Muñoa, Beloki eta Mujika bertso-poteoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 2a, 01:00

Bertso-pintxo poteoa egin zen Andoaingo kaleetan zehar atzo ilunabarrean, Unai Muñoa, Ion Beloki eta Andoni Mujika hirukotearekin.

Taberna atarietan jardun zuten bertsolariek, eta entzule ugari eraman zituzten atzetik. Kalean egonean egoteko giro fresko samarra egin bazuen ere, entzuleei agudo  asko ahaztu zitzaizkien hotzak, eurei ziria sartzen saiatu baitziren maiz hiru bertsolariak.

Poliki aritu ziren hirurak ere, baina beharbada Mujikak eragin zien ezustekorik handiena entzuleei. Gaztea da, eta plazetan hasi berri samarra. Etxeko tradiziotik edan duen bertsolaria dela esan daiteke, Anatx bertsolariaren semea baita. Urnietan, Onddipe baserrian bizi da, eta La Salle-Berrozpe ikastetxeko ikaslea da.

Ekitaldia La Salle-Berrozpe ikastetxeak antolatu zuen, Euskararen Nazioarteko Egunaren karira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!