Jon Erasun, pilotari profesional

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 30a, 01:00

Txiki-txikitan hasi zen Jon Erasun pilota astintzen. Afizionatu mailan ibilbide bikaina egin ondoren, profesionaletarako jauzia egin berri du. Pozik da zizurkildarra.

Azaroaren 5ean jokatu zenuen debuteko partida, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zer nolako oroitzapenak dakarzkizu egun hark?

Pilotari guztion nahia izaten da egunen batean profesional mailara iritsi eta debuta egitea. Egun handia izan zen niretzat. Herrikide asko joan zen partida ikustera eta hori ere oso polita izan zen, pozgarria. Bizitza osoan zehar gogoratuko dudan partida izan zen Tolosakoa. Irabaztea tokatu zen gainera, eta oraindik eta gusturago. Partida amaituta, lagunekin Hernanira joan eta pozik ospatu nuen. 

Bestalde, poz handia nuen debutagatik, baina baita urduritasuna ere. Kosta egin zitzaidan partidan sartzea. Binakako partida zen, eta Victor aurrelariarekin bikote osatuta aritu nintzen. Lehendabiziko aldia zen berarekin jokatzen nuela. Horrelakoetan, denbora pixka bat behar izaten da bikotearen jokora moldatzeko. Urduritasun handia nabaritu nuen lehen tantoetan. Azkenean, ordea, jokoan sartu eta partida irabaztea lortu genuen, eta gustura. 

 

Debutean irabaztea lortu zenuen, bigarren partidako emaitza berriz garratzagoa izan zen…

Lehendabiziko partidan baino lasaiago nengoen. Peña nuen aurrelari, eta oso hasiera ona eman genion norgehiagokari. Alde nabarmena lortu genuen markagailuan. Peñarekin partida asko jokatu izan dut afizionatuen mailan, eta ondo ezagutzen dut bere jokoa. Horrelakoetan, automatikoki ateratzen zaizkizu mugimenduak, badakizu nora joan behar duzun. Partidaren hasiera on hura, ordea, okertu egin zitzaigun eta galdu egin genuen, tantu bakarragatik. Sekulako amorrazioa ematen du horrela galtzeak. Galtzeak beti ematen du mina baina horrela galtzeak, oraindik eta handiagoa. 

 

Aurrerantzean jokatu beharreko partiden egutegia zehaztuta al duzu dagoeneko?

Bigarren mailako txapelketa izango da hurrengo erronka nagusia, baina oraindik ez dakit zein datarekin jokatuko den. Hori amaituta, buruz burukoa iritsiko da, eta udako partidak ondoren. Bigarren mailako txapelketa iritsi arte, aste batetik bestera ematen didate jokatu beharreko partiden berri. 

 

Debuta eginda, zer esaten dizu inguruko jendeak?

Ingurukoak pozik daudela sumatzen dut, eta kalean ere, jendeak ezagutu egiten nauela konturatzen naiz. Gerarazi egiten naute animoak emateko eta hori gustura hartzen da. 

 

Nola bideratzen dituzu entrenamenduak? Alde handia nabaritu al duzu?

Tolosan egiten ditugu saioak, eta enpresako jendearekin aritzen gara; Pablo Berasaluze… Entrenamendu luzeak izaten dira, gogorrak. Alderdi fisikoa lantzera Beasainera joaten naiz, astean bi edo hiru aldiz. Gainerako egunetan, pilotan aritzen naiz, Tolosan. Partida noiz jokatzen dudanaren arabera, astean bost entrenamendu saio ere egin ditzaket. 

 

Noiz eta nola jaso zenuen profesional mailako pilotari izateko deia?

Abuztu bukaeran deitu zidaten Asegarce enpresako kideek, nirekin hitz egin nahi zutela esanez. Profesional mailan aritzeko proposamena egin zidaten. Sorpresa ikaragarria izan zen niretzat, oso berri pozgarria. Aspaldiko urteetan pentsamendu horixe nuen; profesionaletara iristea zen nire helburua. Oso eskertuta nago aukera hori eman didatelako, ea aprobetxatzen asmatzen dudan!

