Malen Otxoaren egonaldia Peru aldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 17a, 01:00

Malen Otxoa andoaindar gazteak bi hilabete igaro ditu Ayacucho hiriko (Peru) auzo txiro batean, haurrei sexologiako ikasketak eskainiz. Sorterrian eta bizimodu arruntean nekez ikasten diren ikasgaiez beteta itzuli da etxera, eta horietako batzuk kontatu dizkio Aiurri astekariari.

 

Zer dela eta joan ziren Perura?
Malen Otxoa:
EHUn erizaintzako ikasketetan sexua, generoa eta garapena deituriko ikasgaia dugu. Medicus Mundiren bitartez, Perun klaseak emateko bi hilabeteko egonaldia eskaini ziguten eta izena eman nuen. Kurrikuluma bete nuen, motibazio pertsonalak erantsiz. Ezustean, hautatuetako bat izan nintzen. Azkenean, bi erizain joan ginen Ayacuchora; hiri handia da, eta hirigunetik kanpo dagoen eskola batera bidali gintuzten.

Hemen ikasle eta han irakasle…
M.O.:
Bai, egia esanda, egitasmoak beldur pixka bat ematen zigun guri, arrazoi asko zirela medio. Errespetua eragiten zidalako ni ezer irakastera joan beharrak. Bestetik, jakina da Hego Amerikako parte handi batean, generoaren ikuspegitik nahiko kaskarra dela emakumearen egoera. Behin hara joanda, horixe kontrastatu ahal izan genuen. Sexologia aztergai tabua da; horretaz hizketan jartzen bazara jarrera sexistak xaxatzen ari zarela iruditzen zaie. Eta beraz, zenbat eta informazio gehiago eman, orduan eta okerragoa dela. Ez bada aipatzen, ez da existitzen; hori da mentalitatea.
Segurtasun falta izan zen kontrastatu ahal izan genuen hirugarren arrazoia, beldur pixka bat eragiten ziguna. Badakizu, bi emakume gazte, kanpotarrak eta zuriak… Behin, esate baterako, taxi batean sartu, eta gidariak okerreko bidea hartu zuen. Kale estu eta ilun batetik sartu nahi izan gintuen. Ordurako bidea ikasita geneukan, eta geure urduritasunean, atzeko atea ireki eta salto egiteko prest geundela esan genion behin eta berriro. Azkenean, bide zuzena hartu zuen.
Errezeloak alde batera utzi, eta hara joatea erabaki genuen, eta eskerrak animatu ginen! Oso-oso baliagarria izan zaigu.

Zer irakasten saiatu zinen ikas geletan?
M.O.
Sei eta hamabi urte bitarteko haurrei tailerrak ematea egokitu zitzaidan. Ez nintzen batere eroso sentitu hasieran, “señorita“ deitzen baitzidaten, eta batez ere, azal zurikoa izateagatik denetik jakin behar nuela uste zutelako. Sexologia zen gaia, baina azkenean denetik jorratu behar izan nuen: autonomia pertsonala eta autoestima, biolentziaren prebentzioa… Geografiaz ere aritu behar izan nuen. Izan ere, gertu-gertuko errealitatea besterik ez dute ezagutzen. Horrenbestez, mapa bat hartu, eta mundua eta bere kontinenteak deskubritzen lagundu nien ikasleei. Izan ere, gutako bakoitza non gauden kokatzen jakin behar dugu, gureaz gain badirela beste lurralde, mundu eta kulturak, bizimoduak… Ideia hori ez baduzu barneratzen, zurean ixten zara, eta beste aukerarik ez dagoela iruditzen zaizu. Hango sistema bera da itxikeria hori sustatzen duena, herritarrek pentsa dezaten Perutik kanpo ez dagoela beste mundurik, beste bizimodurik. Esatera baterako, hango elikagai askok etiketetan Perun eginak direla jartzen dute, nahiz eta ekoizlea multinazional bat izan.

