Punttuka bertso eskola

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 5a, 01:00

Bertsolaritza sendo dago Andoainen, eta horren adierazgarri da helduen bertso eskola; astero bildu ohi da, 2010ean bildu zenez geroztik. Bertso eskolako kide diren Ion Beloki eta Arkaitz Lasartek azpimarratu dutenez, bertsoarekin gozatzea da eskolara hurbiltzen direnen helburu nagusia. Punttuka elkartea sortu berri dute Andoainen bertsozaletasunari bultzada emateko asmoz.

Zenbatek osatzen duzue helduen bertso eskola?
Arkaitz Lasarte:
Hamar-hamabi lagun biltzen gara, Unai Muñoa irakaslearen agindutara. Basteroko bilera gelan daukagu hitzordua ostegunero, 19:45etatik 21:15etara. Ateak irekita dauzka edonork; edozein garaiotan bertara daiteke, hemen ez baita aisialdiko hainbat ikastaroetan bezala, denboraldiaren hasierarekin batera eman behar izena. 80 eurokoa da urteko kuota. 
Oso talde anitza da gurea. Adinean, zaharrenak hirurogeitik gora urte edukiko ditu eta hogeitik gora gazteenak. Tartean bada euskaldun berriren bat eta baita euskara ikasten ari den beste bat. Giro ederrean aritzen gara guztiok, eta tarteka afariren bat edo beste ere ez da falta izaten. 

Zer esango zeniokete eskolara joateko gogoa eduki arren, lotsagatik edo beste arrazoiengatik pausoa emateko erreparoak dauzkan bertsozale horri?
A.L.:
 Azaldu dadila batere beldurrik gabe. Klaseak oso dinamikoak dira, ez dute funtzionatzen eskema jakin batekin. Unai Muñoa irakaslea oso malgua izan ohi da gutako bakoitzarekin; beti daukazu prest laguntzeko, non zauden kontuan hartuta.
Nire kasua azalduko dizut: orain hiru urte hasi nintzen eskolan, bertsoa zer zen ia jakin gabe. Gogoz netorren, eta aurreneko hiruzpalau astetan entzule gisa jardun nuen; zerbait idatzi egiten nuen, asko jota. Laster, ordea, taldearen dinamikan integratzen hasi nintzen eta agudo joan zitzaizkidan beldurrak eta lotsak. Gaur egun, zertxobait inprobisatzera eta bertso batzuk idatzi ahal izatera iritsi naiz.

Zein da bertso eskolaren helburua, beraz?
Ion Beloki:
Bertsolari bihurtzea, hori ez behintzat. Errimarekin jolastea, bertso bat idazten jakitea, kantatzea… Eta egunen batean, nork daki, bertso bat edo beste bat-batean botatzeko kapaz izatea. Nolanahi ere horrek ez du kentzen nork bere bidea egin dezan, bertsogintzan sakontzen joan dadin eta iristea ez dakit noraino. Bertso eskolara datozen ikasle gehienei, guztiei ez esateagatik, ez zaie burutik pasatzen etorkizunean jendaurrean bertsotan hastea. Normala da errespetua eragitea jendaurrekoak, eta ezin dena da inor behartu. Hori baino gauza kaltegarriagorik ez dago jendeak bertsoarekin gozatzeari utz diezaion. 

Zer moduz doa haurren bertso eskola? 
I. B.:
Poliki moldatu izan da azken urtetan talde koxkor batekin, LH4tik DBH4ko ikasturteko ikasleekin. Gogoz etorri izan dira ikasleak bertsoarekin hitz jolasak egitera, eta Andoainen sortu diren zenbait kultur ekitaldietara gonbidatu izan gaituztenean, hantxe izan gara (Sorozabal eta Mendiluzeren omenaldian, 400. urteurrenean, Haurren euskal jaialdian, FolkExtremen…).
Aurtengo denboraldian oraindik ezin izan dugu taldea osatu, baina eginkizun horretan gabiltza. Besteak beste, zenbait bertsolari gazte ikastetxez ikastetxe dabiltza motibazio saioak egiten.

Beste herrietako bertso eskolekin harremanik ba al daukazue?
I.B.:
Udaberrian Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketa datorkigu, eta Andoainek bere taldea aurkeztuko du, Punttuka elkartearen izenean. 
Gutako bakoitzak bere funtzioa beteko du txapelketa horretan; Jon eta Aritz Eskudero anaiak eta hirurok bat-bateko saioetan hartuko dugu parte; Arkaitz Lasarte epailea izango da, Miren Lopez de Munain antolaketa lanetan arituko da, eta Unai Ormaetxea bakarrizketari eta gai jartzailea izango da.
 
Punttuka elkartea aipatu duzue. Zer dela eta ikusi duzue beharrezkoa Punttuka sortzea?
I.B.:
Batetik, erakunde publikoekin-eta eduki beharreko harremanak bideratzea errazteko. Eta bestetik, bertsogintza sustatzeko Andoainen, arlo ezberdinetan, bertso eskola, publikoari begirako bertso saioak, hitzaldiak…  
Oraingoz, honakoa da gure kontaktua: punttukabertsoeskola@gmail.com. Aurrerantzean, sare sozialak-eta erabiliz bertsolaritzari buruzko era guztietako informazioa emateko asmoa daukagu.

Zer moduzko osasuna dauka bertsolaritzak Andoainen?
A.L.:
Osasuntsu dagoela esango genuke. Andoainen bertsolaritzarekiko badago zaletasuna, badauka publikoa. Gero eta gazte jende gehiago ikusten da saioetan, herrikoetan zein herriz kanpokoetan. Formatu ezberdineko saio ugari egiten da urtean zehar; bertso afariak, bertso saio klasikoak, bertso musikatuak,..   
I.B.: Arkaitzek esandakoarekin jarraituz, iruditzen zaigu Andoainen urtean zehar ematen diren ekitaldi guzti horiek zentralizatu, eta guztiekin egutegi bat edo antzeko zerbait sortu beharko litzatekeela. Elkartea prest legoke lanketa hori egiteko, herriko eragile eta antolatzaile ezberdinekin elkarlanean jardunez.

punttukabertsoeskola@gmail.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!