Begirada berezi eta zorrotzeko argazkilaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 28a, 01:00

Egoitz Bengoetxea, argazki kamera eskuan hartuta abiatzen da kalera maiz. Enkarguz edo bere kabuz egiten du lan eta irudi asko www.otxabi.com gunean zintzilikatzen ditu.

Gaztetxotan piztu zitzaizun argazkilaritzarekiko zaletasuna. Nolatan?

Umetatik erakarri izan nau argazkilaritzak. Aita eta osaba bereziki, maiz ikusten nituen mendian argazkiak ateratzen. Umea nintzela, normala denez, aitak ez zidan bere argazki kamera erabiltzen uzten eta, noski, debekatuak erakarri egiten du beti. Osabak eman zidan nire lehenengo argazki kamera. Gogoan dut 80ko hamarkadako kamera zahar bat zela eta harekin ateratako argazkietako bat, udako lehiaketa batera aurkeztuta argazki kamera analogikoa irabazi nuela. Gerora, lanean hasitakoan, lehenengo kamera dijitala erosi nuen eta haren bidez beste argazki lehiaketa bat irabazi nuen, kamera hobexeagoa lortuz. Soka baten modura, batak bestea ekarri zuen.

 

Zer eragin izan du mendiak zure argazkilari bidean?

Mendiagatik izan ez balitz, nik uste, agian ez zitzaidakeela barruko harra piztuko. Hasieran mendiarekin lotzen nuen beti argazki kamera. Halaxe ikusi izan baitut etxean. Gerora kamerarekin gauza gehiago egin zitekeela jabetzen hasi nintzen pixkanaka. Momentu honetan egoerak erretratu eta bestelako tekniketan esku hartzera bultzatu nau, baina batik bat, kirolaren alorra ari naiz lantzen. 

Azken batean, gustuko dudan mundura bideratu dut argazkilaritza: kirolera eta mugimendura... Sare sozialei esker abantaila dugu orain, bakoitzak bere estiloa izan arren, ikusitako gustuko irudiak imitatzen ahalegintzen baikara. Nire kasuan, hasieran mugimendurik gabe, –izoztuta–, ateratzen nituen kirolariak, gerora jokoak egiten hasi nintzen; izerdi zipriztinak ere harrapatzen saiatzen edota flasharekin mugimendua bilatzen. 

 

Eskatuta edo zure gisara, nola egiten duzu lan?

Enkarguez gain, nire kabuz argazki ugari ateratzen dut. Kirol saio ugaritara gerturatzen naiz kamera eskuan hartuta. Esaterako, ez naiz batere autozalea, baina martxoan Gabirian eta uda amaieran Aramaion bi rallytan aritu nintzen argazkiak ateratzen eta autoen mugimendua jasotzen asmatu nuelako, oso harrera beroa izan zuten argazki haiek. Eta noski, oso pozgarria izan zen hura niretzat. Pilotalekuetara ere askotan joaten naiz argazkiak egitera. Frontoian zaila da argazki onak ateratzea eta halakoren bat ateratakoan asko zabaltzen dira. Jendeak nire argazkiak gogoko dituela, interesa daukala eta erabili egiten dituela ikusteak asko motibatzen nau.

 

Argazki dotoreak atera arren, hobetzen eta ikasten jarraitzeko aukera egin duzu. Zertan ari zara zehazki?

Zenbat eta gehiago ikasi, oraindik ikasteko geratzen zaidan guztiaz konturatzen naiz. Oso gai zabala da argazkilaritza. Hasieran hastapen ikastaro bat egin eta nahikoa izango zela pentsatu arren, jarraitu bezala, sekula amaitzen ez den mundua dela jabetu naiz. Hastapen ikastaroak nonahi aurkitzen dira, baina kosta egin zitzaidan nik nahi nuen hura aurkitzea, gai zehatzak eskaintzen baitituzte. Flasha erabiltzeko edota edizio lana egiteko ikastaroak egin izan ditut eta, orain, ikastaro potoloagoarekin ari naiz Donostian: hastapenetik hasi eta, estudioa, errebelatua, analogikoa, kamera tipo ezberdinak..., arlo ezberdinak lantzen ditugu bertan. Bi urteko ikastaroa da eta askorako ematen du horrek. Aurten lanarekin ondo uztartzen dut eta gustura nabil. Probetsua atera nahi diot ikastaroari eta eskolara joateaz gain, nire kabuz, etxean ere praktikatzen ari naiz; gainerakoan airean gera baitaiteke jasotako informazio asko.

 

Une honetan zaletasuna duzu argazkilaritza. Zein norabide hartu nahiko zenuke etorkizunera begira?

