Eskolako berritsuek badute euren txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 24a, 01:00

Adunako herri eskolak ekimen berria jarri du martxan. Ostiral goizetan, buru-belarri aritzen dira Berritsu irratian.

Elkarrizketak, txisteak, lehiaketa, eskolako kontuak…, ordubeteko irratsaio osatua prestatzen dute Adunako herri eskolako kideek. Iñaki Pagola irakaslea izaten dute bidelagun prestaketa lan horietan, eta baita emanaldian bertan ere.
Azken bi urteotan Adunan ari bada ere, eskola bat baino gehiago ezagutu du Iñakik bere lan ibilbidean: “Ataungo eskolan ezagutu nuen irratiaren proiektua. Oso emaitza onak ematen zituen, eta Adunako eskolara etorri nintzenean, hemen ere irratia martxan jartzea pentsatu genuen”.

Ostiral goizetan
Lehen hezkuntzako gaztetxoek prestatzen dituzte saioak. Guztira berrogei haur dira, eta, Iñakik azaldu duenez, taldeka banatuta aritzen dira: “Adin ezberdinetako haurrak batzen ditugu talde horietan, lehendabiziko mailatik seigarren mailakoak arte. Txikiek zaharrenengandik ikasten dute modu horretan, eta zaharrenek ere txikiei laguntzen ikasten dute. Neska-mutil bakoitzak zeregin bat izaten du, eta hori prestatzen aritzen dira bi astez”. Taldeak txandakatu egiten dira astero, eta modu horretan, ikasle guztiek hartzen dute parte Berritsu irratian.
Trebetasun asko garatzeko baliagarria da irratia, Iñaki Pagolak azaldu duenez: “Mintzamena lantzen dute, bat-batekotasuna, baina baita irakurketa eta idazketa ere. Izan ere, zuzeneko saioa egiteko, testu guztiak prestatu eta idatzi egin behar dira, eta idatzitako hori irakurri egin behar da gero, zuzenean. Haurrek saiakera handia egiten dute etxean ere, irakurri behar duten hori ondo prestatzen”. Haurrengan garapen handia nabaritu du Iñakik hilabeteotan, eta argi du garapen hori are eta handiagoa izango dela: “Bat-batekotasuna, entonazioa…, hori guztia hobetzen ari dira, eta ikasturteak pasa ahala, geroz eta hobeto egingo dute”.

Lanean, gustura
Pozik ari dira gaztetxoak irratigintzan: “Irratian aritzea noiz egokituko zaien, zain-zain egoten dira. Oso gustura egiten dute. Eskolan landutako gai ezberdinak bistaratzeko modua ematen die; badakite eskolako lagunak eta herrikideak nahiz etxekoak entzuten ari direla, eta horrek poz handia ematen die. Gure eskolan ez dugu testu libururik erabiltzen, proiektu bidez egiten dugu lan, eta irratiak hori guztia borobildu du. Proiektuei beste zentzu bat eman die; besteei eskaintzeko zerbait dira orain, eta modu berezian lantzen dituzte”. Euskara da Berritsu irratiaren hizkuntza nagusia, baina gaztelaniak eta ingelesak ere badute tarterik: “Eskola hirueleduna da gurea, eta hori ere lantzen dugu irratian”.
Haur Hezkuntzako txikiek ere parte hartzen dute irratian. “Musika jartzen dugu diska eskaintza atalean, eta ikasleek hitza hartzen dute; zoriontzeko, agurtzeko…, txikienak ere gerturatzen dira. Pixkanaka, irratia ezagutzeko aukera ematen die horrek. Bestalde, irratsaioan zehar emititzen ditugun grabaketa txikiak ere egiten dituzte”, azaldu du Iñakik.

Elkarrizketak
Iazko ekainean egin zuten lehendabiziko saioa. “Joxerra Gartzia izan zen lehendabiziko elkarrizketatua. Berak lagundu zigun baliabide teknikoak bilatzeko bide horretan, eta eskerrak emateko modua izan zen elkarrizketa hura. Josu Amilibia alkatea hurbildu zitzaigun bigarren saioan. Hari ere eskertu nahi genion irratia jartzeko emandako laguntza”.
Irratiari jarraipena emateko asmoa dute adunarrek. 98,2 frekuentzian entzun daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!