Joan zen abuztuan zabaldu zuten Zizurkilgo Beibategi jatetxea eta gustura ari dira geroztik bertan lanean, “ondo hartu gaituzte herritarrek eta ezin gaitezke kexa”, adierazi dute Alfredok eta bere emazte zizurkildar Gurutze Resak. Ekuadorkoa izanagatik, Euskal Herrian igaro du ia bizitza erdia eta euskal sukaldaritza landu izan du betidanik Alfredok, “euskaldunekin egin dut beti lan sukaldean eta bertako sukaldaritza ezagutzen dut”. Izan ere, 1999ko Ekuadorko krisi ekonomikoaren ondoren etorri zen Alfredo Euskal Herrira, herrialdeak porrot egin zuenean. “Hiru milioi ekuatoriarrek herrialde ezberdinetara lan bila joateko aukera egin genuen orduan”. Arreba baten bidez iritsi zen Gipuzkoara eta Hondarribian aritu zen lanean lehen hilabetean. “Gero, Zarauzko taberna batean hasi nintzen sukaldeko lanetan. Denborarekin sukaldeko arduradun izendatu ninduten. Arriskatu egin nintzen eta asko ikasi nuen. Lau urtez bertan lan egin ondoren, Donostian jarraitu nuen lanean; nire kabuz aurrena, Mikel Ubarretxenarekin gero”, azaldu du. Pertsonak arduratsua eta langilea izan behar duela uste du Alfredok; saiatu egin beharra dagoela aurrera egiteko, “ateak ixten baitira bestela. Aktiboa eta arriskatua naiz, zer esanik ez haurrak tartean daudenean, eta negozioa abian jartzea erabaki dut”.
Lurrikararen eraginez bueltan
Hamasei urte eta erdi Euskal Herrian igarota, bertan ezagutu zuen Gurutze emaztea. Bizimodu berri baten bila Ekuadorrera joan eta jatetxea zabaldu zuten igaro zen otsailean Mantan. “Hilabete eta erdi generaman negozioarekin eta oso ondo ari ginen lanean, baina joan zen apirilaren 16ko lurrikarak izugarrizko sarraskia eragin zuen bertan. Ehundaka pertsona hil zen eta herria suntsituta geratu zen. Haur txiki bat geneukan eta emaztea bigarrenaren haurdun zegoenez, berriz ere Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen”, adierazi du Alfredok. Gertaera gogor haiei aurre egin, eta ausardiaz jokatuz, Beibategi jatetxea zabaltzea erabaki zuten orduan. Ostalaritzan egin izan dute lan biek betidanik. Gurutzek oso oroitzapen ona zuen gaztetxotan gerturatzen zen Beibategi jatetxeaz, eta berriz ere garai hartako mugimendua eman nahi diote jatetxeari.
Etorkizunean, haurrak hazitakoan, Ekuadorrera itzultzea gustatuko litzaioke Alfredori, baina momentuz, bere bigarren herrian jarraituko du. “Ekuadorren baino bizitza parekatuagoa da hemen, berdintasun egoeran bizi gara. Han aldaketa handiak daude batetik bestera”, aitortu du. Izugarri gogoko du euskal musika, –trikitixa batez ere–, eta festa dagoen lekura joatea gustatzen zaio, giroaz gozatzera. Gogoko ditu euskara eta euskaldunaren hitza ere. Jaioterritik zerbait faltan botatzekotan, “marisko freskoa” aipatu du, baina dagoen lekura egokitzen ikasi duela, hango edo hemengo bizimodura.
Kalitate oneko generoa
Azaldu dutenez, saltsa berdean, almeja eta otarrainez lagundutako legatzak harrera bikaina du Beibategiko eskaintzen artean. Baita onddo-nahaski edo errebueltoak ere. Astegunetako eta asteburuko menuaz gain, karta ere eskaintzen dute eta ogitarteko eta razioak ere bai. Azkenburuko edo postreak etxean egindakoak direla nabarmendu du Alfredo sukaldariak, goxo-goxoak. “Karta xumea eskaintzen dugu, berebiziko aukerarik gabea. Garrantzitsuena eskaintza goxoa eta zaindua izatea da, bezeroa gustura gera dadin. Eta jendeak errepikatu egiten duela ikusita, badirudi gustatu egin zaiela”, dio. Euren plateretako generoa ona izateari garrantzia handia ematen diote Beibategin, ezinbestekoa da hori Alfredorentzat. “Haragi eta arrain ona ekartzen dugu. Kalitate ona segurtatuz, eskaintza prezio onean egiten ahalegintzen gara”, gaineratu du.