Ontza elkartearen historia irudietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 9a, 01:00

Argazki erakargarrien erakusketa batekin eman nahi die akabera Ontza elkarteak bere 75. urteurreneko ospakizunei. Horretarako argazki zahar eta berriak ipini ditu erakusgai elkarteko egoitzan bertan.

[Argazkiak]

25. urteurrenetik hasi (1966) eta 75. urteurrenera bitarte (2016) elkartearen bizitza jasotzen dute argazkiek.

Edu Ulangak hartu du argazkiak topatzeko, aukeratzeko eta erakusketa antolatzeko ardura. Joan den asteazkenean egin zen irekiera ekitaldian adierazi zuenez, “argazkiek Ontza elkartearen azken 50 urteak jasotzen dituzte, batik bat. Urteetan atzerago joanda, zaila egin zaigu irudirik topatzea”.

Irudiek elkartearen barne bizitza zein gizarteari begira egin ohi dituen ekintzak (txirrindularitza, ehiza, arrantza, danborrada, kaldereroak…) islatzea izan da Ulangaren asmoa hasieratik.

Ulangak ezinbestekoa izan du Andoaingo Udal Artxibategiaren laguntza, Moisesen artxibategia eskura eduki ahal izateko batik bat. Erakusketan, herriko zenbait argazkilarien lanak ikus daitezke. Aipatu Moisesenak dira zaharrenak, elkarteak 1966an bere lehen 25 urteak bete zituen garaian egin zituenak, eta baita bere urrezko eztaiak (1991) zirela eta. Javier Zatarainena da beste argazki mordoa, 80 eta 90ko hamarkadan elkarteak antolatutako hainbat kirol ekintza islatzen dutenak. Eta azkenik, irudirik berrienak, Ulanga bera, Patxi Lasa eta Gorka de Mateo dituzte egile. Guzti horietaz aparte, esan behar da Joxe Mari Tolosa bazkidearen artxibategi pribatuaz ere baliatu direla erakusketa aberasteko.

52 argazki itsatsi dira elkarteko egoitzako hormetara. Telebista pantailan, berriz, beste 300 argazki ikusi ahal izango ditu bertaratzen denak.

Hilaren 7an egin zen irekiera ofizialean izan zen Tolosak, hain zuzen, egokitzat jo zuen erakusketa: “nahiko garbi adierazten dute Elkartearen eta bazkideen bizitza. Egongo da jendea oraindik pentsatzen duena elkarte honetan “eseri eta jan” besterik ez dela egiten, baina argazkietan argi ikusten da kulturarekin eta kirolarekin zerikusia duten ekimen partehartzaile ugari prestatzen direla urtean zehar”.

 

Bitxikeriak

Bitxikeria bat baino gehiago topatu daitezke argazkietan, edonorren arreta deitzeko modukoak. Bertan azaltzen diren pertsonak eta egoerek ikusleen oroitzapenak piztuko dituztela, ez dagoi zalantzarik. Esate batera, badago argazkiak bat 1966koa, non sukaldean hiru emakume agertzen diren lanean. Irekierako ekitaldian bertaratu zirenek egin zituzten eginahalak emakumeak identifikatzeko, baina alfer-alferrik izan zen. Hortxe dauka jarria erronka erakusketak, beraz: izen abizenak jartzea argazkirik zaharrenetan agertzen diren pertsonei. Izan ere, memoria freskatzera eta ikusmenarekin gozatzera ez ezik, ikusleak argazkietako pertsonak identifika ditzan bultzatzen du erakusketak.

Bitxikerien artean, 1910 inguruko bi argazki aipatu zituen Ulangak. “Seguruenera Andoainen atera ziren lehenbiziko argazkietako bi izango dira. Batek Oria ibaian Azelaingo zubi ondoan dauden arrantzaleen eszena jasotzen du, eta ehizean bigarrenak. Altxor bikainak dira biak ere”.

 

Erakusketa irekia

Erakusketa errege eguna bitarte egon da. Ateak zabalik dauzka edonorentzat, eta ez dauka ordutegi jakinik. Hori bai, bazkide ez denak bi aukera edukiko ditu bertaratzeko: elkartean bertan baten bat topatzea, edo eta, bazkideren batekin geratzea elkartean sartzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!