Hastear da V. Antton Pebet Memoriala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 7a, 01:00

Aurtengoan ere, Villabonako Behar Zana elkarteko kideek, badute pilotazalea asetzeko asmoa. Beste behin eta aurten bosgarren aldiz antolatu dutelako eskuz binakako Antton Pebet Memoriala, Behar Zanan pilotan aritzen zen Angleteko gaztearen oroimenez jokatzen dena. Kronika (Iñaki Otaegi, Gibitegi II):

Ohitura duten bezala, aurten ere Gabon bueltan ospatuko da. Abenduaren 9an hasi eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko da txapelketa, eta Euskal Herriko pilotari hoberenak aukeratzen ahalegindu dira.

Partidak, ostiral eta larunbatetan jokatuko dira. Guztira, 7 jaialdi eta 16 bikote bi kategoriatan banaturik.

Eta hauxe da aurtengo nobedadeetako bat; aurreko edizioetan hiru mailatan banatzen zen txapelketa. Kadete, jubenil eta senior mailatan. Baina aurtengoan, gazte eta nagusi mailan banatuko dira. Jaialdiko bi partida jokatuz; lehenengoa gazte mailan, eta bigarrena nagusi mailan.

Asteburu honetan, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean jokatuko dira partidak.

Ostirala, abenduak 9, 19:00etan hasita:

1.- Riol – Aranguren & Salaberria – Ruiz

2.- Espinal – Gorrotxategi & Urretabizkaia – Santxez

Larunbata, abenduak 10, 11:00tan hasita:

1.- Anso – Aizpuru & Etxeberria – Ibarloza

2.- Prado – Etchegoin & Azpiri - Murgiondo

Esan liteke txapelketa hau erreferente bihurtzen ari dela Gabon inguru hauetan eta denborarekin, izen handia hartuz eta jende gehiago hurbilduz doala partidetara. Elite mailako txapelketa ederra antolatzen dutelako. Egun profesionaletan dauden Artola, Altuna, Tolosa, Jaka, Arteaga, Erasun, Peña, Agirre, Elordi, Mendizabal III, Martija, Ugalde, Laso, Urruzola, Dario edo Imaz bezalako pilotariek jokatu zuten txapelketa bere garaian, eta beraz, ezin zalantzan jarri maila altuko partidak ikusteko aukera izango dela Villabonako Bearzana pilotalekuan, ostiral honetatik aurrera.

Bestalde, sarrera doakoa izango da jaialdi guztietan eta ohitura duten legez, jaialdi bakoitzean saski eder baten zozketarako errifak salduko dituzte. Beraz, hilabete batez pilotazaleek izango dute Villabonan zertaz gozatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!