Aurrekontu proposamena aurkeztu du Gobernu taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 1a, 01:00

Iazkoaren ildotik doazen arren, Gizarte Zerbitzuetan edota enpleguan sakondu nahi dute. Hedabideen aurrean agertu ziren asteazken eguerdian Andoaingo gobernu taldeko kide diren Ana Carrere alkatea, Agustin Alberro ogasun zinegotzia eta Jon Zulueta enplegu eta gazteria teknikaria. 

Oposizioko alderdien esku utzitako dokumentazioaren aurkezpena egin zuten, zeinean indar berezia egin nahi duten gizarte zerbitzuetan, enpleguan, zerbitzuetan eta inbertsioetan. Ana Carrerek zehaztasun batzuk eskaini zituen. Gizarte zerbitzuen alorrean, esaterako: “Pobrezia energetikoari aurre egiteko urrats berriak planteatzen ditugu. Argindarrari bideratutako dirulaguntzez gain, gasa ordaintzeko dirulaguntzak eskainiko ditugu. Zailtasun ekonomikoak dituzten adin txikiko haurren familientzat, bestalde, eskolaz kanpoko ekimenetan parte hartzeko beka sistema berria ere txertatu nahiko genuke”.

Jon Zulueta EH Bilduko bozeramaileak iaz lortutako adostasun politikoari eusteko borondatea agertu zuen: “Lan metodologian iazkoaren bidetik jarraitzea proposatu dugu. Iazkoa oso garrantzitsua izan zen lau urteko blokeoari amaiera eman zitzaiolako. 2016an lau aderdien arteko akordioa lortu zen, 12 zinegotziren babesarekin. Aurten guretzat hori abiapuntua da. Adostasun horretatik abiatuta hasi gara lanean, eta babes handiagoa lortzea espero dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!