Joxe Mari Olazabal saria Felicidad Diez Martinezi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 18a, 01:00

Caritas elkarteak urtero antolatzen duen saria da, “Joxe Mari Olazabalen Bidea” izenekoa. Andoainen hurkoaren alde diharduen elkarte edo pertsona jakin bati esker ona adierazteko sortu zuen, duela urte batzuk. Felicidad Diezek, Andoaingo zahar egoitzan bizi diren adineko pertsonekin erakusten duen eskuzabaltasuna eta goxotasuna nabarmendu nahi izan dute. Agian ez da oso ezaguna izango herrian, baina urteak daramatza musutruk lanean, isilean eta ordainean ezer eskatu gabe.

Hain zuzen, hogeita hiru urte daramatza, astero-astero, zaharren egoitzan bingoa antolatzen. Entretenimendu handiko jarduera izan ohi da bertakoentzat. 
85 urte ditu Felicidad Diezek. Soriako Omeñaca herrian jaio zen, baina gaztetan Andoainera etorri zen Benedicto Asensio senarrarekin bizitzera, eta bertan bizi da harrezkero. Alargun geratu zen orain dela 23 urte, eta seme-alaba, iloba eta biloba ugari ditu bertan.  

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 9an
"Joxe Mari Olazabalen Bidea" sari-ematearen ekitaldia Basteron egingo dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!