Iñaki Otaño Urnietako bertsolaria zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 8a, 01:00

Asteazkenean hil zen, 67 urte zituela. Andoaingo Sorabilla auzoan bizi zen, eta bertan egingo dira bere arimaren aldeko hileta elizkizunak, San Martin elizan, ostiralean,  arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Mila Loinazekin ezkondua zegoen, eta bi alaben (Larraitz eta Naiara) aita zen. Duela gutxi hil zen "Anatx" bertsolariaren koinatua zen.

Biografia:

Iñaki Otaño Urnietako Agirieta baserrian jaio zen Oztaran bailaran. Bertsolari herrikoia zen, eta 1982ko Euskal Herriko Bertsolarie txapelketan parte hartu zuen, neurri ona emanez bertan. Amurizak irabazi zuen txapelketa.

Otaño Andoaingo bertso eskolako irakasle izan zen 80ko hamarkadan; besteak  beste, Jokin Sorazabalen irakaslea izan zen.

Aiurri aldizkariari 2007ko urriaren 26an eskaini zion elkarrizketan Otañok aitortu izan zuenez, plaza gizona baino taberna giroko bertsolaria izan zen. “Hotzegiak” ziren plazak Otañorentzat. Afari eder baten bueltan, bertsoak errazago egiten direla uste zuen. [Elkarrizketa osoa: Hemeroteka]

Afalondoko saio ugari alaitu zituen bere bertsoekin eta umorearekin gaztetan, harik eta 33 urterekin erabaki zuen arte ezin zuela bateratu gaueko bizimodua eta goizez lanerako jaiki beharra.

 

BERTSOAK

Aiurrik eskatuta, 2009ko Sanmielen atarian bertso hauek idatzi zituen:

Sorabillatik: Iñaki Otaño. 59 urte

Gai hauek gustokoak
zaizkit egietan
poza sortzen baidute
bihotz begietan
ohitura zaharrak
garai berrietan
berehalaxe gera
gu Sanmieletan
ia elkartzen geran
denok Urnietan.

Harrijasotzaile ta
korrika bezela
dantzari, sokatira,
demak datozela
sagardo probaketa
pintxo ta okela
jaiak ospatzen dira
gurean horrela
guztion gogokoak
gerta ditezela.

Bizirik dirau gugan
festaren sugarrak
ordurako gordeaz
dauzkagun indarrak.
Elkarganatzen gaitu
ikusi biharrak
kontatuaz geronen
poz eta negarrak. 
Gora gure Sanmiel
ta urnietarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!