Leitzarango bazterrak txukuntzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 25a, 01:00

Auto gurpilen kubiertak, llantak, sukaldeko tresneria, burdin puskak… Denetik topatu eta bildu dute Leitzaran ibaiaren bazterretan egunotan. Lau gaztek Hezi Zerb elkarteko kale hezitzaile batekin jardun dute lanean, eta bildutakoaren lagin bat jarri zuten ikuskai Goikoplazan atzo.

“Bost egunetan goizez egin dugu lan. Leitzaran ibaiaren bazterrak garbitzeari ekin diogu. Gure harridurarako, esan behar dugu ez genuela espero hainbesteko zakar biltzea”. Halaxe mintzatu zen Andoni Otaño, Hezi Zerb elkarteko hezitzaile eta egitasmoaren koordinatzailea.

Europar Batasunak bultzatu du “Gazteen aktibazio proiektua” izeneko ekimen hau, eta Andoaingo Udalaren laguntza jaso du besteak beste. Otañoren hitzetan, “Motibazio gabe dauden gazteak, eskola eta lan mundutik kanpo dauden gazteak motibatzea du helburu egitasmo honek. Kasu honetan, Leitzaran ibaia berreskuratu nahi izan da”.

Garbiketa lanetan parte hartu duten Jagoba, Ruben, Oskar eta Jorge gazteak gustura agertu ziren egindako lanarekin, eta Otañok azaldu zuen bildutako zakar guztiaren lagin bat zergatik eraman zuten Goikoplazara. “Zakarrak propio jarri ditugu ikusgai kalean, herritarren interesa eta kontzientzia pizteko. Egia esanda, jende ugari geratu da begira-begira, eta guk bezainbesteko harridura erakutsi du ikusitakoarekin”.

Goikoplazan erakusgai jarritako zakar guztia, gehi beste hirurogei bat poltsa handietan kabitzen zen guztia Garbigunera eraman zituzten ondoren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!