Dozenaka lagun Axier Oiartzabalen aldeko giza-katean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 24a, 01:00

15 urte espetxean igaro dituela eta, haren lagun eta senideek presoaren aldeko ekimen sorta antolatu dute. Larunbat arratsaldean giza-katea egin zuten Goikoplazatik Zumea plazara.

 

Taula gainetik Lontxo Oiartzabal presoaren osabak, honako adierazpena egin zuen, bertan ziren pertsona ugari hunkituz: “Gazte zelarik hartu zuen erabaki batengatik ordainetan omen dago espetxean Asier, esaten digute Frantziako justizia arduradunek. Bergizarteratzeko beharra omen du eta horregatik egon behar omen du espetxean, askatasunik gabe. Legeek diotenez,  espetxeko bizimoduak espetxeratua bergizarteratzeko gaitu behar luke. Ikerketa guztien emaitzek, aldiz, kontrakoa frogatzen digute. Zakartu, zekendu eta berekoitu baino ez du egiten espetxe barruko baldintza eta harremanek. Espetxeak ez du, beraz, legeak dioena betetzen”.
Gizatasunaz ere hitz egin zuen, espetxe politikan aurkitzen ez duen gizatasunaz: “Gaur egun indarrean dagoen espetxe legedia ez dago gizatasun jator baten ikuspegi eta irizpideetan oinarrituta. Oso bestelakoa da: gorrotoa eta mendekua dira egoera horren gidariak. Asierrek orain urte asko hartutako erabakiekin ados egon edo ez egon, horrek ez du esanahi ordea espetxeratuek gorrotoaren eta mendekuaren pozoietan murgilduta bizi behar dutenik, ez eta espetxealdia zentzurik luzatu daitekeenik. Gandhik adierazi zigunez, gorrotoa eta mendekua ez dira baliabide egokiak gizarteko gatazkak konpontzeko orduan. Gehiago oraindik: hondamendira bideratuko lukete gizartea”.
Bere ustean, Asierrek bergizarteratzeko baldintzak betetzen dituela erakutsi du: “Espetxeko baldintza eskasetan bizi izanik ere, maitasunean oinarritutako familia bat eraikitzeko erabakia hartu du Ainhoarekin batera. Eta hortxe dago, maitasun erabaki horren fruitu, Intza txiki maitagarria. Espetxeetako giro zekenean horrelako erabakia hartzeko gai dena, gizartean ere erantzukizunez bizitzeko gaiturik dagoela erakusten ari da. Horregatik Asierri esan nahi diogu: etxean nahi zaitugu, familian behar zaitugu, Ainhoarekin eta Intzarekin batera herrian bizitzen, lagunartean indartzen. Asier, Ainhoa eta Intza maite ditugulako, nahi dugu, behar dugu Asier gure artean”.
Txalo artean agurtu zuten ikusleek Lontxo Oiartzabalen adierazpena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!