Joxe Mari Mujika Anatx
“Ez zuen oso gogoko plaza, eta tabernetan edo edozein tokitan hasten zen bertsotan agudo”
“Elkarrekin Hernaniko bertso eskolan hasi ginen 80ko hamarkadaren hasieran. Amurizak ikastaro bat eskaini ostean izan zen hori. 14 urteko mutikoskorra nintzen eta bera nire osaba, eta asko lagundu zidan, dena esan behar bada. Berak ez zuen oso gogoko plaza, eta tabernetan edo edozein tokitan hasten zen bertsotan agudo. Beldurgarri egiten zuen bertsotan!
Xoxokako plazan elkarrekin behin aritu izan ginen, baina bestelakoan, beti taberna giroetan. Gure ezkontza egunean, Asteasuko jatetxean, a ze etorria erakutsi zigun! Bertso ezin ikaragarriagoak bota zizkigun.
1982ko Euskal Herriko txapelketan, Amurizak irabazi zueneko hartan, bertsotan asko eta gozo eginez finalean sartzeko zorian ibili zen. Bertsolari bikaina zela erakutsi zuen orduan, baina nik ez dakit bere buruarekin oso gogorra zelako edo zergatik, sufritu egiten zuen publiko aurrean. Bere anbientean ikusten zenean, orduantxe hasten zen lanean gogoz eta lasai.
Eskola pixka bat bazuela iruditu izan zitzaidan beti. Bertsoen liburu zaharrak ondo ikasiak edukiko zituen, eta horrez gain, etxean ere jasoko zuen zaletasuna, ez baita ahaztu behar bere aita, Anizeto, bertsolaria izana zela”.
Jokin Sorazabal:
“Ezinbestekoa izan zen guretzat. Eskertua egongo naiz betirako Iñakirekin”
“Nik berarekin ez nuen denbora askoko harremanik eduki, egia esanda. Gure bertso eskolako maisua izan zen. 1984an gu La Salle ikastetxean LH ikasten ari ginen, eta bertako irakasle batek Otaño animatu egin zuen bertso eskolan has zedin. Inauteri inguruan, sei bat lagun hasi ginen berarekin, baina laster bi geratu ginen, Joxe Manuel Oiartzabal eta biok. Astean behin bilduz, hurrengo urteko martxorako kito egin zuen eskolak.
Bertsoan kantatu dudan bezalaxe, garbi hitz egiten zuen horietakoa zen Iñaki, eta “bagaude edo ez gaude” edo antzeko mezua transmititu zigun. Gogoan dut, Xoxokako festetan afari batera eraman gintuela; bertan izan ziren ordurako kontsagratuxeagoak ziren Anatx eta Euzkitze ere. Etxera erretiratzeko orduan, gure etxearen aurrean gogoratzen naiz nola esan zigun: “Erraztasuna eta afizioa badaukazue, eta segi! Dedikazioa eta ilusioa jartzen baduzue, aterako zarete aurrera. Hori norberak egin beharreko lana izaten da. Nahi baduzue, egunen batean afarian bilduko gara”. Ulertzekoa zen bere jarrera, kamiolaria zen eta baserriko lanak ere bere gain hartzen zituen; nahikoa egin zuen bertso eskola aurrera aterata bolada batean.
Horixe izan zen gure unibertsitatea. Ez zen izan bertso eskola metodikoa, akademikoa eta arau jakinetara makurtutakoa, baina ezinbestekoa izan zen guretzat. Horrexegatik eskertuta egongo naiz betirako Iñakirekin. Behin ikusi nuen plazan bertso saio batean, Ereñotzuko jaietan. Saioa bukatu eta hitz batzuk egin genituen, eta ez zen oso gustura azaldu bere buruarekin. Ez zen publiko aurrean disfrutatzekoa, eta berehala utzi zion plazan kantatzeari”.
AGURREKO BERTSOAK
Sorabillako elizan hauexek Otañori abestu zizkioten hiru bertsoak:
Jokin Sorozabal:
Bertsoa beti izan degu guk
lagunarteko aitzaki.
Zuriari zuri ta beltzari beltz
esango zenion beti.
Gure maisua zu izan zinala
gaur jende askok ez daki.
“Bidean jarri zaituztet eta
orain zuek erabaki”.
Eskutik hartu gintuzulako,
eskerrik asko Iñaki.
Millan Telleria:
Beti babesa bilatzen degu
bikote nahiz gurasoan.
Bera agurtzeko elkartu gera
bera joan zaigun kasoan.
Zenbat mezu on ta gauza eder
kantatzen zuen bertsoan.
Zenbat atsegin bere baserri,
bere baratz ta basoan.
Bere onena gorde dezagun
geure bizitza osoan.
Joxe Fermin Argiñarena:
Agite baserrira
Lanbreta xarrakin.
Ez huan topo egin
bertso gai txarrakin.
Geroztik plazaz plaza,
inoiz elkarrekin.
Kapritxoz juan hintzan
hi bizitzarekin.
Baina ezin izan duk
heriotzarekin.
Gorria beraz eta,
beti beriakin.