MENDEKUA OINARRI DUEN DISPERTSIO POLITIKAREKIN AMAITZEKO GARAIA DA
Dispertsio politika duela 27 urte abian jarri zen, Estatu arrazoiak argudiatuta. Ustez, euskal preso politikoak haien senide eta lagunengandik bereiztuta eta haien inguru sozialetik urrutiratuta, euren nortasuna eta izana lausotuko zelakoan. Bistan da dispertsio politikak zauriak , heriotzak eta odolusteko ekonomikoa eragin ditu herri honetan, ondorio horiek Aiztondo bailaran ere izen propioak dituzte, heriotza ezagutu zuen Mikel Zalakainek billabonatarrak gaizki artatutako bihotzekoak emanda, berandu zen Martutenera ekarri zutenerako, istripu andana jasan dute bailara honetako herritar zenbaitek eta gaur gaurkoz oraindik ere, gatazkaren ondorioei eutsi gabe jarraitzen dute, Espainiar eta frantziar estatuek, asteburu honetan ere Aiztondoko herritar asko karreteran ibili dira gora eta behera, haien senide eta lagunak bisitatzen.
Dispertsio politikak ez dauka inolako oinarririk, nazioarte mailako legediak berak halaxe jasota dauka. Ohikoa da Estatu espainiar zein frantziarra, nazioarteko legediari jaramon egin gabe salbuespenezko legediak aplikatzen ikustea, herri honen historian askotan ikusi dugu, euskaldunontzat ad hoc egindako legediak, eta dispertsioa horixe bera da, ad hoc egindako legedia, presoak makurtzeko aitzakian senideak zigortzen dituena etengabe. Inpunitate osoz, asteburuoro.
Hori gutxi balitz, euskal presoei zuzendutako neurri bereziak ezarri eta aplikatzen dituzte, isolamendua, kondena beteta duten presoak kartzelan mantentzea, frantziar estatuan arrazoi beragatik pasatako kartzela urteak ez kontuan hartzea etab. Eta zer esango dugu, inolako lotsarik gabe larri gaixorik eta espetxean mantentzen dituzten presoen kasuetaz. Onartezina da, Estatu batek gaur herri honek bizi duen abagunean gaixorik dauden euskal presoei etengabe zailtasunak jartzen aritzea. Gaixo dagoenak, zaintzarako eskubidea du orokorrean baita presoa bada ere. Zer bilatzen espainiar estatuak Ibon Iparragarriren osasun egoera muturreraino eramanda? hori ez al da mendekua?
Euskal presoen eskubideak urratzen dituzten neurri hauek ez dira legalitate irizpideen arabera hartuak izan, unean uneko interes politikoen arabera baizik. Azken urteetan argi geratu da espainiar gobernuak ez duela Euskal Herrian sortu den egoera politiko berrian bakea lortzeko inolako urratsik emateko borondaterik, eta entzungor egiten dio dispertsioaren amaiera eskatzen duen euskal gizartearen gehiengoari.
Aiztondo bailaran oso ondo ezagutzen dugu dispertsio politika anker honek presoen senide eta lagunentzat dakartzan ondorioak. Presoak bisitatzeko astero ehunka edo milaka kilometro egin beharrak sekulako ahalegin erantsia sortzen du, odoluste ekonomikoa, istripuak izateko arriskua (gogoan izan nahi dugu dispertsioaren eraginez 16 euskal herritar hil direla errepideetan), nekea, presoen ezinegona etab.
Ezin aipatu gabe utzi Nekane Txapartegi gure herrikidearen egoera. Asteasutik milaka kilometrotara, Suitzako kartzela batean, bizi baldintza oso gogorretan, erabateko ziurgabetasun juridikoan, espainiar estatuaren eskuetan basatiki torturatua izan ostean berriro ere bere eskuetara itzultzeko arriskuan.
Bestalde, munduan zehar barreiaturik dauden euskal iheslari politikoak ere aipatu nahi ditugu eta gatazkaren konponbidearen testuinguru honetan, pertsona hauek bizi duten egoera ere konpondu beharreko afera da.
Bada garaia behingoz eskubide urraketa hauekin amaitzeko, baina horretarako ezin dugu geldirik edo zain egon, Euskal Herrian bertan dago giltza eta denon artean lortu behar dugu Dispertsioarekin behin betirako amaitzea. Gu, gure konpromisoak berretsi eta behar diren berri guztiak hartzeko prest agertzen gara Aiztondoko herritarren aurrean.
Amaitzeko, hemen bildu garen hautetsi eta alkateok bat egiten dugu gaurko egunez antolatu den Aiztondora egunarekin eta herritarrak gonbidatzen ditugu antolatu diren ekimenetan parte hartzera.
Asteasun, 2016ko Azaroaren 19an