Aniztasuna egitaraua aurkeztu du Udalak. Kultura, generoa eta hizkuntzari erreparatu diozue. Zeregin handia dago egiteko oraindik?
Josune Mayor. Gaia mahai-gainean jarri genuenean, Sustapen sailetik bideratzea erabaki genuen. Azken finean elkarbizitza prozesu bat delako. Prozesu migratzaileetan, behin agiri ofizialak eskuratuta, etxebizitza eta lana eskuratzea bi oinarrizko zutabe dira. Baina bada beste elementu bat, garrantzia handia duena, eta hori alor psikologiko-soziala da. Bi elementuak elkar lotzea ezinbestekoa da, eta horretarako harrera egingo dizun gizartearen jokabidea funtsezkoa da.
Beraz, azaroaren 10ean hasi eta abenduaren 11ra bitarte luzatuko den egitaraua Urnietako populazioari bereziki zuzenduta dago. Sentsibilizazio fase bat da, kultur adierazpen eta artistiko ezberdinen bitartez urnietarrarengana iritsi nahi dugulako. Migratzaileen eta baztertuen errealitatearekiko sentiberatasun handiagoa lortuko bagenu, helburu nagusienetakoa lortuta legoke.
Harrera plana martxan jarri nahi du Udalak. Zer aurrera daiteke?
J.M. Hasteko eta behin, kezka bat jarri beharko genuke mahai gainean. Migranteak ikusezin samar direla esango nuke. Adibide bat jarrita, kultur edota haur jardueretan bereziki ez ditugu ikusten. Kultur eta gizarte mailan, agerpenaren aldetik, hutsune edo haustura bat dagoen kezka daukat. Eta kezka horretatik galdera bat sortzen zait niri: migrante askok badakite kultur edo aisialdi espazio horiek eurentzat ere badirela? Horretan sakontzea garrantzitsua dela deritzot, eta besteak beste, arrazoi horiengatik 2017an harrera plana aurrera eraman nahiko genuke.
Etortzen direnek ikuspegi materialista batetik premiazko beharrak dituzte, hala nola, lana aurkitzea eta bizitzeko etxebizitza bat izatea. Baina horri beste elementu bat gehitu behar zaio, sozializazioarekin lotuta dagoena. Kohesio sozialaz ari naiz, eta hori oso inportantea da elkarbizitza areagotu nahi badugu.
Harrera planari buruz, Urnietara etortzen den edozein pertsonak bere burua ahalik eta ondoen kokatu behar du maila pertsonalean, eta baita maila sozialean ere. Agerikoa da oso ezberdina dela Errenteriatik edota Magreb aldetik etortzea. Distantzia geografikoa geroz eta handiagoa den heinean, distantzia kulturala ere handiagoa da.
Eredu ezberdinak daude. Badira herriak zeinean alkateak sei hilabetean behin harrera modukoa egiten dien erroldatu berri guztiei, eta bilkura horietan Udal zerbitzuen berri ematen zaien: zein hizkuntza dauden herrian, ikasteko zein aukera dauden,... Era berean, erroldatu berri horien beharrak jasotzen dira. Beste herri batzuetan gida modukoak egin dira, hizkuntza ezberdinetan.
Protokolo modukoa landuko al duzue?
J.M. Lehenik eta behin migranteen sarbidea aztertu behar dugu. Batetik, erroldak balio handiko informazioa ematen digu. Pertsona horietako batzurentzat Gizarte Zerbitzuen lansaila beste sarbide modukoa da eta, azkenik, Gazte Informazio Puntua aipatu beharko genuke. Arratsaldez zabalik dagoen Udal zerbitzu bakarrenetakoa izanik, etorkinek informazio eske horra jo izan dute. Galdera asko eta ezberdinak egiten dituzte.
Horregatik harrera plana lantzen hasten garenean, sarbide horiek identifikatu egin beharko ditugu. Eta jarraian Udal langile horien esku lana erraztuko dion informazioa utzi beharko dugu.
Etorkinen jatorria asko dibertsifikatu da azken urteetan...
J.M. Halaxe da. Portugal, Errumania, Bulgaria eta Maroko herrialdeetakoak dira kopuruan Urnietan gehien bizi direnak. Baina beste berrogei herrialde ezberdinetako bizilagunak ditugu, mundu zabalekoak. Horiek, ordea, oso kopuru txikian dauzkagu: Boliviarrak bost, indiarrak zortzi, hondurarrak bederatzi.
Urnietan oso anitza da etorkinen jatorria eta horrek egoera interesgarrian jartzen gaitu: Hain komunitate txikiak izatean elkarbizitza lantzeko aukera asko errazten da.
Ezin alde batera utzi etorkinekiko sortzen den mesfidantza eta zabaltzen diren zurrumurru gaiztoak. Zer erantzungo zenuke zure esperientziatik?
J.M. Zurrumurruak egon badaude eta horregatik dira hain garrantzitsuak Udal jarduerak antolatzea. Landu beharreko kontua da, alde batetik, zurrumurru gehienak ez direlako datu objektiboetan oinarritzen eta gezurra izaten direlako. Eta bestetik, mestizajea aberastasuna dela sinetsita nagoelako. Zurrumurruen aurka Udal administrazioak mezu positiboak eskaini beharko lituzke, eta ezberdinen arteko loturak sendotzen lagundu. Mesfidantza horiek gainditzeko lagungarri izango da.
Ez dugu ahaztu behar, halaber, euskaldunak ere migranteak izan garela. Hori ukatzea gure historia ukatzea litzateke. Zer da ba munduko historia, migrazioa ez bada? Gizakien historia, Neanderthal garaian hasita, migrazioaren historia da.
Mugei eutsi eta harresiak jartzearen aldeko mezuak indartzen ari diren garaiotan norberaren aberastasuna babestu nahi da. Baina migranteak, gu bezala, pertsonak dira eta planeta bakarrean bizi gara. Alde horretatik igande honetan antolatu dugun “Arizona” antzezlana ikustea oso ariketa interesgarria da.
Antzerkia
Urnieta
Azaroak 20, igandea
19:30. Sarobe. 4 euro.
“Arizona” antzezlana: Genero indarkeria eta homofobia hizpide dituen antzezlana. Estatu mailako Max sari gorenak jaso ditu.
Sarrerak dagoeneko salgai.