Jostailu eta opari bilketa, Aiztondo bailaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 25a, 01:00

Premian dagoen jendeari laguntzeko asmoz, jostailu eta opari bilketa egiten du Aiztondoko Denbora Bankuak, Gabonen inguruan.

Urte mordoska da Aiztondo bailaran opari eta jostailu bilketa egiten hasi zirenetik. Aiztondoko Denbora Bankuak jarri zuen martxan, premian zeuden familiei laguntza eskaintzeko asmoz. Olga Villa larrauldarrak gertutik bizitu zuen ekimenaren sorrera prozesua: “Duela zortzi urte inguru jarri genuen martxan jostailu bilketa. Gure eskualdean premia ekonomikoa zuen jendea bazegoela sumatzen genuen Denbora Bankuko kideok. Urtean zehar, truke azokak antolatu ohi ditugu, eta pentsatu genuen egokia izango litzatekela Gabonen inguruan opari bilketa egin eta beharrean zeudenen artean banatzea”.
Egoera ekonomiko gogorrean zeuden familia horiek identifikatzea zen lehendabiziko pausoa, eta Nekane Zubizarreta gizarte laguntzailea izan zuten horretan bidelagun. “Gure ekimena aurkeztu genion, eta bera harremanetan jarri zen beharrean zeuden familiekin. Familiek gustura hartu zuten ekimena, eta aurrera egin genuen”, azaldu du Olgak.

Oparien bilketa
Jostailu eta opariak banatu aurretik, ordea, bildu egin behar dira, eta horretarako, bilketa egun ezberdinak zehazten dituzte Denbora Bankuko kideek: “Gabonen aurretik zehazten ditugu datak. Aurtengo bilketa dagoeneko martxan dago eta deialdia zabalduta dago eskualdeko herrietan. Etxean erabiltzen ez diren gauzak ekartzeko eskatzen diegu herritarrei, badakigulako premian dauden familia horiek gustura hartuko dituztela. Bilketa egin ondoren, jasotakoa sailkatu, garbitu eta txukundu egiten dugu, ahalik eta egoera onenean uzteko. Denbora Bankuko kideak aritzen gara horretan, baina laguntza ere izaten dugu”. Azaroaren 30ean egingo dituzte txukunketa lanak, banaketa egunean guztia prest egon dadin.  

Premian daudenentzat
Jostailuak, liburuak, arropa, bestelako opariak..., denetarik biltzen dute Denbora Bankuko kideek. Olgak argitu duenez, “panpinak, bizikletak, kaskoak, motxilak, puzzleak, liburuak, eraikuntza jolasak, arropa, mozorroak…, gauza asko ekartzen du jendeak. Gure lana izaten da egoera txarrean daudenak baztertzea eta gainerakoak txukuntzea. Familiak etortzen direnean, denetarik izaten dute eskura. Gizarte Zerbitzuetatik luzatzen diguten familien zerrenda eskura edukitzen dugu guk, eta haiek izaten dute gauzak hartzeko lehentasuna, baina ez da deialdi itxia. Beste norbaitek jostailu eta opariak eskuratu nahiko balitu, aukera izango luke”.

Banaketa, Zizurkilen
Abenduaren 13an eta 14an egingo dute aurtengo jostailuen eta oparien banaketa. Orain arte Asteasuko industriagunean egin badute ere, Zizurkilgo Perot enpresa zegoen eraikinean antolatu dute aurtengo banaketa. “Goizez eta arratsaldez zabalduko ditugu ateak. Premia ekonomikoa duten familia horiek dagoeneko badute deialdiaren berri eta haiek izango dute lehentasuna, baina, lehen esan bezala, edonork izango du sartu eta zerbait hartzeko aukera. Oinez gerturatzeko moduko tokia da Peroteko pabilioia. Asteasuko bidegorrian barrena joanda, Zizurkil Goiko bidegurutzea hartu, eta 600 metro ingurura dago pabilioia. Nolanahi ere, kopurua pixka bat mugatzen saiatzen gara, inor ez dadin oparirik gabe geratu”.
Banaketa amaitu ondoren soberan geratutako jostailu eta opariek, beste aukera bat ere izango dute. Olgak azpimarratu duenez, “Emaus edo antzeko elkarteren batera bideratuko ditugu. Norbaitek aprobetxatzea da helburua, eta horrelaxe egitea erabaki genuen”.
Jostailu eta oparien bilketari dagokionez, eskualdeko ikastetxeen laguntza ere izaten dute Denbora Bankukoek. Data gerturatzen den heinean haiengana zuzentzen dira, “eskoletan dagoeneko erabiltzen ez duten materiala eskatzen diegu. Eskuzabal jokatzen dute gurekin, eta beti izaten dute zerbait emateko. Haurrekin lantzeko gai garrantzitsua ere bada, gugandik gertu, premian dagoen jendea bizi dela jakin dezaten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!