Sagasti baserria, antzinako bizimoduaren ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 28a, 01:00

Sagasti baserria Asteasun kokatzen da, Zizurkil goiarekin mugan ia. Urkola Alkizalete familia bizi da bertan eta antzinako erara egin dute lan gaurdaino; idi eta astoaren laguntzaz.

Oraindik ere bizirik eusten diote Sagasti baserriko martxari, baina Iñaki Urkola Alkizalete ‘Sagasti’ bertako semeak, –ederra izango litzatekeen arren–, egun bizimodua baserritik ateratzea ezinezkoa dela dio. 20 urtera arte gurasoei laguntzen egin zuen lan Iñakik baserrian. Gero eraikuntzan hasi zen, baina oraindik ere, ahal duen guztietan, baserriko lanetan laguntzen jarraitzen du. “Gurasoak beti idien edo astoaren laguntzaz moldatu izan dira baserrian. Nik traktore txiki bat erosi nuen haiei laguntzeko, baina antzinako erara, eskuz, aritu izan gara beti”, adierazi du. Baserriko garai bateko ohiturak galdu izatearen arrazoia ondorengoa da Iñakiren ustez: “Lan handia eskatzen du baserriak eta trukean ezer gutxi jasotzen da. Gaur egungo bizimoduan jendea ez dago baserriari hainbeste ordu eskaintzeko prest eta husten ari dira”. Iñaki ezkorra da baserriaren etorkizunari begira, ez baserria lanbide bezala hartuta bakarrik, baita bizitoki bezala ere, asko kostatzen baita ingurua txukun mantentzea. Etorkizunera begira, alde horretatik arazo handia datorrela iragarri du, “ez da baloratzen urte gutxi barru zer nolako arazoa datorren: hainbat terreno mantentzeko eskulan handia behar da eta lur-sail horiek garbitu ezean, mendiak zikintzen ari dira. Hemendik hamar urtera horrela jarraituz gero, denak sasiak hartuta egongo dira”. Europako hainbat herrialdetan bezala hemen ere mendiko sailak txukun mantentzeko dirulaguntzak baleude, egoera bestelakoa litzatekeen ustea du.

 

Esnetako behiak

Sagasti baserrian esnetako behiekin lanean bizitu izan dira urtetan eta haiek ematen zituzten txahalak haziz. Betidanik izan dute baratzea, eta egun ere eusten diote, baina etxerako adina lantzen dute. “Lehen baserritarrek ilusioa edukitzen zuten txahalak hazteko; gaur egun jarritako prezioan saltzen dira, bestelako ilusiorik gabe”. Iñakiren esanetan, baserri askok betiko ohitura mantentzeagatik eusten diote bizirik, baina ez bertatik ateratzen den diruagatik. “Ni mutiko nintzela, inguruan familia ugari bizi zen hamar behirekin. Haiek emandako esnetik bizi ginen. Gastuak egun baino gutxiago izango ziren, baina konformidadean gehiagorako ematen zuen”. Egun idi parea eta behiak mantentzen dituzte, baina argi du behietatik bizi ahal izateko beste apustu bat egin beharra dagoela, “hamar edo hogei behirekin ez goaz inora, bolumen handietara jo behar da hortik bizi ahal izateko”. Oiloak eta txerria ere badituzte. 

San Martin inguruan baino, aurreraxeago hiltzen dute txerria Sagastin eta odolkiak etxean egiteko tradizioari eusten diote oraindik. “Nik uste, garai batean hozkailurik ez zegoelako eta produktua freskoa izateagatik banatzen zirela odolki egin berriak etxez etxe, inguruko baserrietan. Oraindik ere mantentzen da ohitura hori”. 

