Orain 35 bat urte, ‘Zertarako erabiltzen zen Murgil mendiaren atzealdean dagoen putzu edo iturri hura?’ galdetu zion Koldo Jauregik aita zenari. Eta hark, ‘Hura linu-putzua huan’ erantzun zion. Geroztik ez omen zuen gaiaren inguruan ezer pentsatu, ezta zer zen linu edo linua ere. Baina iaz Larraulen karobia berritu eta martxan jarri ostean, aurten beste zer edo zer egin nahi zuen eta Dina 7 kultur elkarteko kideekin adostuta, linu-putzua berreskuratzea erabaki zuten. “Aita orain 22 urte hil zenez, bizirik dagoen norbaitekin ziurtatu nahi nuen aitak esandakoa egia zela eta Antselmo Larrarterengana jo nuen. Putzu hark zein erabilera zuen galdetuta, ‘nik ez nuen ezagutu, baina gure aitonak linu-putzua zela esaten zuen’ azaldu zidan”. Zalantzarik ez zegoela ohartuta, Pili Otaegi Dina 7 elkarteko kidearekin batera, antzinako erara linua osatzeko prozesu osoa martxan jartzeari ekin zion.
Eta zer da linua? Bada, ehungintzan erabili zen lehenengo landare zuntza, egiptoarrek ere erabiltzen zutena. Euskaraz haria esan nahi du. Antzina, linuaren laborantza oso garrantzitsua izan zen Euskal Herrian. Maindire, arropa nahiz hil oihalak egiten ziren harekin.
Joan zen urtetik hasita, sekulako lana egin dute Koldo Jauregik eta Pili Otaegik elkarlanean. Prozesu osoa euren eskuekin landu dute, patxadaz eta ilusioz. Pilik badu, ordea, pena bat; berandu samar iritsi izana. “Ez dugu linua egiteko prozesua lehen pertsonan ezagutu zuten pertsonen testigantzarik jasotzeko aukerarik izan. Badirudi XX. mendearen hasieran amaitu zela linua egiteko ohitura, 1910-1920 hamarkaden artean”, dio. Zuzeneko testigantzarik ezean, liburu ezberdinei esker ikasi dute linuarekin lotutako guztia eta euren esperientzia baliatuta, ‘Linua Larraulen 2016’ liburua ere osatu dute.
Zein izan zen linua lantzen hasteko egindako lehen lana?
Pili: Garaian, maiatzetik aurrera, linu landarea loratu egiten da eta inguru honetako zelaiak, belar tarteetan, beteta egoten dira. Asteasutik Larraulera bidean, bide bazterretan erraz ikusi ahal izaten da. Guk Argibel atzeko zelai batetik lortu genituen hazi batzuk. Hazi horiek lurberrian erein –lehenago sorotan erabili ez den lurrean indartsuago hazten baitira– eta landarea sortu zen hortik. Bi urte garai daude linu haziak ereiteko. Martxoa eta iraila. Martxoko linuari linu berdea deitzen zaio. Irailaren 23a, berriz, San Lino eguna omen da eta horrek, uda pasa eta gero, garai horretan linua ereitea komeni zela adierazten du. Guk martxoan ekin genion, gure lana urte naturalekoa zelako, baina aldea omen dago: irailean ereindakoa askoz fuerteagoa, altuagoa, lodiagoa eta sendoagoa izaten da, fibra edo hari gehiago ematen duena. Martxokoa, berriz, eskasagoa eta finagoa. Udaren ondoren linua azaoka edo sortaka jaso –garia bezala– eta lehortzen utzi genuen. Lehortu ondorenean, aletu egin genuen. Aletzerakoan, sortakari hazia kentzen zaio beste ezerekin hasi baino lehen. Bada karrama izeneko burnizko hortzak dituen orraziaren moduko tresna bat, bertatik sortak pasata, aletu egiten duena. Ale hori beste zerbaitetarako erabili nahi bada gorde egiten da eta bestela hurrengo urtean ereiteko ere balio du. Hortik aurrera hasten da prozesua.
