Kalitatezko lanak Andoain laburrean lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 2a, 01:00

Atzo banatu ziren “II. Andoain laburrean” izenburua daraman film laburren lehiaketako sariak, Basteron. Ikus entzunezkoak sarean bihartik aurrera ikusi ahal izango dira osorik, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren www.andoaindarraeuskaraz.eus web orrian.  

Gaia libre izan arren, Manuel Larramendi euskal idazle eta euskaltzalearen liburua azaltzeko baldintza jarri zen oinarrietan.

Ainhoa Aiertzak aurkeztu zuen ekitaldian, egileek sariak jasotzeaz agin euren lanak ikusi ahal izan ziren. Andoaingo Escivi ikastetxeko ikasleak dira guztiak.  

Epaimahaia Berria egunkariko zine kritikari Beñat Eizagirrek, Argia astekariko kritikari Gaizka Izagirre eta Maider Fernandez Esciviko ikasle ohiak osatu dute.

Hona, segidan, lanak, horien egileak eta epaimahaiak azaldutako arrazoiak:

- Lehenengo saria: “Zein da Tino?”. Iker Casado. Barrea sortarazi eta hutsetik istorio bat sortu eta proiektu horretan andoaindar ugari inplikatu dituen lana.

- Bigarrengo saria: “Gaurko egunez”. Ander Zumeta, Irati Uzkudun, Lorea Segurola eta Joseba Gracenea. Hasieratik amaiera bitartean istorioa behar den bezala defendatu eta plano dotoreez hornitu dutelako.

- Hirugarrengo saria: “Arima”. Irving Bonet, iñigo Salaberria, Miren Plata, Carla San Martin, Denmar Cruz eta Borja Subiza. Ipuin edo kondaira moduan herriko toki esanguratsu baten, Unanibiko zubiaren inguruko kontakizun bat egoki asmatzeagatik.

- Laugarrengo saria: “Larramendi”. Leire Esnaola. Manuel Larramendi pertsona bera istorioaren giltzarria delako eta Larramendiri buruz beste idazle batzuek esandakoa txukun agertarazi duelako.

Sariak banatu ostean, Maider Fernandezen “Irudi mintzatuen Hiztegi poetikoa” izenburuko film laburra ikusi ahal izan zen Basteroko ekitaldian.

Bigarrengo edizioa izan da aurtengoa, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Andoaingo Bideo eta Zine Eskolak antolatuta. 16 urte baino gehiagoko gazteek zinea euskaraz egin dezaten sustatzea du helburu lehiaketak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!