Egitasmoa bi zutabe nagusiren gainean eraiki da: alde batetik, GipuzkoaLab deritzona, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena, hauek ebaluatu ostean eraginkor eta erabilgarri agertu direnak politika publikoetan txertatzeko. Hasiera batetan, lau proiektu nagusitan sakondu nahi da, horietako bi enpresen arloan gauzatuko direlarik: langileen partaidetza, batetik, eta genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea, bestetik.
Bigarren ardatza Gipuzkoa Taldean litzateke, gizarte antolatuarekin elkarlanean. Lurralde gisara Gipuzkoa eta gipuzkoarrok non gauden zehaztu, norabidea adostu eta nola egin aurrerapauso hori gauzatu eta aplikatzen hasteko. Gizarteko hainbat arlotako hirurogei ordezkarik osatzen dute martxan dagoen gogoeta eta gobernantza organoa.
Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Gipuzkoak lurralde aurreratu, jasangarri eta integratzailea izaterainoko bidea egin du azken bi hamarkadatan, baina krisi ekonomikoak sistemaren indargune eta ahuleziak agerian utzi ditu: “Geldialditik nola irteten garen giltzarri izango da etorkizuneko gure eredu sozial eta ekonomikoa zehazteko orduan”. Aldundiaren asmoa Kudeaketa Plan Estrategikoa eguneratzea da, jasotako ekarpenekin eta identifikatutako aurrerakuntzekin.
ESKUALDEKO ORDEZKARIAK
Ekonomiari buruzko hitzorduan Urnietako eta Andoaingo Udal ordezkari eta teknikariak izan ziren, besteak beste, Mikel Pagola Urnietako alkatea eta Jon Zulueta Andoaingo Udaleko sustapen ekonomiko, enplegu eta gazteria alorreko zinegotzia.
Hiru zeharkako ardatz
Egitasmoa osatzeko hiru ardatz garatzen ari dira:
Nazioartekotze sarea: “Proiektua mundura ireki, kontrastea egin eta kanpoko esperientzia aberasgarriekin elikatzea bilatzen du. Hau da, atzerrira irten, proiektu interesgarri eta arrakastatsuak aurkitu eta, lurraldearen errealitatera egokitu ostean, inportatu”.
Ikergune: “Lurraldeko ekosistema akademikoaren aktibazioa du xede, programa ezberdinei babesa eta sostengua emateko. Lau unibertsitateak hartzen ari dira parte”.
Gizarteratze prozesua: “Lurraldearen erronkak eta proiektuaren ondorioak gizartean hedatu, eztabaidatu eta partekatzeko helburua duena”.