 

Garo eta belar-metak

Aurten gutxi dituztela dioen arren, meta mordoa ikus daiteke Sagasti baserriaren atarian. Garo eta belar-metak egin izan dituzte betidanik eta modu ezberdinetara egin daitezkeela azaldu du Iñakik, “gu garoa berde ekartzen saiatu izan gara, lehortu aurretik. Berdea metatzen dela, bero handia sortzen du –ketan egoten da– eta samurtu egiten da gero. Prozesu horretan, metaren zurtoina bero-beroa egoten da. Garo hori lehortutakoan, animalien azpietarako erabiltzen da”. Nafarroakoekin alderatuta, meta handiagoak egiten omen dira, oro har, Gipuzkoan. “Guk bi metroko altuerakoak egin izan ditugu askotan, gero beheratuz joaten dira, lehortzen bezala txikitzen. Garoa edo belarra jaisten joaten den heinean, gehiago bota behar da”, argitu du. Urte berean 60 edo 80 meta egin izan zituzten garaia gogoratu du Juan aitak, mendian bezala etxe inguruan. Orain belar-bolak egiten hasiak badira ere, lehen ondu egiten zuten menditik ekarritako belar guztia. Metak egiteko garoa nahiz belarra gurdian ekartzen zituzten menditik eta behientzako eguneroko belarra ere astoaren laguntzaz ekartzen zuten. “Ohitura handia zegoen gure etxean behiei eguneroko belarra emateko. Baina negurako lehortu egiten genuen, asko zegoenean batez ere. Metak behar denerako belarra jasotzeko modua dira, egun izozkailuak izan daitezkeen bezala”, aipatu du Iñakik. 

 

Idiekin harrituta

Idiak garraiatuz, ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ filman parte hartzeko aukera izan zuen Iñaki Urkolak. Esperientzia ezberdina izan zen beretzat, berria. Euskal ezkontza batzuetan ere hartu izan du parte, idiek bultzatutako gurdian ezkongaiak eramanez. Bisitari ugariri begia jo izan die euren etxe inguruko mugimenduak eta normaltzat jotzen du hori elkarrizketatuak. “Gure etxe ingurura gerturatuta jende asko aho zabalik geratu izan da idi edota gurdiei begira. Ni haiek erakusteko prest izaten naiz beti. Katalanak, esaterako, inguru honetara etorri izan direnetan, idiak belarrez kargatuta etxera etortzen ikusita, argazkiak ateratzeko baimena eskatu izan digute. Niri normala iruditzen zait giro hori ezagutzen ez duena harrituta geratzea”. 

 

Bizi ohiturak

Bizi ohituren aldaketak eragin zuzena izan du baserriarengan, “gure etxera panaderoa etorri izan da betidanik eta gainerakoan enkarguak astean behin egiten ziren. Ume ginenean zerbait falta bazen eskolatik bueltan ekartzen genuen, baina gauza gutxiagorekin bizitzera ohituta geunden”, azaldu du. Gurasoek ez zuten autorik eta oinez joaten zen Iñaki Asteasuko eskolara, ondo zainduta, gainera; arrebarekin eta inguruko baserrietako beste bost neskarekin. Bizi baino, Asteasu herrian egiten du lo Iñakik, baina lanak uzten dion heinean, egunero etortzen da baserrira, hango lanak egitera. 

Juan aitak autorik ez baina, lau gurdi izan ditu, bakoitza eginbehar zehatz batera bideratuta eta erremintarekin batera, ondo baino hobeto zaintzen ditu guztiak. Mutiko zela, makina bakarra ezagutu zuen etxean Iñakik, segadora. Gainerako lan guztia eskuz egiten zuten. Esaterako, babarruna ereiteko, antzinako modua baliatzen dute oraindik ere, arto makina erabiliz. “Behin lurra prestatuta dagoenean, babarruna eta artoa batera ereiteko oso modu praktikoa da. Momentu batean egiten da, atxurrarekin txuloa banaka-banaka egiten aritu beharrean”, adierazi du. Baserria maite du Iñakik, baina bere ondorengoei ahalik eta ezagutza zabalena eskaintzen saiatzen da, aukera ezberdinak ikusi eta etorkizunean egin nahi dutena aukera dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!