Tratu on, indarkeria matxistaren aurkako ekitaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 18a, 01:00

Azaroaren 25ean Emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako eguna dela-eta, hainbat ekitaldia antolatu dira Tratu On lemapean. Andoaingo udal alderdiak eta Andoaingo sail ezberdinak (udal ludoteka, gazte lokala eta kale hezitzaileak) elkarlanean jardun dute horretarako.

Atzo egin zuten aurkezpena guztiek ere. Bertan, Esti Mujika zinegotziak adostu den manifestua irakurri zuen:

“Datorren astean 25aren emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako eguna dela eta, eta beste urte batez emakumearen aurkako indarkeria mota guztien aurka gaudela eta hori ez ezik indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere badagaudela esateko, irtengo gara kalera. Egun hori aldarrikapen egun bat da guretzat. Indarkeria matxistaren alderdi ezberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna, hain zuzen ere.

Izan ere, emakumearen kontrako indarkeria etxeko gai pribatu bat izatetik jendartearen eta politikarien arlora zabaldu da azken hamarkadan. Hain zuzen ere, argi geratu denean indarkeria matxistaren jatorria ez dagoela gizon biolento batengan edo burua galdu duen gizon batengan. Berdintasunik eta orekarik gabeko jendarte harreman jakin batzuetan baizik.

Egia da momentu hauetan legez, zerbitzu eta salaketa eta politika publiko gehiago dauzkagula eskura, indarkeria matxistari aurre egiteko. Eta hori egia da.

Alabaina, indarkeria hori ez da inondik inora murrizten ari eta indarrean jarraitzen du gure jendartearen eremu guztietan. Horregatik, esaten dugu desorekak indarrean jarraitzen duen bitartean indarkeria matxista hor egongo dela, botere harreman desorekatu horri eustea delako hain zuzen ere, indarkeria horren funtsa.

Hortaz, emakumea izate hutsagatik indarkeria jasateko aukera txikiena dagoen bitartean, gure herrian ez dugu bakea edo normalizazioa lortuko. Zentsu horretan, beharrezkoa dugu egunerokotasunean botere harreman horiekin haustea, eta horretarako, jendarteko eremu guztietan lanketa berezia egitea ezinbestekoa dugu.

Ildo horretan prestatu dugu azaroaren 25aren testuinguruan prestatu dugun egitaraua, gizarte zerbitzuaren saila, gazte lokala, kale hezitzaileak eta udal ludoteka aritu gara horren prestaketan”.

 

Egitaraua:

* Asteartea, 22

Diego Lermanen Refugiado filmaren emanaldia, eta ondoren solasaldia Iratxe Fresnedarekin. 18:30etan Basteroko ekitaldi aretoan.

 

* Osteguna, 24

Gazte lokala, udal ludoteka eta kale hezitzaileen eskutik, Plaza Morea ekitaldia Zumea Plazan.

Selfie lehiaketa (sari banaketa)

Hastaka tratu ona andoain

17:00: Txapa eta “ni neu” silueta tailerra.

17:00: Autodefentsa ikastaroa (Ismael Mateorekin).

18:30: Zunba ez sexista saioa Leire Rekalderekin.

19:00: Flash-mob.

19:30: Batukada Feminista.

Aldi berean, arratsaldean zehar, panelak jarriko dira nahi duenak nahi dituen ideia eta proposamenak jartzeko.

 

* Ostirala, 30

09:00-21:00. Autobus ibiltaria, berdintasunaren aroa. Zumea Plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!