Ganbera piezak Senperena musikariaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 17a, 01:00

Donostiarra bakarkako disko berriena aurkeztera dator. Ez ditu kontzertu gehiegi ematen, dena esatera. Horrexegatik Basteron eskainiko duena aukera bakan horietakoa da. 
Senperena sortzaile emankorra izanagatik ere, musikari gisa askoz ezagunagoa da. Milaka lagunen aurrean aritzen den Fito & Fitipaldis taldeko kideak ganbera musikarako piezak konposatzen ditu.

9 ganbera pieza
ZUZENEAN ARITUKO DIREN MUSIKARIAK

Joserra Senperena, pianoa
Xabier Gil, biolina
Elena Escalza, celloa
Jose Miguel Chirivella, klarinetea
Patxi Tardío, tronpa
Francesca di Nicola, harpa
Ander Zulaika, perkusioa

AZAROAK 19, LARUNBATA
20:00. EKITALDI ARETOA

 

Argia astekariak eskatuta, Jon Ander Ubeda Aiurriko zuzendariak elkarrizketa egin zion Joserra Senperenari. Hona elkarrizketa hark eman zuena.

9 Ganbera pieza diskoa jarri eta film areto batean ikusten dut nire burua, garai bateko film baten aurrean...
Joserra Senperena
. Musika instrumentala entzuteko ohiturarik ez dago, normalean. Eta orduan horrelakoetan musika estilo hori berehala zinemarekin lotzeko joera izaten da. Bestalde, egia da film asko ikusten ditudala. Musikarik onena zineman egiten da gaur egun.

Zinema lan ildo interesgarria izan daiteke zuretzat. Lan egiteko abiapuntua, ordea, oso desberdina litzateke...
J.S.
Halaxe da. Nire disko bat egiteko garaian, etxean abiapuntu zehatzik gabe trantzean sartzen naiz. Enkargu edo proposamen bat jasotzean, hainbat baldintza bete behar dira. Horrelakoetan abiapuntua zein den argi izaten da, beraz, lan egiteko garaian oso desberdina da.

Zure emozioen isla izatera irits daiteke 9 Ganbera pieza disko berria?
J.S.
Obra bakoitzaren atzetik autorea dago, saihestezina da hori. Rafa Berrio kantariak ezin hobeto deskribatu zuen hori. Bere hitzak nire eginez, diskoa hein handi batean fikzio autobiografikoa da.

Elkarren artean oso ezberdinak diren diskoak egiten dituzu...
J.S.
Nire obran pentsatzen jartzen naiz, nire diskografian, eta lehen diskotik azken diskora arte ildo bat badagoela iruditzen zait. Egia da, lehen diskoa eta azkena oso ezberdinak dira, baina guztietan ezaugarri batzuk errepikatzen dira: melodiaren protagonismoa hor egon da beti, esaterako. Eta bestetik disko bakoitzean kantuen artean erritmo eta harmonia aldaketa ezberdinak aurki daitezke. Ez ditut disko homogeneoak gustuko.

Zortzi disko egin dituzu baina interprete bezala ezagunagoa zara. Kontrazalak “Joserra Senperenak sortua” dio.
J.S.
Lehen diskoetan abiapuntua neronek jartzen nuen, eta musikari bakoitzak inprobisazioaren bitartez bere aletxoa jartzen zuen. Azken bi diskoetan musikariei partiturak eman eta hori jo dute. Musika klasikoan ohikoa da hori.

Musikari guztien lana zerorrek sortu eta partitutara pasa zenuen. Burutik paperera, pianoa tarteko?
J.S.
Orain arte, disko guztietan eta jasotako enkargu guztietan, pianoa gertu izan dut beti. Disko honetan nire pianista izaera alde batera uzten ahalegindu naiz. Eta etxeko beste txoko batean paperaren aurrean jarri eta melodiak trantzean sortzen saiatzen nintzen. Behin melodia sortuta, pieza garatzen hasten nintzen: harmonizazioa, instrumentazioa...     
Diskoaren aurkezpen ekitaldian Paul McCartneyk Beatles taldearen antologian kontatzen zuena aipagai izan nuen. Egun batean Yesterday kantuaren melodia buruan zuela esnatu zen. Erantsi zien harmonia eta Georges Martin ekoizleak egindako hari laukotearen moldaketa ondoren iritsi ziren.

