Ipuinaren unibertsoan barrena Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 29a, 01:00

Ipuinen mundu magikoan barneratzea gogoko dute Idoia Barandiaran eta Lurdes Gorostegik. Ekimen erakargarriak jarri dituzte abian liburutegian.

Ipuinak bizi dituzte eta ama izan aurretik ere, ipuin ilustratu ugari erosten zituzten biek, izugarri gustatzen zaizkielako eta euren “bizioa” delako. Gerora, haurrak izandakoan, oraindik eta gehiago, noski. Mari Asun Landa idazleak erakutsi zion haur eta gazte literatura bizitzen Lurdesi eta tarteka, ipuin kontalari aritzen da Otaño eskolan, “oso gogoko dut ipuinek umeak zein zoriontsu egiten dituzten ikustea eta istorioak kontatzea merezi dutela uste dut”, azaldu du. Aurrez antzerkian ibilita, jendaurrean aritzeko lotsa galdua du Idoiak, hala ere ipuinak kontatzera edonork animatu beharko lukeela uste du, “materiala ona bada, umeak berehalakoan sartzen baitira ipuinaren baitan”. Haurren hezitzaile izanda, eguneroko lanean ere egokitzen zaio ipuin kontalari aritzea.

Kontaketa, ostiralero
Iaz, Plazida Otaño Aiztondoko liburutegiak Zizurkilgo plazan ateak zabaldu zituenean, leku argitsu eta polit horri erabilera eman nahi ziotela erabaki zuten bi elkarrizketatuek. Inaugurazio egunean, herriko ikastetxeetako guraso elkarteetako kideekin harremanetan, ipuin kontaketa saioak antolatu zituzten eta egitasmoak harrera bikaina izan zuela ikusita, astean behin, Ipuinaren tartea izenburupean, ipuin kontaketa saioa antolatzeari ekin zioten. Beraiek egin zuten lehen kontaketa, baina herriko pertsona ezberdinak ipuinak kontatzera animatzea zuten helburu eta ondo baino hobeto lortu zuten, apiriletik ekainera bitartean ez baitzen kontalaririk errepikatu. Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz eta ingelesez ere kontatu izan dira ipuinak eta saio bakoitza ezberdina bezain polita izan dela aitortu dute. “Saioa osatzeko beste inor ez balego, Lurdesek eta biok hartua dugu konpromisoa, baina orain artean ez dugu halako beharrik izan”, adierazi du Idoiak, oso harrera ona duela ekimenak eta beti animatzen dela norbait. Iazko ikasturtean asteazkenetan izaten zen Ipuinaren tartea. Aurtengoan, ostiraletan, 17:30etan hasita. “Haurrak oso gustura etortzen dira. Haur txokoa bost urtera arteko haurrei zuzenduta badago ere, adin guztietako pertsonak gertura daitezke ipuin kontaketetara. Ipuin bakoitzari norberak ateratzen dio bere zukua”, Lurdesen esanetan. Ekimenaren oinarrizko helburua, literaturzaletasuna bultzatzea da; haurrak liburutegira gerturatu eta umetatik liburuekin disfrutatzen ikasaraztea, hain zuzen.

Ipuina, familian
Asteroko saioak ez ezik, hilabetean behin ‘Ipuinen unibertsoa familian’ ekimena ere jarri dute abian. “Gure gogoa zen. Orain artean ez zen larunbatetan liburutegirik zabaltzen eta irekitzen hasitakoan, espazio hori aprobetxatu egin nahi genuen; bai guretzat eta baita umeentzat ere”, diote. Liburutegiaren inaugurazio eguneko saioa erreferentzia moduan hartuta, herriko guraso elkarteetara jo zuten lehenik eta, pixkanaka, herriko talde eta eragile ezberdinekin, hilean behin familiei zuzendutako ipuinen tartea antolatzen dute. Lehenengo saioan ipuinen sorkuntza tailerra bideratu zuten. Azaroaren 19an izan zen bigarrena eta Zizurkil goiko San Millan eskolako kideek bideratu zuten, kontaketa eta ilustrazioa uztartuz. Abenduan bertsoarekin lotuko dute ipuina eta dagoeneko Zizurkilgo nahiz Asteasuko ikastetxeetan ari dira haurrak saioa prestatzen. Martxora begira, Aizan talde feministak hartuko du saioa osatzeko ardura, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira. “Ekimena bailarako herritarrekin batera eraman nahi dugu aurrera, bakoitzak asko baitauka eskaintzeko”, Idoiaren ustez. Aurrera begira ere ideia mordoa dute: ipuin klasikoak, ipuin musikatuak edota kultur ezberdinetako ipuinak lantzeko… Lerro hauek irakurrita, ordea, inori beste ideiaren bat bururatuko balitzaio, ekarpenak jasotzeko gogoz daudela jakinarazi du Lurdesek. Nahi duen ororentzat ekimen irekia dela.

Ipuinaren onurak
Ipuinek haurrengan alderdi positibo asko lantzen laguntzen dutela uste dute biek ala biek. Ipuin kontalariaren eta haurraren artean harreman berezia sortzen dela dio Idoiak. “Ipuinek haurrengan sentimendu ugari sortzeaz gain, euren bizitza ipuinean ispilatuta ikusten dute eta hainbat beldur gainditzeko oso lagungarriak dira”. Gurasoentzat ere baliagarriak direla zehaztu du, egoera ezberdinak landu ahal izateko. Eta zer esanik ez hizkuntzaren garapenerako. Lurdesek, ipuinak amesteko direla zehaztu du, eta haiekin gozatzen den bitartean, zeharka balore mordoa lantzen dela. “Adinaren arabera, ipuin bakoitzaren irakurketa ezberdina egingo du bakoitzak, baina adin guztietako pertsonentzat aberasgarriak dira, eta kulturaren edota ohituren transmisiorako lagungarriak; baita ahozkotasuna edota kantugintza lantzeko ere”.

Hurrengo saioak
Ipuinaren tartea.
Ostiralero, 17:45etan.
Ipuinaren unibertsoa familian. Abenduan: ipuina eta bertsoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!