Unai Ugartemendia, Gailurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 29a, 01:00

Unai Ugartemendia andoaindarrak betidanik izan du harreman berezia mendiarekin. Zaletasuna ogibide bihurtu, eta mendi kazetaritzan ari da. Gailurra saioan hartu du parte.

Baserrian jaio eta hazia, mendiarekin lotura estua izan du betidanik Unai Ugartemendiak. Gaztetan, mendi lasterketatan parte hartzen hasi zen, lotura hori gehiago estutuz. “Duela hamabost urte mendi lasterketatan ateratzen hasi, eta haien inguruan idazteko aukera sortu zitzaidan. www.euskaltrail.com web orrirako idatzi nituen lehen artikuluak. Aurrerago, Ternuako bloga kudeatzeko aukera eskaini zidaten: mendi lasterkarien inguruko artikuluak, iritziak, elkarrizketak…, prestatzen nituen eta Mendiko koparen jarraipena ere egin nuen haiekin”.

 

Mendiko kazetaria

Kazetaritzari eta mendiari lotuta dabil egun Unai. “Berria egunkariko mendiko atala umezurtz gelditu zen Ainhoa Lendinezek utzi zuenean, eta niri luzatu zidaten jarraipena emateko proposamena. Hantxe aritzen naiz egun ere. Azken hilabeteotan, bestalde, ETBko Gailurra programan parte hartzeko aukera izan dut”, azaldu du andoaindarrak.

Gailurra saioa izan da Unaik telebistan egindako lehendabiziko lana, eta gustura ageri da egindako lanarekin. Saioetan aterako ziren mendiak aukeratzea zen bere eginbeharra. Horrez gain, mendiarekin harremana zuen jendearekin hitzordua lotzen zuen saio bakoitzerako. “Oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat. Jende pila bat ezagutu ahal izan dut Gailurra saioari esker. Saioak mendian grabatzen zirenez, gainera, nire zaletasunarekin lotzeko aukera izan dut, eta oso gustura aritu naiz. Andoni Aizpururen erredaktore lana egitea ere nire ardura zen, baina grabaketa egunetan, beste mila zeregin izaten nituen; motxilak eraman, jendeari lagundu, kamerak eraman…, nire saltsan ibili naiz, gustura”, azaldu du Unaik.  

 

Bide berriak

Gorbeia, Orhi, Ernio…, telebistan atera diren mendiak hobeto ezagutzeko aukera eskaini dio Unairi Gailurra programak: “Aurrez ezagutzen nituen mendi guztiak, baina beti toki bertsutatik igotzen nituen. Programa honi esker, jendeak zenbat bide ezberdin ezagutzen eta erabiltzen dituen konturatu naiz. Mendi guztiek aukera asko eskaintzen dituzte, eta oso sorpresa politak hartu ditut”.

Saioen grabaketa egunak oso luzeak izan ziren maiz, eta hori kudeatzea egokitu zaio Unairi: “Goizeko 07:00etan hasi, eta gaua iritsi arte, ordu askotako lan egunak izaten ziren. Parte hartzaileak aktibatuta, gogotsu mantentzea zen zailena. Telebistan gauzak mantso joaten dira, eta jendeari azaldu egin behar zaio hori, eta etengabe animatzen aritu”. Horrez gain, zailtasun teknikoak ere izan dituzte, “izan ere, mendian aritzeak baditu bere berezitasunak. Kameralariek atzeraka ibili behar zuten zenbait momentutan. Mendian ibiltzeko ohiturarik ez baduzu, eta gainera, atzeraka joan behar baduzu…, ez zen erraza izan zenbait tokitan. Eskerrak, hala ere, oso eguraldi ona egokitu zaigun. Orhiko saioa izan zen eguraldi kaskarra izan genuen bakarra”.

Erantzun ona

Ikusleen erantzuna oso ona izan da; audientzia datu onak biltzeaz gain, jendearen iritzi sorta jasotzea ere egokitu zaio Unairi. “Zenbait atal ikusiz negar egin duela esan izan dit jendeak. Harrera ona izan du eta gu oso pozik gaude. Grabaketa egunetan ere gertutik bizi izan dugu emozio hori”. Mendian hildako pertsonen senitartekoek eragin diote hunkidura berezia Unairi. “Beriaingo atalean, Iñaki Otxoa de Olzaren lagunak, Beriainen bertan hildako bi gazteren senitartekoak…, oso hunkigarriak izan ziren”. Pantailan azaldu ez diren xelebrekeriak ere bizi izan dituzte Gailurra programaren grabaketan. Anboton, esaterako, galduta ibili ziren, behe-lainoaren erruz. 

 

Elkarrizketak eta hitzaldiak

Berriako mendi atalaren arduraduna da Unai. Alpinistak, mendi lasterkariak, eskalatzaileak…, mendiari lotuta bizi diren kirolariak gonbidatzen ditu Berriako bere txokora. Gailurra saioa grabatzen hasi aurretik, beraz, harreman estua zuen Unaik mendiari lotutako jende askorekin. Juan Vallejo, Alex Txikon, Alberto Iñurrategi, Alberto Zerain…, Euskal Herriko alpinista entzutetsuak elkarrizketatu izan ditu. “Oso jende berezia ezagutzeko aukera eman dit Berriako lanak. Lagun handiak egin ditut horri esker”. 

Ekimen berria darabil orain eskuartean. “Alpinistak eta mendian dabilen jendea, beraiek sortutako lanetik bizi dira, baina ez dute oihartzun handiegirik lortzen; kosta egiten zaie egiten dutena saltzea. Urte hasieratik aurrera, haiek eskainitako hitzaldiak lotzen arituko naiz. Alpinismoa aldatzen ari da, gauza berriak lantzen ari dira, eta hori jendeari helaraztea da nire helburua”, azaldu du. 

 

Gozagarri

Unaik garbi du mendia gozatzeko tokia dela. “Burua argitzeko premia dudanean asko gustatzen zait mendira joan eta bueltatxoa egitea. Korrika egiteko, ezinbestekoa da niretzat lagunartean joatea, baina bueltatxoa oinez egin nahi dudanean, nahiago dut bakarrik joan. Lasaigarria egiten zait. Andoainen bizi nintzenean oso maiz joaten nintzen Adarrara. Orain Tolosan bizi naiz, eta Uzturrerako joera dut, nahiz eta oraindik ere hurbiltzen naizen Adarrara, noski”.  

Lagun asko egiteaz gain, bidaiatzeko aukera ere eman dio mendiko kazetaritzak. “Aurten, esaterako, Mendi lasterketen Munduko koparen jarraipena egin dut, eta horrez gain, mendiari lotutako beste hainbat bidaia ere egin dut urtean zehar. Gustura joaten naiz horrelakoetan. Hala ere, bi haur ere baditut, eta neurtu egiten ditut irteerak”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!