Argi daukat argazkilaritzatik atera nahiko nukeela bizimodua. Kontziente naiz oso zaila dela, baina ez dut saiakera egin gabe geratu nahi. Pixkanaka mundu horretan sartzen ari naiz: umeen erretratuak egin ditut, baita ezkontzaren bat ere, enkarguren batzuk ere baditut lotuta... Zaletu bezala jarraituko banu, ezetz esango nioke ezkontza batean argazkiak egiteari, baino bide horretatik tira nahi dudalako hasi naiz pauso horiek ematen. Orain artean ez nintzen ausartzen, baina argazkilaritza lanbide bihurtzeko saiakeran hasi naiz. Burutzen ari naizen ikastaroak bidea argitzen eta konfiantza hartzen lagundu dit. Eskolan nabilela aprobetxatuz, irakasleari erakusten dizkiot tarteka nire argazkiak eta bere iritziak entzunez ere asko ari naiz ikasten. Azken urte honetan, gaia serio hartu dudanetik, neronek ere eboluzioa ikusten dut nire argazkietan. 

 

Ikuspegi ezberdineko argazki bereziak egiten dituzu...

Egun, guztiok ateratzen ditugu argazkiak eta zer edo zer ezberdina egiten saiatzen naiz. Orain argazki kamera profesionala dut, baina orain artean, lehen mailakoa ez zen kamerarekin ibili naiz. Esaterako, Zegama-Aizkorri mendi lasterketara argazkiak ateratzera joandakoan, nirea baino kamera hobeak ikusten nituen nonahi eta nabarmentzekotan, irudi ezberdina atera beharra neukan. Horretarako enfoke desberdinak hartuz, ezohiko angularrak erabiliz..., berezitasunei garrantzia ematen ikasi dut. Argazkiak egiteko lurrean arrastaka ibiltzen naiz maiz; azpi-azpitik hartutako enkuadreak edota lurraren desenfokeak asko gustatzen baitzaizkit. Lehen mailako kamera esku artean hartuta, beste liga batean sartu naiz orain. 

 

Kamera digitalaz gain, ez duzu analogikoa alde batera baztertu... 

Gutxitan egiten dut, garesti ateratzen delako eta prozesua nahiko zaila delako egun, baina izugarri gustatzen zait karretea erabiliz argazkiak ateratzea. Aitak umetan uzten ez zidan kamera horri etxean bertan ia erabili gabe zegoen 50 milimetroko objektibo finkoa jarrita, erreportajea egin diet berriki ilobei. Bi karrete erabili ditut, granulatutako argazkiak ateratzeko. Kapritxoa izan da. 80ko hamarkadako kamera guztiz manualarekin eta aipatutako objektiboarekin egin dut erreportaje guztia. Muga horiek buruari buelta ugari ematera behartzen dute eta ez dago hori baino ariketa hoberik argazkilaritzaz ikasteko. Karreteko kamerarekin argazkia atera aurretik, ondo begiratzen ikasten da, dena ondo neurtzen... 

 

Nahi berezirik ba al duzu argazkilari bezala? 

Orain artean argazkiak egiteko izan dudan aukerarik onena, 2011n Chamonix-Saas-Feeren artean eginiko mendiko eskien trabesian izan nuen. Bederatzi eguneko ibilaldia izan zen eta egun bakar batean izan ezik, oso eguraldi ona egin zigun. Gauez abiatzen ginen bidean eta egunsentiak goiz samar harrapatzen gintuen. Alpeak, –mendi-orratzez, izotzez edota elurrez inguratuta egonda–, aukera ezin hobea ziren argazkiak egiteko. Momentu honetan, berriz ere egoera hura errepikatzeko aukera izatea gustatuko litzaidake, Alpeetan edota beste lekuren batean. Orain dakidanarekin argazki haiek hobetzeko aukera izango nukeela uste baitut.

 

Abian duzu argazki ugari erakusten dituzun www.otxabi.com gunea...

Argazkilari gehienek webguneari euren izen-abizenak jartzen badizkiote, proiektuari Otxabi izena jartzea erabaki nuen nik. Bitxia da, baina jende askok Egoitz baino Otxabi bezala ezagutzen nau egun. Hasieran paisaiak edota mendietako argazkiak zintzilikatu nituen gehienbat. Azken urtebetean kirol argazkietara lerratu naiz gehiago eta une honetan tarte hori da seguruenik guneko indartsuena. Erretratuak ere tartekatzen ditut, esan bezala, alor hori ere lantzen ari bainaiz uneotan.

 

Herriko hainbat kirolariri eginiko argazkiekin 2017ko egutegia osatu duzu… 

2013. urtean Barilotxera (Argentinara) joan nintzen lagun batzuekin batera eskiatzera. Bidaia aitzakia hartuta, egutegiak ateratzea erabaki genuen eta harrera ona izan zuten. Hurrengo urtean kaleratu ez nituenez, jendeak eskatu egiten zizkidan eta 2015ean egutegia prestatu nuen berriro. Oso harrera beroa izan zuten; saltzeko ahalegin berezirik egin gabe, 150 aleak berehalakoan agortu zitzaizkidan. Aurten kirol modalitate ezberdinetan aritzen diren Amasa-Villabonako kirolariak hartu ditut gaitzat eta argazki saio bereziak egin ditut 2017ko egutegirako propio. Egutegirako argazki horietako asko aire librean atera ditut eta giroaren arabera moldatu naiz, saio bakoitza inprobisatuz. Egutegiak Amasa kafetegian, Basajaun liburu-dendan, Albisu kirol-dendan eta Erreka tabernan salgai daude dagoeneko, 10 euroren truke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!