Markel semearen behar bereziei erantzuteko terapiak aldarrikatzen hasi zen Maria Lesaca urnietarra, duela zenbait urte. Urteotan frogatu ahal izan du, zailtasunez beteriko bideari aurre eginez, terapia on eta egonkorrei esker haur horiek garapen handia izan dezaketela. Bizi kalitatea nabarmen hobetzeraino. Etxe barruko esperientzia horretatik abiatuta, Pausoka elkartea sortu eta Hernanin terapiak eskaintzen hasi ziren. 12 familiekin abiatu zen ekimena 110 familirengana zabaldu da. Biderkatze horretan, beraz, Hernaniko egoitza txiki geratu da, eta abenduaren 1etik aurrera zerbitzu berdinak eskainiko dituen bigarren egoitza irekiko dute Urnietan. Astearte goizean aurkezpen ekitaldia egin zuten. Bertan izan ziren Andoaingo eta Urnietako Udal ordezkariak, eta baita Pausoka taldeko bolondresak ere.
Urnietako Udalak eta Pausoka elkarteak hamar urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute, zeinaren bitartez Idiazabal kaleko 13. zenbakiko etxabean terapia eskaintzen hasiko diren. Urnietako, Andoaingo eta Buruntzaldeko haurrei bezalaxe Gipuzkoa osoko haurrei ere zerbitzua eskainiko diete. Izan ere, Pausokako kideen artean aurki daitezke Donostialdeko, Urolako edota Tolosaldeko familia ugari. Baita Hendaian bizi den beste familia bat ere. Terapia ezberdinak eskainiko dituzte sei gela ezberdinetan: Fisioterapia, terapia okupazionala, logopedia, psikologia eta familientzako terapia.
Egoitzan bertan dendatxoa ere ipiniko dute, kamisetak eta bestelako produktuen salmenta elkartearen finantziaziorako diru iturri nagusienetakoa baita.
Mikel Pagola alkateak Pausoka elkartearen lana aintzat hartu zuen: “Udala erabat kontzientziatuta dago izaera horretako egoerekin eta konponbiderik onenak eskaintzeko ahal duen guztia egiten du, eta oraingoan ere hala izan da”.
“Elkartasun handia jasotzen ari gara”
Maria Lesaca Pausoka elkartearen alma mater-ak Urnietako Udalaren eta alderdi politiko guztien aldeko jarrera eskertu zuen. Agerraldian, ordea, behin baino gehiagotan hizpide izan zituen elkarteko bolondresak: “Pausokako kideak behar bereziak dituzten gurasoak gara, eguneko hogeita lau orduak zaintza eskainiz gabiltzanak. Pausokakook bolondresen lanik gabe ez genuke ibilbidearen erdia ere egingo. Elkartasun handia jasotzen dugu Hernani eta Urnietako herritarren aldetik. Beharrean gauden bakoitzean jende askok erantzuten du”. Izen abizenekin bi pertsona nabarmendu nahi izan zituen, egoitzaren egokitzapen lanetan ezinbesteko izan baitira Antton Lekuona bolondresa eta Jorge Segurado zinegotzia.
Esker ona adierazi zien Urnietako Udalari eta korporazioa osatzen duten hiru alderdiei ere, “erantzun bikaina eman digute, eta eskerrak eman beharrean gaude. Gure errealitatearen berri badute, lehendik ere inklusiora begirako egitasmoak egin ditugulako. Esaterako, herriko ikastetxeetan. Lan hori egitearen poderioz, eta gure haurren errealitatea gizarteratuz, herritarren inplikazioa askoz handiagoa izaten ari da”.
Azken lau hilabeteetako lanak amaitzear direla, larunbat honetan egoitza berriaren irekiera ekitaldia egingo dute. Egoitzara bisitaldia egin eta gero, elkartearen kanpoaldean dantza eta musika saioa iragarri dute. Eguraldi txarrak okerrera eginez gero, ordea, ekitaldiak Egape ikastolako jolastoki estalian egingo dituzte.
Lesacak irekiera ekitaldia ospakizun bilakatzea defendatu zuen: “Irekiera polita egin nahi genuen, haurren inklusioan sakonduz. Horrelakoetan egiten ditugun jardueretan nire pentsamendua gure haurrak protagonista izatean dago”.
Goizetik hasi eta eguerdira arte, egoitza berria ezagutu eta haur jarduerez gozatzeko aukera izango da.
Ospakizunak amaituta, datorren abenduaren 1ean hasita terapia ezberdinak eskaintzen hasiko dira egoitza berrian.