400 pertsona inguru mobilizatu dira. Giro onean ibiltzeko aukera ematen du eta jendeari beraien kabuz igoko ez lituzketen mendietara joateko aukera ematen diogu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!