 

Hogei urterekin etorri zaizu aukera…

Bai, adin inguru honetako jendea ari dira hartzen, baita gazteagoak ere. Garbi nuen oraintxe zela momentua; beste urtebete pasaz gero oso zaila izango nuela. Azkenean, ordea, etorri da. 

 

Nola definituko zenuke zure jokoa?

Nahiko segurua naizela esango nuke, ez dut pilota gehiegirik galtzen. Aurrelariari ahalik eta gehien laguntzen saiatzen naiz. Ez naiz, ordea, kolpe handikoa. Horixe da orain hobetu behar dudana.

Nola ikusten duzu pilotaren egoera egun?

Zaletasuna badago. Pilotalekura joatea gustatzen zaio jendeari eta hori, oso ona da pilotan aritzen garenontzat. Pilotan jokatzeko zaletasuna ere bizirik dagoela esango nuke, nahiz eta hor badugun erronka handi bat. Futbolak indar handia du gaztetxoengan, eta zaila da pilotara gerturatzea. Pilotarekiko zaletasuna ez da galduko, baina lana egin beharra dago gazteek pilota bigarren tokian utz ez dezaten.

 

Pilota irakasle ere aritzen zara. Zer moduzko esperientzia da hori?

Zazpi eta bederatzi urte arteko umeekin aritzen naiz, astean bitan. Pilotan aritzea da horiekin egin beharreko nagusia; alderdi teknikoa lantzeko ariketatxo batzuk egiten ditugu, baina saioen helburua ez da hori. Zaletasun pixka bat dute ume horiek eta pilotarekin goza dezaten nahi dugu. 

 

Umetan hasi zinen pilotan. Kontaiguzu…

Beti eduki izan dut pilota eskuartean. Zizurkil Goiko zimiterioan, pilotalekuan…, orduak eta orduak pasatzen genituen, lagunartean, pilotan jokatzen. Zaletasun handia genuen eta edozein tarte aprobetxatzen genuen pilotan aritzeko. Pilota elkarte ezberdinetan aritu izan naiz, bestalde. Villabonako Behar Zana elkarteko kide izan nintzen urte batzuetan, Zizurkilgo Ziotza pilota taldea sortu zen arte. Peru Labaka lagunarekin bikotea osatuta ehunka partida jokatu izan dut. Maila bikainean dabil Peru, afizionatuetan. 

Profesional mailara iristearen ametsa bete duzu. Zein da bete beharreko hurrengo ametsa?

Egia esan, ez dut horretan gehiegi pentsatu. Polita litzateke, nola ez, lehendabiziko mailara iritsi eta pilotari ona izatea. Horretarako, ordea, asko hobetu beharra daukat. Pilota urrutiago jartzen ikasi behar dut. Oraingo pilota motarekin oso garrantzitsua da hori. Teknika menderatu behar da horretarako, eta indar fisikoa ere landu behar da. Horretan saiatuko naiz ni buru-belarri. Ez dakit lortuko dudan, baina lan egingo dut. 

 

Aita kirolaria duzu, baina zu zara etxeko lehendabiziko pilotaria. Zer esaten dizute etxekoek?

Pozik daude nik nahi nuena lortzeko modua izan dudalako. Haiei ere eskertu egin behar diet egin duten ahalegina. Aita ia beti joaten da pilotalekura nire partidak ikustera, eta ama ere zaletua da. Itxaso arreba ere esku-pilotan aritutakoa da eta orain palaz lehiatzen da. 

 

Profesionaletara iritsi ahal izateko egin duzun bidean, zein izan duzu bidelagun?

Jende asko izan dut laguntzen. Etxekoak gogoratu nahi ditut lehendabizi. Iñaki Lizaso, Luis Galarraga, Anizeto Lazkano, Pepe Flores…, horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, baita bide honetan guztian era batera edo bestera lagundu didaten guztiei ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!