Zatoz gurekin abestera…!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 25a, 01:00

Kontzertu erakargarria iragarri zaigu igande eguardirako, gonbidapenaren itxura hartzen duen lelo horren pean. Andoaingo Udal Musika Bandak eta Abesbatzak mimoz prestatu duten emanaldia izango da Basterokoa, eta tartean kantari bereziak gonbidatuko dituzte oholtzara igo daitezen.

Kontzertuari itsatsi nahi izan dioten izaera azaldu nahi izan du Mikel Emazabalek: “musikak ez du mugarik ezagutzen, eta beharbada, pentsakera, jarduera edo erakunde ezberdinetako jendea batzeko ezin egokiagoa izan liteke. Ideia hori oholtzara eraman nahi izan dugu, Andoaingo udaleko zinegotzi guztiak eta ikastetxeetako irakasleak oholtzara gonbidatuz, abesti bana elkarrekin abestu dezaten. Horixe izango da kontzertuaren berezitasunik handiena ziurrenik”.

Ezohiko gonbidatu horietaz gain, hiru bakarlarik hartuko dute parte kontzertuan zehar; Rebeca Gestoso, Xabier Sanchez eta Leyre Ricon dira horiek.

Mikel Emazabal eta Katrin Iturralde zuzendari izango dituen kontzertu honetan denetariko musikagile eta estiloak jorratuko dira. Besteak beste, egitarauak Txomin Artola, C-Michel Schönberg, Oskorri, Amaral eta Leonard Cohenen abestiak jasotzen ditu.

Igandearekin, eguardiko 12:30etan hasiko da musika emanaldia. Sarrerarik gabeko kontzertua da, baina komeni da aldez aurretik Basteron gonbidapena jasotzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!