Haientzat normaltasunez bizitzen diren gauza asko auzitan jartzea egokitu zitzaizun beraz.
M.O.:
Bai, eta ezintasuna sentitu nuen maiz. Oso oinarrizko esplikazioak eman behar izan nizkielako. Haietako askorentzat normalena da aita ez ezagutzea. Tratu txarren inguruko bideoren bat jarri nien behin biolentzia egoerak detektatzeko asmoz, eta bat baino gehiago berehala hasi zitzaidan esanez aitak ama bizkarra belztuta uzten zuela egunero, eta galdetuz ea hori okerreko jokabidea ote zen... Ezezagunengandik ezer susmagarririk ez hartzeko mezua zabaltzen nien, baina ondorengo egunetan etortzen zitzaizkidan esanez ez dakit nortzuk super ahalmenak edukitzeko bitaminak pintxatu zizkietela parkean.  
 
Inpotentzia aipatu duzu…
M.O.:
Bai, argi dago hemengo mentalitatearekin joanda hango mila egoera jar ditzakezula auzitan, eta jokabide zuzenari buruzko irizpideak ematen saiatu zaitezkeela. Baina gero errealitatearekin egiten duzu topo, aldarrikatzen ari zarena babesteko euskarri legalik ez duzula. 
Nolanahi ere, nik atera dudan ondorioa argia da: txirotasuna nagusi den egoeratan, jakina, ezinbestekoak dira politika eta egitura mailako aldaketa handiak. Baina jai dugu horien zain geratzen bagara. Horrexegatik, garrantzia itzela dauka hezkuntza lantzeak, behe-beheko mailatik. Gaztetxo baten etorkizun beltzean eragin nahi baduzu, hortik jo behar duzu. Buruan kortozirkuitua eragin behar diozu, gaitasun kritikoa gara dezan bere errealitatea auzitan jartzeko. Hori bi hilabeteetan ezinezkoa da lortzea, gu joan ginen bezala. Luzaroko egitasmoa behar du izan.

Hego Amerikatik datorkigun reggaetoi estiloa kritikatu izan da sarri... Zu musikaria zaren aldetik, gai hori jorratuko zenuen, ezta?
M.O.:
Oso gizarteratua dago genero hori, hemen baino gehiago. Izugarriak dira letra batzuek, batzuetan gordinki eta bestetan modu sotilagoan sartzen dizkiguten mezuak, “Yo no soy nada sin ti”, “te voy a dar duro, aunque tú no quieras” eta antzekoak. Doinu kutsakorrekin aurkezten dizkigute, eta maiz ez gara konturatzen zer ari garen abesten eta ze motatako ideiak barneratzen...  
Bada, lehiaketatxoa antolatu genuen ikasleekin: doinuak errespetatuz letrak aldatzea proposatu genien. Baina ez dakit zenbaiteraino lortu genuen nahi genuena. 

Zer ikasi duzu hango egonalditik?
M.O.:
Nahiko ezkor itzuli nintzen etxera, hango egoera penagarrian pentsatuz, pertsonalki apenas egin nuela ekarpenik… Baina egunak aurrera egin ahala, jaso ditudan irakaspenak nigan nagusitzen joan dira. Hasteko, badaukagula zer ikasia ekonomikoki txiroak diren leku horietako biztanleengandik; materialista hutsak garela eta askoz ere gutxiago edukita ere, zoriontsuak izan gaitezkeela. Alde horretatik, mendebaldeko biztanleei ondo etorriko litzaiguke haiekin bizitzea bolada batean, ea geure egoa apaltzen den.   
Maila pertsonalagoan, Peruko egonaldiak gazteleraz hobeto mintza nadin lagundu dit, eta batez ere, komunikazioaren garrantziaz ohartarazi dit. Alegia, mentalki ondo antolatzen baduzu zer adierazi nahi duzun, gaitasun komunikatiboan ere asko edukiko duzula irabazia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!