“Generoa transbersalki landu behar da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 28a, 01:00

Udal ordezkariek aniztasunari buruzko jardunaldiak aurkeztu zituztenean, mahaikide izan zituzten Josune Mayor Sustapen saileko Udal teknikari arduraduna eta Eli de Arriba berdintasun teknikaria. Aurreko astean Mayorren adierazpenak jaso eta gero, Aiurrik berdintasun alorrean egiten denari buruzko informazio gehiagoren bila jo du Eli de Arriba Udal teknikariarengana.

Aniztasunari buruzko egitarau oparoa osatu du Udalak. Zeregin handia dagoela ikusten duzu zuk ere?
Eli de Arriba.
Aurkeztutako egitaraua abiapuntua da, lehen esperientzia elkarlanean. Generoa transbersalki landu behar da alor guztietan, baina nire ustean kultura eta hizkuntza mailatan bereziki.

Tratu txarren inguruan kontzientzia hartzeko egunak dira...
E.A.
Azaroaren 25a oraindik ere aldarrikapenerako eguna da, zoritxarrez. Egutegitik desagertzea nahiko genuke, baina oraingoz ez da horrela izango.
Eta era berean, errealitate gordin horren aurrean arduratuta gaude. Administrazioak ardura bat du gizartearen aurrean, erasoak saihesteko baliabideak eskainiz. Besteak beste, heziketa guneei edota herritarrei.

Han eta hemen gertatzen ari dira emakumeenganako erasoak. Urnietan ba al dago kasu horietarako protokolorik?
E.A.
Lehenengo eta behin egoera horretan dauden pertsonek bere egoeraren kontzientzia hartu behar dute, eta laguntza eskatu. Urnietan protokoloa lantzen ari gara orain, eragile bakoitzak berea duelako. Osasun etxeak protokolo bat du, Ertzaintzak bestea, Udaltzaingoak berea eta Gizarte Zerbitzuetan gurea. Jar gaitezen biktima den pertsona baten azalean, lau eragileei bere sufrikarioaren berri eman behar al die? Hori saihesteko lanean gabiltza, bakoitza bere eginkizunetatik abiatuta. Formazioa jasoko dugu eta sarean lan egiten hasiko gara. Mahai bat osatu dugu eta helburua protokolo bakarra erabiltzea da.

Tratu txarrak hamaika aurpegi ditu. "El nunca me pegó" dokumentala eskainiko duzue, tratu txarren ingurukoa. Zertaz doan azalduko al zeniguke?
E.A.
Indarkeria begi morearekin edo kolpatutako begiarekin lotzen dugu. Eta hori Urnietan eta Gipuzkoan oso kasu gutxitan gertatzen da. Joan gaitezen haratago, demagun, biolentzia psikologikora. Dokumental horretan biolentzia mota hori jasan zuten hiru emakumeren kasuak azaltzen dira. Egoera horren kontzientzia hartu eta arazo hori gainditzea lortu dute.

Solasaldira, gainera, Irantzu Varela ikus-entzunezkoaren egileetakoa etorriko da...
E.A.
Kazetaria, feminista da. La Tuerka estatu mailako internet TV katean saio berezia dauka, zeinean azalpenak 4-5 minutuko bideoen bidez oso modu argigarrian eskaintzen dituen. Dokumentalaren egilea da, eta lan horregatik sariak jaso izan ditu.

Azaroaren 25az gaindi, Berdintasun sailaren lan ildo nagusiak azalduko al zenizkiguke?
E.A.
2013-2016 urteetan lehen berdintasun plana landu zen. Bigarren plana martxan jartzen ari gara, Udal lansail guztiak bertan dauden mahai teknikoaren gidaritzapean. Horrez gain, lehen aipatutako protokoloa lantzea lehentasunezkoa da.
Era berean, jarduera ezberdinekin jarraituko dugu. Datorren hilabetean, esaterako, ahalduntzeari buruzko Pepa Bojóren tailerra izango da. Urte batzuetan aritu da Urnietan eta dagoeneko 60 emakumek parte hartu du tailer horretan.

Berdintasunaren eta rollen aldaketaren bidean baikor izateko arrazoiak zein adibide errealetan ikus daitezke?
E.A.
Urnietan Marimore emakumeen elkartea hasi berria da, eta hori oso pozgarria da. Irantzu Varelaren lana edota Pikara aldizkari feminista nabarmenduko nituzke. Nazioartean, esaterako, Turkian emakumeek lege bat gerarazi dute eta Argentinan emakumeak kalera irten dira euren eskubideen defentsan. Zerbait mugitzen ari den seinaleak dira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!