Hondakin bereziak biltzeko etxola jarri dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 15a, 01:00

Tolosaldeko Mankomunitateak, Ekograsekin batera,  hondakin arriskutsu eta bereziak jasotzeko etxola jarri du Danena futbol zelaiaren ondoan. Orain arte, Zizurkilen, Udaletxeko bulegoetara joan behar zuten etxeko hondakin arriskutsu eta bereziak botatzeko edota Garbigunera eraman behar izaten zituzten herritarrek. Trena elektriko txikiak, pilak, autoen bateriak, CD eta DVDak, margoak, aerosolak..., ondo sailkatuta uzteko aukera ematen du etxolak:

Etxola hau jartzearekin herritarrei erraztasun gehiago eskaintzea izango da helburua, hala, hondakin arriskutsuen kudeaketa ere hobetzea lortzeko. Herritarrek eskuragarriago izango dute hondakin mota hauek eramateko gunea, eta horrek erabilera handituko duela aurreikusten da.

Honakoak dira etxola honen bidez bilduko diren hondakin berezi eta arriskutsuak:

  • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: batidorak, plantxak, patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak...
  • Kotxeko bateriak
  • CDak eta DVDak
  • VHS bideo zintak eta musika kaseteak
  • Merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan)
  • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak
  • Erradiografiak
  • Aerosol beteak edo erdi beteak
  • Disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan, isuririk egon ez dadin)
  • Tinta eta toner kartutxoak
  • Margoak eta brotxak (ondo itxita)
  • Motore olioa (plastikozko bidoietan eta ondo itxita)
  • Fluorezenteak, kontsumo baxuko bonbilak eta halogenoak

Etxolak, zulo desberdinak ditu eta herritarrek dagokion lekura botako dituzte hondakin arriskutsuak. Horretarako, zulo bakoitzak forma desberdina du eta irudi zein testu bidez lagundurik egongo dira guztiak.

Tolosan San Blasen dagoen garbigunea eta Andoaingo Leizotz industriaguneko Garbigunearen bidez ere kudeatzeko aukera badago aipatutako hondakin arriskutsuak baina etxola hauen bidez, zerbitzua eskuragarriagoa da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!