Melodiak sortzeko berrikuntza hori dela eta, disko kuttuna izango al da zure diskografian?
J.S.
Normala denez, nire azken disko hau onena da niretzat. Gehiago identifikatzen naiz disko honekin. Ausarta izan naizen irudipena izan dezaket, baina disko bat egin dudan aldiro sentipen bertsua izan dut. Aurrekoa bere garaian ere ausartena iruditu zitzaidan.

Amy Winehouse kantariak zioenez, sorkuntzari ekin zion buruan zuena ez zuelako beste inon topatzen...
J.S.
Nik neuk, hogei urte nituenean, egin nezakeen musika oso txarra izan zitekeela pentsatzen nuen. 35 urterekin edo, Winehousek dioen antzeko zerbait burutik pasa zitzaidan. Eta horrela hasi nintzen, sorkuntzan. Beste artista edo taldeentzat lan egiten duen musikariaren ogibidea polita da, jarraituko dut hori egiten. Baina sorkuntzarik gabe, hankamotz sentituko nintzateke.

Fito & Fitipaldisen entzuleentzat harrigarria izango da taldeko pianistak ganbara piezak sortzen dituela jakitea...
J.S.
Ulertzen dut hori. Nire ama hizkuntza pop musika da, maiz jo izan dut pop musikara eta horrela egingo dut etorkizunean. Errazen egiten zaidan estiloa da. Baina gaur egun musika garaikidea edo klasikoa buruan dut eta gainera musika hori grabatzeko aukera daukat.

Goazen hasierara, egin beharreko lehen galderara. Noiz hasi zinen 9 ganbera pieza sortzen?
J.S.
10 Trio Piano, Biolin eta Akordeoirako aurreko diskoarekin lortu nuen emaitzarekin pozik geratu nintzen. Lan berrirako denbora behar nuen, ezer baino lehen. Hiruzpalau hilabete jarraian niretzat hartu nituenean 9 ganbera pieza sortzen hasi nintzen. Orkestra handi baterako zerbait idazteko gogoa banuen, eta hortik abiatu nintzen. Baina arrazoi ezberdinak tarteko, orkestra lan bat aurrera eramatea oso zaila izango zela eta, talde txikiago baterako konposaketa lanari ekin nion.

Industria dagoen moduan egonda, zein balio du zuretzat disko bat egiteak?
J.S.
Nire belaunaldiko gehienek bezalaxe, nire lana formatu fisiko batean ikusi behar dut. Gaur egun izango dira musika hori zabaltzeko eta ezagutarazteko moduak, baina neu oraindik nire lana disko batean ikusi behar dudan horietakoa naiz. Jakin badakit disko hauek ez direla asko saltzen, baina Elkarrek apustua egin du eta alde horretatik zorionekoa naiz.

Zuzeneko gutxi eskaintzen dituzu. Sonic Youth-eko Kim Gordonek bere biografian dioena oso baliagarria da zure diskorako ere: berak dioenez, oholtza beste inon topatu ezin daitekeen edo beste inon espresatu ezin daitekeen horrekin bete behar den espazioa da...
J.S.
Zuzenekoa musikan nabarmendu behar den beste alor garrantzitsu bat da. Diskoak sorkuntza lanaren ondorio dira. Zuzenekoa errepikatuko ez den une hori da. Oso zaila da zuzeneko on bat egitea. Normalean arazo tekniko asko izaten da, eta beharbada egun horretan musikaria burukominez igotzen da taula gainera.
Ez da gehienetan gertatzen, baina den-dena alde dagoenean, zuzenean sortzen den energia kolektibo hori sentitzea magikoa izatera irits daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!