Iaz gauaren babeseko animaliak eta aurrez neguko barazkiak edota baserri giroko erreminten sortak aurkeztu ondoren, aurtengoan hegaztiak aukeratu ditu Karlos Irazu eskulturgile larrauldarrak. Atzo eguerdian inauguratu zuen txorien sorta ikusgarria, Kultur Asteari hasiera emanez.
Joan zen udaberrian hasi zen eskultura horiek lantzen eta dioenez, oraindik ez du guztiz bukatu bere lana, txori bakoitzari bere izena jartzearekin batera, bakoitzari dagozkion arrautzak jarri nahi baitizkio ondoan, egurrean eginak. "Txori hauetako bakoitzak arrautza ezberdina egiten du eta ume nahiz helduek ezagutzeko jarriko ditut", azaldu zuen atzoko aurkezpenean. Txori bakoitzaren lumaje eta koloreen arabera, egurrari kolorea ere eman dio Karlosek, benetan txori dotoreak osatuz. Larraulera gerturatzen den ororen gozagarri izango dira aurrerantzean.
Datorren igandera arte, hamaika ekintza izango da Kultur Astearen baitan.
Egitaraua:
Azaroak 21, astelehena
18:00 Larraulgo gazteen eskutik, urteko argazki diaporama ikusgai kultur etxean.
19:00 Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren eskutik Xiberuako maskaradak, pertsonaiak eta zentzua hitzaldia. Johañe Etxebeste hizlari, kultur etxean.
Azaroak 22, asteartea
19:00 Urteak martxan daramatzan Aiztondoko Denbora Bankuaren aurkezpena kultur etxean.
Azaroak 23, asteazkena
19:00 Jakoba Errekondoren hitzaldia eta Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena kultur etxean.
Azaroak 24, osteguna
19:00 Arantzadiren eskutik, gure inguruan eratu zen Saseta defentsa lerroari buruzko hitzaldia. Hizlaria: Karlos Almorza.
Azaroak 25, ostirala
20:00 Putinen guardasola antzezlana San Esteban elizan. Aktoreak: Inaxio Tolosa eta Ramon Agirre.
Azaroak 26, larunbata
09:00 Urte hasieran hasitako Linuaren prozesuari amaiera emango zaio. Bertan, antzinako lanabesak eta linua lantzeko modua ikusgai izango dira.
18:00 Break Dance emanaldia eta ikastaroa Txino eta Neked-en eskutik.
Azaroak 27, igandea
11:30 Mendi ibilaldia plazatik abiatuta. PR-116 ibilbidea jarraituko da. Bidean Ibeltz burdinola, Txuringadi errota edota Sansonen harria ikusi eta auzolanean egindako zubietatik igaroko dira parte hartzaileak.
18:00- 20:00 2017ko egutegiaren argazki aukeraketa udaletxeko atarian eta DINA 7 taldeak antolatutako “Binilozko Euskal Diskoak” erakusketa ikusteko aukera Ekomuseoan.