Alos Quartet zuzenean, igandean Gurea antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 7a, 01:00

Datorren igandean, abenduaren 11n, ‘Garden’ diska aurkeztuko du Alos Quartet taldeak, laukote formatuan Villabonako Gurea antzokian 19:30etatik aurrera. Xabier Zeberio taldekideak emanaldi berezia izango dela iragarri du eta Amasa-Villabonako nahiz inguruko herritarrak kontzertuaz gozatzera gonbidatu ditu:

Xabier Zeberiok (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrerok (biolina), Lorena Nuñezek (biola) eta Pello Ramirezek (celloa) osatzen dute Alos Quartet. Musika klasiko nahiz modernoan esperientzia zabaleko musikariak dira guztiak eta, talde bezala, 1999 urtean eman zituzten lehen pausoak. Orkestra ezberdinekin lan egiteaz gain, taldekideak folk talde ezberdinetako partaide ere badira (Oskorri, Benito Lertxundi) eta baita Euskal Herriko hainbat musika proiektutako ohiko kolaboratzaile ere. "Taldearen errepertorio zabalak, harizko laukoteko formatutik abiatuta, gaur egungo musikaren esparru anitzak arakatzen ditu ikuspuntu berri bat eskainiz, estilo ezberdinen uretan aurreiritzirik gabe eta naturaltasunez murgilduz", halaxe deskribatzen dute euren webgunean lantzen duten bidea.

‘Garden’ azken diskoa aurkeztuko du laukoteak igandean Gurea antzokian. Emanaldi berezia izango da eta Villabonara gonbidatu bereziren bat gerturatuko dela jakinarazi du Xabier Zeberiok. “Dena ez dugu aurreratuko, baina sorpresaren bat izango da emanaldian zehar". Azken diskoko doinuekin batera, ’10 tanta’ eta ‘Alos Quartet’ aurreko diskoetako doinuak ere joko dituzte eta eskainiko duten kontzertuak mereziko duela uste du, “urtean zehar emanaldi asko eskaini dugu Euskal Herri mailan eta oso harrera beroa izan dute”. Publiko zabalari begirako emanaldia izango da igandekoa, gazte nahiz heldu, adin guztietako pertsonei zuzendutakoa. “Villabona eta inguruko herritarrak kontzertura gerturatzera animatuko nituzke, gozatzeko moduko emanaldia izango delako”.

Bideoak

Eguna: Abenduak 11, igandea.

Ordua: 19:30etan.

Lekua: Gurea antzokia.

Sarrera: 8 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!