Zein da prozedu hori?
P.: Pilarika eguna aukeratu genuen linu-putzuan lehortutako linu sortak beratzen jartzeko. Liburuetan, landarearen, eguraldiaren edota putzuan dagoen ur kopuruaren arabera, linua bost egunetik hamabost egunera arte eduki behar dela beratzen aipatzen da. Leku batzuetan itsaso bazterrean ere egiten zuten ur gaziarekin, eta beste batzuetan errakatan. Baina linuak botatzen duen pektosa sustantzia toxikoa denez, erreketako urak kutsatuta geratzen ziren eta garai batean debekatu egin zuten, ur hori ganadua hiltzera ailegatzen zelako. Orduan, linu-putzuak sortu ziren erreken aldamenean. Larraulgo hau garai horretakoa izango da. Bada, linu-putzuan eduki genituen linu landareak beratzen. Ia egunero etortzen ginen prozesua nola zihoan ikustera, ez baikenekien zenbat denbora beharko zuten. Liburuetan eguna baino gau bat gehiago pasa behar dutela jartzen du. Motiboa zein den ez badakigu ere, saiatu ginen hori betetzen. Bederatziurrena beteta atera genuen landarea putzutik.
Koldo: Beti ikasten da zerbait. Guk sekula ez genuen halakorik egiten ikusi eta bazuen bere arriskua. Oraindik ez dakigu nola aterako den dena, baina lehen pausoak eman ditugu eta badoa aurrera. Landarea ondo beratu da eta lehortzen eduki dugu geroztik.
Eta orain zer?
P.: Azaroaren 26an, Kultur Astearen baitan antolatu den erakusketan, linua, haria nahiz ehuna bihurtzerainoko pausoak ikusgai izango dira. Hain zuzen ere, 1.- Linarriketa, 2.- Trangaketa, Sugarketa edo Ezpatatzea, 3.- Txarrantxaketa, 4.- Ardazketa edo Irutea, 5.- Matazatzea, 6.- Haria egostea edo Gobada egitea, 7.- Harilkatzea, 8.- Mihiseak edo ehunak egitea. Horretarako beharrezko diren erreminta guztiak lanean ikusteko aukera izango da, goizeko 10:00etatik aurrera museoaren aurrean –euria eginez gero, pilotalekuan–.
Zer diozue Larraulen berreskuratu duzuen Katillutxulo linu-putzuaz?
K.: Linu-putzu hau dena sasiz beteta zegoen. Ez zen ikusi ere egiten. Urtetan putzuan hazitako intsusa zuhaitz batzuk zeuden eta atera egin genituen guztiak. Azpian harkaitzezko losa modukoa dauka eta dena hustu eta garbitu ondoren lortu genuen berreskuratzea. Aldaketa bakarra dauka, jendea gerturatzen denean ondo ikusteko, harrizko pasillo txiki bat gehitu diodala eta hesitu egin dudala animaliak barrura ez erortzeko. Hesiak gainera, beste indar bat ematen dio: bertan zer edo zer badagoela erakusten baitu. Aurrerantzean, ondoan txartelen bat jartzeko asmoa dugu.
Linu-putzuaren azpian urak berak ekarritako lokatza egoten da eta haren gainean enbor batzuk jartzen dira gero linu landarea beratzen jarri eta lokatz tartean zikinduta ez geratzeko. Haren gainean berriz ere enbor batzuk jarri behar dira eta gainetik harriak, egurrak ez altxatzeko.
Katilutxuloko linu-putzuaren ondoan, goitik behera erreka handiagoa etortzen da eta hemen bertan ateratzen den ura biltzen du putzuak. Linu-putzua erabili behar genuenean ez zegoen ia batere urik eta errekatik bertara mangera jarri genuen putzua betetzeko. Orain ez legoke horretarako beharrik, gainezka baitago. Bi ur sarrera dauzka eta irteera ere bai. Guk Murgil mendiaren azpialdeko Katillutxulo linu-putzua berreskuratu badugu ere, jakin badakigu inguruan badirela gehiago.